Koalizio gobernuetako oreka zaila

EAJk eta PSE-EEk elkarrekin agindu dutenean, jeltzaleek beti izan dituzte ogasuna, kultura eta Ertzaintza beren esku. Sozialistek, berriz, lana, etxebizitza eta jite sozialeko bestelako ardurak hartu izan dituzte.

Iñigo Urkullu lehendakaria, 2016ko azaroan, gobernu eratu berriarekin, sailburu sozialistak tartean daudela. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Iñigo Urkullu lehendakaria, 2016ko azaroan, gobernu eratu berriarekin, sailburu sozialistak tartean daudela. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
gotzon hermosilla
2024ko apirilaren 25a
05:00
Entzun

EAJk eta PSE-EEk eskarmentu luzea dute elkarrekin agintzen, Eusko Jaurlaritzan eta beste zenbait erakundetan ere. Jaurlaritzari dagokionez, koalizio gobernua egin izan dutenean, horren osaketa alderdi bakoitzaren indarrak baldintzatuta egon da beti: batzuetan paretsua izan da jeltzaleen eta sozialisten pisua gobernuan, eta beste batzuetan EAJk nagusitasun handia lortu du eta PSE-EEk, aldiz, rol murritzagoa izan du. Baina joera eta ezaugarri batzuk atzeman daitezke jeltzaleek eta sozialistek eratutako koalizio gobernu guztietan: EAJk beti gorde ditu beretzat estrategikotzat jotzen dituen hiru arlo: ogasuna, kultura –hizkuntz politika barne– eta Ertzaintza. PSE-EEk, berriz, lana, etxebizitza, garraioa eta, oro har, soslai soziala nabarmentzeko baliagarriak izan zitezkeen ardurak nahiago izan ditu.

1987an, egoera ez zen batere samurra EAJrentzat. Urte batzuk lehenagotik alderdiaren giroa gaiztotzen ari ziren barne tirabirek eztanda egin zuten 1986an, EAJtik kanporatutako kideek Eusko Alkartasuna sortu zutenean, eta urte hartako azaroan egindako hauteskundeetan jeltzaleek botoen ia %40 galdu zituzten, eta hamazazpi legebiltzarkide baino ez zituzten lortu; aurrekoan baino hamabost gutxiago, eta PSEk eskuratutako hemeretzien atzetik. Ataka zail horretan, koalizio gobernua eratzea erabaki zuten EAJk eta PSEk, Jose Antonio Ardanzaren gidaritzapean. Orduan hasi zen bi alderdien arteko lankidetza instituzionala.

Lehenengo koalizio gobernu hura oso desberdina izan zen, azken zortzi urteotan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan izandakoekin alderatuta. Jeltzaleen eta sozialisten pisua oso antzekoa zen, eta horrek isla izan zuen gobernuaren osaketan: EAJk sei sail eskuratu zituen, eta PSEk, beste horrenbeste. Ekonomia, industria, garraio eta etxebizitza politikak kudeatu behar zituzten sailak sozialisten esku gelditu ziren, eta, horiekin batera, Osasun eta Hezkuntza Sailak ere PSErentzat izan ziren.

1991n, EAJk, EAk eta EEk koalizio gobernua egin zuten, PSE albo batera utzita, baina esperimentu hark gutxi iraun zuen, eta zortzi hilabete geroago, Ardanzak aurreko agintaldiko formula berreskuratu, eta berriro ere gobernua osatu zuen sozialistekin. Aldaketa batzuk izan ziren aurrekoarekin alderatuta: Garraio eta Osasun Sailak sozialisten eskuetatik jeltzaleen agindupera igaro ziren; Justizia Sailak eta Lan eta Gizarte Segurantza Sailak kontrako bidea egin zuten eta PSEk kudeatu zituen aurrerantzean; merkataritza, turismo eta kontsumo arloekin sail berezi bat osatu eta Rosa Diez sozialistaren ardurapean utzi zuten, eta abar.

Baina, aldaketak aldaketa, gauza batzuek bere horretan jarraitu zuten: PSEk ekonomia, etxebizitza eta, oro har, sozialisten tradizio politikoarekin uztargarriak ziren arloak hartu zituen, eta, haiekin batera, hezkuntza; horren adierazle izan daiteke Fernando Buesa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerkuntza sailburu izateaz gain Gizarte Gaietarako lehendakariorde ere izendatu izana. EAJk, berriz, beti izan zituen bere gain autogobernuaren zutabetzat jotzen zituen hiru arlo: ogasuna, kultura eta Barne Saila, Ertzaintzaren kontrola ere bazekarrena.

EUSKO JAURLARITZA (EAJ-PSE-EE-EA)
1995ean eratutako koalizio gobernua, EAJren, PSE-EEren eta EAren sailburuekin. EUSKALDUNON EGUNKARIA

Antzeko eskemari jarraitu zioten hurrengo agintaldian, 1995ean, EAJk, PSE-EEk eta EAk koalizio gobernua osatu zutenean. Gobernu hartan, Ramon Jauregi Justizia, Ekonomia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburu izan zen, eta Garraio Saila eta Merkataritza, Kontsumo eta Turismo Saila ere sozialisten esku gelditu ziren. EAJk bere ohiko sailei eutsi zien, eta hezkuntza EAko Inaxio Oliverirentzat izan zen. 1998ko uztailean, baina, hiru sailburu sozialistek dimisioa eman zuten, eta EAJk eta EAk hartu zituzten hutsik gelditutako ardurak.

Orduan amaitu zen EAJren eta PSEren arteko lankidetzaren lehenengo aroa, 1987tik 1998ra iraun zuena. Hurrengo urteetan, EAJk EA eta Ezker Batua hartu zituen bazkidetzat Jaurlaritzan, eta 2009tik 2012ra Patxi Lopez sozialista izan zen lehendakaria eta PSE-EEko kideekin osatutako gobernua eratu zuen. 2012an EAJk Lehendakaritza berreskuratu zuen, eta agintaldi hartako gobernua EAJk bakarrik osatu zuen, bazkiderik gabe.

Bigarren aroa

2016an hasi zen EAJren eta PSE-EEren arteko lankidetzaren bigarren aroa, bi agintaldi iraun duena eta, itxura guztien arabera, datorren legegintzaldian ere indarrean egongo dena. 2016ko irailean egindako hauteskundeetan, EAJk 28 legebiltzarkide lortu zituen, aurrekoan baino bat gehiago, eta PSE-EEk, aldiz, boto galera handia izan zuen eta hamasei legebiltzarkide izatetik bederatzi edukitzera pasatu zen. Hala ere, eta aurreko agintaldian baino egoera hobean izan arren, EAJk erabaki zuen gobernu ituna egitea PSE-EErekin eta sozialistak gobernuan sartzea.

Hiru sail izan zituen PSE-EEk agintaldi hartan: Lan eta Justizia, Ingurumen, Lurralde Antolakuntza eta Etxebizitza, eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saila. Lehenengo aroan bezala, lana, etxebizitza eta, oro har, PSE-EEren soslai sozial eta aurrerakoia indar zezaketen zenbait ardura hartu zituzten sozialistek, gainerakoak jeltzaleei utzita. Eskema errepikatu zen 2020an, eta PSE-EEk berriro ere hiru sail horiek eskuratu zituen, aldaketa txiki batekin: Idoia Mendia Lan eta Enplegu sailburua izateaz gain bigarren lehendakariorde ere izendatu zuten, sozialistek Jaurlaritzan zuten pisua nabarmentzeko.

Orain iritsi da aro honetako hirugarren koalizio gobernua eratzeko garaia, eta ikusteko dago ardura banaketa nolakoa izango den. PSE-EEk iragarri du ordezkaritza handiagoa eskatuko dutela, kontuan izanda hauteskundeetan EAJk behera egin duela eta sozialistek, aldiz, gora. Horri jeltzaleek erantzun diote esanez programa adostea dela lehentasuna, eta gero etorriko dela programa hori aurrera ateratzeko pertsona egokienak nortzuk diren erabakitzea. Seguru asko, ez da askorik itxaron beharko gobernu berriaren nondik norakoa ezagutzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.