Miguel Sanz tartean sartu da. 1996tik Nafarroako lehendakari izan ostean, politikagintza uztera doanez, iragan hauteskunde kanpainan protagonismo guztia Yolanda Barcinari utzi zion. Haatik, gobernua osatzeko negoziazio fasea irekitzear den honetan, Sanzek, ohi bezala, ahoan bilorik gabe hitz egin du, eta, exekutibo «egonkor eta sendo» bat lortu ahal izateko, PSNrekin koalizio gobernu bat osatzearen alde egin du. Koalizio gobernu hori «proportzionatua» izan beharko lukeela ere aurreratu du. «Hori da nire iritzia, herritarren gehiengo handi batena eta gogoeta egokia egiten duten analista gehienena».
Aitzitik, adierazpenok tupust egiten dute Yolanda Barcinak orain arte azaldutako zuhurtziarekin. UPNko presidentegaiak gaurdaino gobernuaren egonkortasunaren beharra bai azpimarratu du, baina hortik aurrera ez du argitu koalizio gobernua edo, legealdi honetan bezala, PSNk kanpotik gobernua babestea nahiago duen. Aurretik programa hitzartu behar dela errepikatu du behin eta berriz.
Hain justu, Barcinak eta Sanzek bat egin zuten atzo Julio Lafuente Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektorearen kargu hartze ekitaldian. Kazetariei erantzunez, Barcinak berretsi zuen koalizio gobernua izango den edo ez hitzartu baino lehen «garrantzitsuena» dela hurrengo gobernuaren lan ildoak zehaztea. «Bigarrengoari buruz hitz egingo da, baina gai hori itxita dagoenean». UPNk gobernuaren programa eta edukiak zehaztea nahi du, oposizioan den PPri zirrikitu gutxi utzi ahal izateko.
Dena den, arreta guztia PSNk bereganatzen jarraitzen du. Aste osoan PSNko zuzendaritza eskualdeko ordezkariekin bildu da, eta gaur goizen lurralde batzordea bilduko da hurrengo asteetan hartu beharreko ildoa zehazteko asmoz. Hain justu, herenegun espainiar irrati kate batean zabaldu zen PSOEko zuzendaritzak ez diola ateak ixten Bilduren botoak onartzeari eta Nafarroan gobernatzeko aukerari.
Negoziazioei begirako mugimendu taktikoa izan edo ez, UPNk berehala erantzun du. Barcinaren arabera, PSNk «iparra galduko luke» baldin eta Bilduren botoak onartuko balitu. «Roberto Jimenezek hauteskunde kanpainan esandakoaren kontrako norabidean joango litzateke gobernu hori». Miguel Sanzek, berriz, ez du uste gertatuko dela. «Ez dut sinesten. Ez dut inongo frogarik, eta buruzagi politikoen hitzen gaineko konfiantza izatea gustuko dut». Bere ustez, halakorik gertatuz gero «itzelezko okerra» egingo luke PSNk.
«UPN, PSNren zerbitzura»
Santiago Cervera Nafarroako PPko hautagaiaren arabera, berriz, ez du garrantzirik koalizio gobernua den edo ez. «Garrantzitsuena da Nafarroan zein Espainian erabateko porrota izan duen alderdi batek, eskaintzeko ezer ez duen batek, foru erkidegoan erabakiak ezarriko dituela».
PPko ordezkariaren ustez, UPN «PSNren zerbitzura» jarri da. «UPN eta PSN batuta daude duela lau urte hala erabaki zutelako. Bata besteari iruzur egiten saiatzen ari dira, Nafarroaren etorkizunean posiziorik onena lortzeko asmoz», iritzi dio.
Koalizio gobernuaren alde egin du Sanzek, exekutibo «sendoa» lortzeko asmoz
PSNk Bilduren botoak onartuta gobernatuko balu, «iparra» galduko lukeela ohartarazi du Yolanda Barcinak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu