Koldo Garciak esan du PPk dirua eskaini ziola Espainiako Gobernuari kalte egiteko informazioaren truke

Alberto Duran PPko abokatuak ukatu egin du salaketa. Garcia kartzelan dago ustelkeria kasu batean eskupekoak onartzegatik.

Koldo Garcia, Auzitegi Gorenean deklaratzetik irteten, iazko abenduaren 17an. RODRIGO JIMENEZ / EFE
Koldo Garcia, Auzitegi Gorenean deklaratzetik irteten, iazko abenduaren 17an. RODRIGO JIMENEZ / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2026ko azaroaren 6a
09:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Koldo Garciak esan du PPko abokatu batekin akordio bat egin zuela hari Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuari kalte egiteko moduko informazioa emateko. Trukean, Garciak milioi bat euro jasoko zuen, eta bere aurkako epaibideko defentsa gastuak ordainduko zizkioten. Ser kateari emaniko elkarrizketa batean azaldu duenez, diru hori OK Diario agerkari digitala editatzen duen enpresak ordaindu behar zion.

Garciaren arabera, Alberto Duran abokatuarekin egin zuen tratua. Hark baina, ukatu egin du. Uharteko (Nafarroa) zinegotzi ohia eta Santos Cerdan PSOEko buruzagi ohiaren eta Jose Luis Abalos Espainiako Garraio ministro izandakoaren konfiantzazko gizona izan zen Garcia. Kartzelan dago orain; hogei urteko zigorra betetzen ari da, maskaren auzia delako ustelkeria kasuarengatik. 

Irrati kateari emaniko elkarrizketan, Garcia honela mintzo da: «PPren abokatuak dirua eskaini zidan presidentearen, haren emaztearen, Zapateroren… tira, gobernuko edozein kideren aurka hitz egiteagatik. Ez nuen onartu eskaintza, eta hurrengo egunean kartzelan sartu ninduten».

Duranek ukatu egin badu ere, Garciak berretsi du dioena frogatu dezakeela, eta agerikoa dela PPren eskua «estatuaren estoldetan» dabilela oraindik: «Tira, haiek erakusten dute hori, beren jardunarekin». Aditzera eman du ez dela PPren errepresalia edo mendekuen beldur, eta esaldi kriptiko batekin amaitu du  erantzuna: «Azken errematea neronek joko dut».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA