Zuzenbidea ez da neutroa. Hori da klinika juridikoek daukaten ikuspuntua. «Espazio edo proiektu mota bat» dira, zuzenbideko fakultateetan sortu ohi dira, eta bertako ikasleek parte hartzen dute. Arlo teorikoa eta jardunbide profesionala bateratzen dituzte, gizarteko sektore zaurgarrienei doako laguntza juridikoa emateko. Euskal Herrian ere badago halakorik: EHU Euskal Herriko Unibertsitatean, esaterako, Justizia Sozialaren Aldeko Klinika Juridikoa dago. Bertako zuzendarikidea da Alazne Irigoien: «Zuzenbidearen metodo tradizionala zera da, legea, jurisprudentzia eta sententziak ikastea; gure ikuspegia, berriz, zuzenbidea akzioan edo praktikan egitea da».
EHUko klinika juridikoak erakundeekin, herri mugimenduekin, aktibistekin eta sindikatuekin egiten du lan: besteak beste, Emakunderen Defentsa Bulegoarekin, Amugerekin, SOS Arrazakeriarekin, Gehiturekin eta CEAR-ekin. «Diskriminazio sistemikoa erakusten dutenak dira gure gaiak: indarkeria matxista, LGTBIfobia, arrazakeria, asilo arazoak, langileen eskubideak, eta abar», azaldu du Irigoienek.
Beste klinika juridiko batzuek zuzenean tratatzen dute biktimekin, eta beste gai batzuetan daude espezializatuta, hala nola etxebizitza arazoetan. Hiru klinika juridiko daude Euskal Herrian: EHUrena, Deustuko Unibertsitatearena eta Nafarroako Unibertsitatearena.
«Gure ikuspegia zera da, zuzenbidea akzioan edo praktikan egitea»
ALAZNE IRIGOIEN EHUko Justizia Sozialaren aldeko Klinika Juridikoaren zuzendarikidea
Klinika juridikoek zuzenbide fakultateetan dagoen «ikuspegi tradizionala» aldatzen dutela kontatu du Irigoienek. Abiapuntuak ez dira legea edo sententziak, gizarteko arazoak baizik; eta «gero» ikusten dute zuzenbideak «zein modutan» erantzun ahal dion arazo horri. «Irtenbide juridiko berriak bilatzen saiatzen gara, diskriminazio ororen aurkakoak», azaldu du.
EHUko Klinika Juridikoan landutako bi kasu azaldu ditu Irigoienek. Batetik, indarkeria matxista pairatu duen emakume batena: Espainian jasan zuen bortizkeria bikotekidearengandik, Bilbora egin zuen ihes semearekin, eta, Euskal Herrian zela, erasotzaileak salaketa jarri zion. Bestetik, Bilbon homosexualak hiltzea egotzitako gizonaren auzia ikertu zuen ikasle batek.
Ikasleen formakuntza landu
Zuzenbidea neutroa ez dela pentsatzeaz gain, diskriminatzailea ere badela sinesten dute klinika juridikoek: «Diskriminazio sistemikoan rol garrantzitsua du zuzenbideak». Horregatik, Irigoienen iritziz, oso garrantzitsua da ikasleek «ikuspegi kritikoa» izatea zuzenbidearen inguruan.
Hortaz, ikasleei «formakuntza kritikoa» ematea da kilinika juridikoen ardatz nagusietako bat: «Formakuntza saioak eta tailer praktikoak egiten ditugu; adibidez, biktima bat nola elkarrizketatu behar den erakusten dugu». Irigoienentzat «oso garrantzitsua» da zuzenbideko profesionalak konprometituta egotea justizia sozialarekin, eta ez aldentzea gizarteko arazoetatik.
«Uste dugu zuzenbidea eta legeak neutroak direla eta, besterik gabe, ez direla ondo aplikatzen edo arazoren bat dagoela»
ALAZNE IRIGOIEN EHUko Justizia Sozialaren Aldeko Klinika Juridikoaren zuzendarikidea
Irigoienen iritziz, zuzenbide ikasketetan «ideologia» dago: «Uste dugu zuzenbidea eta legeak neutroak direla eta, besterik gabe, ez direla ondo aplikatzen edo arazoren bat dagoela». Azaldu du «perspektiba juridiko ideologiko konkretu bat» dagoela: positibismoa. Ideia horrek zuzenbidearen eta moralaren arteko harremana banatzen du; hau da, legean idatzita dagoena bere horretan aplikatu behar dela dio, bidezkoa edo bidegabea den kontuan izan gabe.
Perspektiba horrek ikasleengan eragina izaten duela hauteman dute EHUko Klinika Juridikoko irakasleek: «Lehenengo mailara iristean, justiziaren arloan eragina izan nahi dute, eta azken kurtsora guztiz diziplinatuta ailegatzen dira». Irigoienen ustez, ikasleek «guztiz ahazten» dute «justiziaren ideia» prozesu horretan.
Gaur egun, klinika juridikoek ez dute ikasgai berezirik EHUn; baina ikasleek prestakuntza saioak eta praktikak egin ditzakete bertan. Gainera, ikasleek gradu amaierako lanak eta master amaierako lanak egin ditzakete unibertsitatearekin kolaboratzen duten erakundeekin. «Ikasketetan bereganatu ez duten gaitasun asko ikasten dituzte», azpimarratu du Irigoienek. Erronka gisa ikusten du klinika juridikoen ikuspuntua zuzenbidera hedatzea: «Gu outsider batzuk gara zuzenbidearen barruan».