Koloretako omenaldia egingo diote Mikel Martin ekintzaileari Errenterian

Irailaren 23an egingo dute Mikelaldia. Kalejira, omenaldi kabareta, herri afaria eta jaia antolatu dituzte Euskal Herriko sexu askapenerako mugimenduetako erreferentea omentzeko.

Gaur eman dute Mikelaldiaren nondik norakoen berri, Errenterian. MAIALEN ANDRES / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2023ko irailaren 5a
20:39
Entzun

Martxoaren 2an Euskal Herriko sexu askapenerako mugimenduetako erreferente bat zendu zen: Mikel Martin Conde. EHGAM Euskal Herriko Sexu Askapenerako Mugimenduaren sortzaileetako bat izan zen ekintzaile errenteriarra, besteak beste. Irailaren 21ean 69 urte beteko zituzkeen, eta mugarri hori baliatu dute Martinen lagunek, senideek eta Errenteriako denetariko eragileek Mikelaldia antolatzeko: Mikel Martin gogoratzeko herri omenaldia. Irailaren 23an egingo dute, ekintzailearen herrian; Errenterian (Gipuzkoa), alegia.

Mikelaldia kalejira koloretsu batekin hasiko dute hilaren 23an, 12:00etan, Errenteriako Gaztaño auzoko Arramendiko baratzeetatik. Honela deskribatu dute antolatzaileek: «Puti-itzuli bat baino zerbait gehiago, sentikaria, bateko eta besteko ekarpen, errezital, musika, performance eta maribilaldiarekin». Arratsaldean egingo dute Mikelaldiaren ekitaldi nagusia: omenaldi kabareta. «Mikelaren oroitza argiz, kolorez, kantuz, dantzaz, dirdiraz eta bizipozez jantziko duen ekitaldia, elkar hartuta hunkitzeko, goxatzeko eta alaitzeko oroigarri xamur bat». Hori izango da, antolatzaileen arabera.

19:00etan egingo dute, Lekuona fabrikan. Omenaldi kabaretera joan nahi dutenei proposamen bat egin diete antolatzaileek: osagarri koloretsu bat eramatea. «Norberak nahi duena eta nahi beste, libre: soineko, jantzi, boa, takoi, kapela, zapi, zorro, poltsa...». Gonbidapenak eskura egongo dira larunbat honetan, Errenteriako Juan Ignacio Gamon zumardiko kioskoan, 11:00etatik 19:00etara. Hilaren 11tik aurrera Lekuona fabrikan eskuratzeko aukera ere egongo da.

Mikelaldia biribiltzeko, herri afaria egingo dute Linoko karpan, Agirre lehendakariaren plazan, 21:30ean. 20 euro balioko du otorduak, eta sarrerak eskura egongo dira larunbat honetan, Errenteriako Juan Ignacio Gamon zumardiko kioskoan, 11:00etatik 19:00etara. Reyna eta Arkatitza tabernetan ere salduko dituzte hilaren 11tik aurrera. Afaldu eta gero, jaia egingo dute.

Hala ere, hilaren 23a baino lehen hasiko dira errenteriarra oroitzeko omenaldiak. Hain zuzen ere, irailaren 21ean —Mikel Martinen urtebetetze egunean— topa egingo dute, teknologiaren bidez konektatuta, Errenteriako Txintxarri elkartean, Bilboko Txomin Barullo tabernan, Iruñean, Gasteizen, Bartzelonan eta Murtzian (Espainia).

Mikelaldiaren antolatzaileak Mikel Martinen senideak, lagunak eta hainbat eragile dira; hauek: EHGAM, Oreretako Bilgune Feminista, Zintzilik irratia, AEK, Pikoketa elkartea, Camelamos Adiquerar elkartea, Oaingoz Hau, Loratuz Lotu, Taldelan, Lau Haizetara, Mikelauzo, Oreretako Laikotasun Taldea, Alternatiba, Elkarrekin Podemos, Oreretako Gaztetxea eta Gaztañoko bizilagunen elkartea. Errenteriako Udalaren laguntzarekin antolatu dute omenaldia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.