Osakidetzak koloneko eta ondesteko minbiziaren baheketan aldaketak ezarri zituen 2009an, gaitzaren inguruko heriotza tasa apaltzeko. Bada, hamazazpi urteren ostean, erdira jaitsi dute 50 eta 69 urteko herritarren artean. Hala ondorioztatu dute Luis Bujanda eta Laura Izquierdo-Sanchez doktoreek argitaratu berri duten ikerketan. JAMA Network Open aldizkari zientifikoan argitaratu dituzte ikerketaren xehetasunak Biogipuzkoa Health Research Institutuko eta EHU Euskal Herriko Unibertsitateko ikerlariek. 2004 eta 2024 bitartean Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanle guztien heriotza tasa aztertuta egin dute analisia.
Detekzio goiztiarrari esker lortu da, gehienbat, minbiziaren inguruko heriotza tasa murriztea. 2009an martxan jarri zuen programan, Osakidetzak, bi urterik behin, aukera ematen die 50 eta 69 urte bitarteko herritarrei gorozkietan ezkutatuta dagoen odolaren testa egiteko. «Horretan oinarritutako behaketa programa bat abian jarri izana lotu da koloneko eta ondesteko minbiziaren inguruko heriotza tasa etengabe murriztearekin. Gainera, beherako joera horrek hamar urte baino gehiago iraun izanak iradokitzen du baheketa antolatuak luzera begirako eraginkortasuna duela», diote doktoreek ikerketan. Eta ez da gutxiagorako. Ikerketan azpimarratu dutenez, bide horren bidez detektatutako 4.892 minbizietatik 3.464 (%70,8) lehen edo bigarren fasean zeuden; fase horietan errazagoa da gaixotasunari aurre egitea.
Horiek horrela, baheketa proposamena jasotzen duten herritarrak kontuan hartuta, %50,1 apaldu dira minbizi horri lotutako hildakoak. Datuak 100.000 biztanleko lagin batera estrapolatuz gero, zera ondoriozta daiteke: 2004an 29,7 heriotza izan ziren hiru lurraldeetan, eta 2024an, berriz, 19,8. Hori dela eta, detekzio goiztiarraren garrantzia azpimarratu dute ikerketaren egileek. Are gehiago, detekzio goiztiarrik gabeko kasuei erreparatuta, 36,8 dira hildakoak. Beraz, detekzioari esker gaixotasunaren inguruko heriotza tasa %46,2 murriztu dela adierazi dute ikerlariek.
Orokorrean behera
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritar guztiak aintzat hartuz gero, ordea, beherakada ez da hain nabarmena. 2004tik 2024ra, 438.134 lagun hil ziren hiru probintziak elkartuz gero, eta horietako 16.298 koloneko eta ondesteko minbiziaren ondorioz hil ziren. Hau da, gaixotasun horrek hildakoen %3,7 eragin zituen tarte horretan. Bada, datu horiek 100.000 biztanleko lagin bati aplikatuta, 2004an 32,8 hildako izan ziren minbizi horren eraginez, eta 2024an, 23,1. Hau da, %29,6ko jaitsiera izan da.
%70Borondatezko baheketan zenbat jendek hartzen duen parte, ehunekotan. 50 eta 69 urte arteko Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren %70ek hartzen dute parte gorotzetan ezkutatuta dagoen odola aztertzeko baheketan; bi urtetik behin jasotzen duten borondatezko proba bat egiteko aukera. Gainera, positibo ematen duten hamarretik bederatzi kolonoskopia egitera joaten dira.
Beherako joera hori hain nabaria izan ez den arren, 70 urtetik gorakoen artean ere gutxitu dela nabarmendu dute ikertzaileek. 100.000 biztanlera estrapolatuta, 2004an 165,4 lagun hil ziren koloneko eta ondesteko minbiziagatik; 2024an, berriz, 132,9 dira arrazoi horrengatik jazotako heriotzak. Hau da, %19,6 murriztu ziren heriotzak. Datu horrek «baheketa estrategia hedatuen eta arriskura egokitutako tratamenduen garrantzia» agerian uzten duela iritzi diote ikerlariek. Eta bidea urratzen jarraitu behar dela gaineratu dute.
Izan ere, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanleria gero eta zaharragoa da. Ikerketak erakusten du hori: 2004an, %14,4 ziren 70 urte edo gehiago zituzten herritarrak; 2024an, berriz, %18,8. Eta joera hori are nabarmenagoa da 50 eta 69 urte bitartekoen artean: tarte horretan %31,9 igo zen biztanleria. 50 urte beherakoak, aldiz, %12,3 jaitsi ziren.