Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak
Nork bere bizitzari buru egin behar izaten dio egunero, baina badira sortzez besteek baino pribilegio gehiago dituztenak. Usu erraten da heriotzak dituela gizaki guztiak berdintzen, baina, horretan ere, pribilegioek baldintzatzen dute berdintasun hori, fiteago hilko baita, segur aski, gaizki sendatua dena, jipoitua dena, hilka ari dena lanean edo jateko dirurik aski ez duena. Deusek ere ez ditu berdintzen gizakiak; halere, badirudi ondoko belaunaldi denek ber katastrofeari buru egin beharko diotela: haien ekosistema haizeek harrapaturik, urek itorik, lurrek ikaraturik eta sugarrek errerik desagertzea. Ingurumenaren aldeko borroka eramatea gizakiaren aldeko borroka eramatea da, desberdintasun sozialak oraino gehiago gaizkitu ohi baititu klima larrialdiak; hori biziki argi du Amelie Winigerrek, Surfrider ozeanoen defentsarako gobernuz kanpoko erakundeko boluntarioak: «Bat ez doa bestea gabe».
Surfrider fundazioa mundu osoan zabaldua da, Amerikako Estatu Batuetan, Brasilen, Japonian, Kanadan, Argentinan, Australian, Marokon, Frantzian eta baita Euskal Herrian ere; zehazki, Lapurdiko kostako adarra dute Miarritzen, eta, munduko beste tokietan bezala, ekintzak, ikerketa zientifikoak, komunikazio kanpainak eta lobby lanak bultzatzen ditu ozeanoaren, uhinen eta itsas hegien babesteko. «Ozeano guziez arduratzen da Surfrider, baina ozeano bakarra da, azkenean, hil ala bizikoa zaiguna», azaldu du Winigerrek.

Lapurdiko kostako adarrean hamar eta hogei boluntario artean izan ohi dituzte, urteko garaien arabera. Hilabete bakoitzeko lehen ostegunean biltzen dira denen artean puntua egiteko eta ardurak banatzeko. Talde zabalago bat ere badute, 40 bat pertsonakoa: boluntario horiek ez dira bilkuretara hurbiltzen, baina ekintzetan parte hartzeko prest agertzen dira.
Hartu eta eman
Boluntario izateko hautua zera da, nolazpait: nork bere egunerokotik denbora tarte bat hartu eta kausa baten alde emateko hautua. Jean François Cazaubon Jeff-ek erretretan sartu arte itxaron zuen Surfriderren hasteko, hots, elkarte munduan eta boluntario gisa lehen urratsak egiteko: «Bizitza aski goxoa izan da enekin, eta, beraz, nik badut bizitzari eta besteei zer itzuli. Pentsatu nuen zeren alde egiten ahal nuen, eta, azkenean, bi elkartetan hasi nintzen, eta ene denboraren gehiengoa hartu didate duela hiru urte erretretan sartu nintzenez gero: Bestearekin eta Bestearentzat elkartea, babes eskubidea onartzen ez zaien familiak aterpetzen laguntzen duena, eta Surfrider».
Winigerrek eta Cazaubonek behin eta berriz errepikatu dute zenbat «denbora hartzen» dien Surfriderren boluntario izateak. Haatik, fite argitu nahi izan dute ez duela negatibotasun kutsurik: «Kausa horiek anitz elikatzen naute. Denbora ematen dugu, bai, baina anitz jasotzen dugu, agian eman baino gehiago», ohartarazi du Cazaubonek.
«Bizitza aski goxoa izan da enekin, eta, beraz, nik badut bizitzari eta besteei zer itzuli. Pentsatu nuen zeren alde egiten ahal nuen, eta, azkenean, bi elkartetan hasi nintzen»
JEAN FRANÇOIS CAZAUBON 'JEFF'Surfriderreko boluntarioa
Surfriderrek haiei denbora hartu, edo haiek Surfriderri denbora eman; dena dela ere, denbora anitz izaten da hori. Neurtzeko gisan-edo, Cazaubonek erran du ez dela Surfrider gabeko asterik, eta irriz erreakzionatu du Winigerrek. Garaien eta proiektuen arabera izaten da usu, baina, «aste batzuez oren bakarra» izanik ere, onartu dute gehienetan bost eta hamar oren artean ematen dituztela Surfriderreko lanetan. Winiger eguneko lanalditik landa lotzen zaie elkarteko lan horiei, haurren hezitzaile baita lanbidez. Cazaubon, aldiz, erretreta hartua da: argi du denbora «luxua» den heinean, erretreta ere luxua dela, orduan «gogo handiz» baliatzen du denbora hori Surfriderren inplikatzeko; oraindik lanean ari zela, jadanik, bere buruari zin egina zion erretiratuko zelarik elkarte batean inplikatzeko urratsa eginen zuela, eta promesa bete zuen.
Halere, Surfriderren, beste hainbat elkartetan bezala, erronka nagusietarik bat boluntarioak lortzea eta denbora luzean atxikitzea da. Arazo hori interesatzen zaio Cazauboni, eta uste du plazerak baldintzatzen duela boluntarioak egotea: «Kausa inportantea da, bistan da, baina lan horren betetzeko plazera ukan behar da». Winigerrek osatu du hausnarketa, boluntario izateaz gain bera delako, hain justu, Lapurdiko kostako Surfriderren boluntarioen arduraduna: «Berriei beti azpimarratzen diet zein inportantea den plazera hartu dezaten, eta horregatik naiz hain zorrotza boluntarioak elkartzeko ekimenak antolatzen ditugularik: dena bikain trenkatua baldin bada, orduan denek gozatzen ahal dugu momentuaz». Horrela entseatzen dira taldea loturik atxikitzen, gaualdiak antolatuz, proiekzioak eginez, «gaiarekin beti lotura zerbait badutenak».

Ekoterapia
Cazaubonek erran bezala, kausa baten alde borrokatzeko plazera atzeman behar da nonbait, laguntzeko plazera besterik ez bada ere; bestela jasatea baizik ez bailitzateke. Winiger bien artean dago: «Batzuetan gehiegi izan zait, gauza gehiegi zirelako kudeatzeko ene lanbideaz eta ene bizi pertsonalaz gain. Orduan, galdetu nion ene buruari zergatik egon eta segitu nahi nuen: kausari biziki atxikia naiz, eta uste dut lasaitzen nauela Surfriderren boluntario izateak; beharrezkoa baitzait jendeari kontatzea zer urgentzia baden gure planetaren babesteko, izan ozeanoak edo beste guztiak. Eta jendearekin ukaiten ahal dudan harreman zintzoak on egiten dit, horren beharra baitut mundu honi buru egiteko».
Eko atzizkiaz hasten diren hainbat termino zabaldu dira azken urteetan: adibidez, klima larrialdia dela-eta ekoantsia sentitzen du geroz eta herritar gehiagok; ingurumenaren alde biziki borrokatzen direnei ekoterrorista deitzen zaie azkenaldian. Hain da arazoa handia, jendea etsiturik baitago etorkizunari begira jartzen hasirik. Zer egin, orduan? Erantzun, nork bere lekutik eta ahal duen heinean. «Ez dugu mundua salbatuko», irri egin du Cazaubonek, «baina gure ekarpena eginen dugu mundua salba dadin, edo hobetu dadin». Winigerrek argi du kalean egiten duen lanak balio duela: «Bete-betean sinesten dut egiten ari naizenak eragina baduela; bi minutu baldin badira ere erakusmahai aitzinetik pasatzen den norbaitekin hizketan, bizpahiru datu trukatuko ditut, eta horretan sinesten dut. Ez bainezake ez sinetsi».
«Batzuetan gehiegi izan zait, gauza gehiegi zirelako kudeatzeko ene lanbideaz eta ene bizi pertsonalaz gain. Baina beharrezkoa zait jendeari kontatzea zer urgentzia baden gure planetaren babesteko»
AMELIE WINIGERSurfriderreko boluntarioa
Ekintza horiek kausa aitzinarazteko balio dute, baina baita ekintzak burutzen dituzten pertsonak aitzina bultzatzeko ere; izan ere, hori ez egitea kontua bertan behera uztea da, eta orduan aterabide gutxi gelditzen dira; ekoterapia deitzen ahal litzaioke ekintza horiek aitzina eramateari.
Dena neurtu behar da; izan ere, ekarpena egin nahi zaio kausari, baina, aldi berean, bada arriskua engaiamendu horretan itotzeko. Winigerrek anitz landu du hori: «Ezin dut gelditu, baina emekiago aritu behar dut; onartu behar da ezinen dela dena egin. Bakoitzak jakin behar du zer eta zenbat ematen ahal duen. Landu behar da, baita ere, nork bere buruari hobendun ez sentiaraztea aktibitatea gutxituz gero; gizakiak besterik ez gara». Cazaubon ados agertu da analisiarekin, eta osatu du: «Ameliek [Winiger] behin eta berriz erran digu: nork bere buruarekin bakean egon behar du indibidualki; hori buruan atxikitzea biziki garrantzitsua da».
Ondorioztatu dute funtsean hobeki dela bakoitza bere neurrian aritzea, bestela arriskua bailitzateke «gehiegi akitzea eta nardatzea».
Hautsi-mautsi bat
Winigerrek eta Cazaubonek ematen duten adina denbora iragaten delarik elkarte lanetan, inguruko jendeei ere eragiten die ezinbestean: izan lagunei, bikotekideari, familiakoei... Alde batetik bada denboraren banatzearen arazoa, eta, bestalde, badira kausak berak dakartzan iritzi soziopolitikoak, batzuetan urrunak geratzen direnak alta hurbilekoak diren jendeekiko. Winigerrek kontsideratzen du «xantza» duela, berak bezala pentsatzen duten jendez inguratua baita: «Familiak bultzatzen nau, txalotzen, ene lanaz elikatzen. Arazoa gehiago da denbora, batzuetan jakin behar baita deskonektatzen».
Cazaubonen kasua pixka bat desberdina da: «Ene emazteak ez du horri buruzko interesik; ene haurrak jabetuta daude, baina ez aktibo. Orduan, ene zera da: nik nahi dudan bezala eramaten dut, nik eskaini nahi diodan denbora eskaintzen. Hautsi-mautsiak egin behar dira, baina kausa utzi gabe ere, inportantea baitzaigu».