Ahozko ondarea biltzen eta euskararen euskalkiak ikertzen ibilbide luzea egin zuen Koldo Artolak (Donostia, 1938). Nagusiki Nafarroan egin zuen lana: iparraldeko euskalkiei buruzko dokumentazio ugari bildu zuen, galzorian zeuden herri hizkerei buruzkoa batez ere. Aitzindaria izan zen finantza alorrean ere, Artola izan baitzen erabat erdalduna zen eremu hartan euskara sustatu eta lexikoa sortu zuenetako bat. Aranzadi Zientzia Elkarteko kidea zen, eta Euskaltzaindiak ohorezko euskaltzain izendatu zuen 2004an. Ostiralean hil zen, 87 urte zituela.Â
1970eko eta 1980ko hamarkadetan, Nafarroan euskararen atzerakada nabarmena zenean, hango euskalkiei buruz ikasi eta ikertu zuen Artolak, hala nola erronkarierari, zaraitzuerari eta aezkerari buruz. Grabagailua eskuan hartuta, iparraldeko haranak zeharkatu zituen, eta etxez etxe aritu zen testigantzak biltzen. Lekukotza haiek eremu horietako azken euskaldun zaharrenak izango ziren, belaunaldi galdu baten ahotsak, euskalkia transmititu ez zen girokoak.Â
«Euskaltzale erromantikoa zen Artola», nabarmendu du Jabi Arakama Euskarabideko zuzendariak, eta azpimarratu etnolinguistak Nafarroako euskalkien corpusak biltzeko lan nekaezina egin zuela: «Asko maitatu behar duzu hizkuntza garai haietan ia-ia asteburuero kotxea hartu eta gure euskalkien azken hizlarien hitzak jasotzera etortzeko. Eta demostratu zuen azken momentura arte jarraitu zuela maitatzen, orduan bildutako ondare guztia Nafarroako Gobernuaren eskuetan utzita».Â
Izan ere, 1970eko eta 1980ko hamarkadetan Nafarroan egindako audio grabazioak balio handiko corpusak dira, eta dohaintza horren bidez Nafarroako Euskararen Mediatekaren funtsera gehitu ziren iaz. Orotara 300 zinta magnetiko baino gehiago dira, eta bertso digitalizatuak Euskarabideak kudeatzen ditu. «Balio handiko lana da Artolaren bilduma, zalantzarik gabe», adierazi du Arakamak. «Etorkizunari begira, balio handiko ondarea utzi du gure esku».Â
Hasieran, material hura Euskal Herriko atlas etnolinguistikoa (Aranzadi Zientzia Elkartea, 1983-1999) osatzeko baliatu bazuten ere, urte batzuk pasata are gehiago sakondu nahi izan zuen Artolak, eta azterketa lan bat egin zuen bildutako lekukotzak baliatuta eta inkesta berriak jasota. Horren emaitza 2014an kaleratu zuen, Ziorditik Uztarrozeraino. Nafarroan, euskararen hegoaldeko mugetan barrena liburuan.

Erreferente finantza arloan
Familia euskaldun batean jaio zen Artola, baina diktadura frankistaren hamarkadetan ez zuen euskararik ikasi, eta gaztaroan heldu zion berriz gurasoen hizkuntza ikasteari. Donostiako Aurrezki Kutxan lanean hasi zenean ikasi zuen euskara, hain justu ere, eta bertan euskaltzaletu zen. Orduak eman zituen euskararen aldeko lehen urratsak, itzultzaile lanetan lehenik, eta euskara sustatzeko arduradun gisara geroago.
Hori da, akaso, euskalgintzari egin zion ekarpenik ezezagunena, Imanol Miner Kutxabankeko euskara teknikariak zehaztu duenez. Erabat erdalduna zen sektore hura euskalduntzeko egindako lan eskerga gogorarazi du: «Hastapen haietan, oraindik bankugintza gaztelaniaz egiten zen, eta euskararen ordezkatze prozesua muturreraino eramanda zegoen urte haietan, espazio eta funtzio linguistiko berriak zabaldu zizkion euskarari».
Hain zuzen ere, lan eremuan euskarari lekua egiten hasi ziren aitzindarietako bat izan zen Artola: ezer ez zegoen sektore batean hiztegi berri bat sortu zuen, gauzak euskaraz esateko terminoak asmatu zituen, eta hori guztia erabiltzeko ikastaroak eskaini zizkien lankideei. Artolak egindako lan hori aitortzea falta dela uste du Minerrek: «Gaur egun Kutxabanken euskaraz ari bagara, Koldok eta beste langile askok egindako lanari esker da».