Kolpe baten itzal luzea

1936ko uztailaren 17an militar talde batek armak hartu eta estatu kolpea eman zuen, eta gerra ekarri zuen Euskal Herrira biharamunean. Kontrakotzat zituzten pentsamolde, jarrera eta hizkuntzen aurkako errepresio bortitzaren hasiera bertzerik ez zen izan.

 Tolosako Plaza Zaharrean liburuak erreta, 1936ko abuztuaren 11n. BERRIA
Tolosako Plaza Zaharrean liburuak erreta, 1936ko abuztuaren 11n. BERRIA
Isabel Jaurena.
2026ko uztailaren 18a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Pribilegioak ez dira aise bazter uzten. Are gutxiago horiek urte luzez hegemonikoa izan den oligarkiaren interesak babesten badituzte. Batzuendako denak du balio ordena zaharrak mantentzeko, zilegi da pertsonen aurkako zein kontrakotzat dituzten pentsamolde, jarrera eta hizkuntzen kontrako errepresio bortitza aitzinerat eramatea; tantaka-tantaka pentsamoldean eraginez zein eremu publikoan ekinez. 90 urte bete dira gaur altxamendu frankista Euskal Herrira iritsi zenetik. Hiru urte iraun zuen gerrak. Errepresioa, baina, hasi bertzerik ez zen egin: 36 urte iraun zuen diktadura frankistak. Eta nabarmenak dira oraindik haren ondorioak.

Estatu kolpea Euskal Herrira gaurko egunez ailegatu bazen ere, bezperan hasi zen mugimendua Melillan eta Kanaria uharteetan, Francisco Franco buru. Estatu kolpea zela medio, bitan banatuta gelditu zen Hego Euskal Herria: Nafarroa eta Araba kolpisten kontrolpean, eta Gipuzkoa eta Bizkaia Espainiako Errepublikaren alde. Nafarroan ez zen gerra fronterik izan; bai, ordea, klase errepresioa: 1936ko uztail hondarretik abendura arte, bortz hilabetean, 3.100 pertsona inguru hil zituzten. Langile pobreak ez ezik, horiek laguntzen zituzten «elite ilustratuak» ere hil zituzten kolpistek, abokatuak tarteko. Araban ere bortitza izan zen hasierako zapalkuntza: 1936ko uztailaren 18tik 1937ko irailaren 1era arte 153 pertsona hil zituzten, gutxienez. 

Nafarroa eta Araba kontrolpean zituztela, Gipuzkoa ekialdetik mendebaldera hartu zuten. Aurrena Irun eta gero Donostia menpean hartuta, laster joan ziren erortzen Gipuzkoako gainerako herri gehienak, eta 1937ko apirilean eraman zuten frontea Bizkaira; itsasotik egiten ari ziren setioa eta bonbardaketa bortitzak tarteko, abuzturako batailoi gehienek amore emana zuten. Bi lurralde horiek kolpisten esku gelditu ziren 1937ko urrirako.

Zifrak

25.000

Gerrak hildakoak Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak gaur egun dituzten datuen arabera, 25.000 euskal herritar hil ziren, gutxi gorabehera, gerran. Horietatik ia erdiak atzegoardian hil ziren, gerrako frontetik aparte. Gerran, berriz, 13.400 inguru hil ziren; horietatik Euskal Herriko lurretan hil ziren batzuk, eta atzerrian beste batzuk, baina ezin da datu hori gehiago zehaztu.

18.000

Kolpistek hildakoak. Faxistek eragin zituzten heriotza gehien: Euskal Herriko eta atzerriko gerra fronteetan hil zituzten 7.400 inguru euskal herritar; eta atzegoardian, berriz, beste 10.500 inguru: fusilatuta, bonbardaketetan eta kartzeletan.

10.200

Atzegoardian hildakoak. Euskal Herrian, gerrako hilketen kopuru handi bat gertatu zen atzegoardian (10.200). Horietatik gehienak epaiketarik gabeko fusilaketen ondorio izan ziren (4.600 inguru, guztira; kolpistek hil zituzten horietatik 3.700, eta errepublikazaleek, 900 inguru). Faxisten epaitegi militarrek epaituta eta aginduta hil zituzten beste 700 inguru. Kartzeletan preso zeudela, berriz, 2.400 lagun inguru hil ziren, gehien-gehienak kolpistek giltzapetuta zeuzkatela. Bonbardaketetan hil ziren gainerakoak.

4.400

Faxistek fusilatuta hildakoak. Gerra hasi eta hilabete gutxitan, Nafarroan milaka lagun fusilatu zituzten kolpistek, eta gerra bukatzerako, gaur ezagutzen denez, 2.900 lagun baino gehiago hil zituzten horrela. Gipuzkoan, 500 baino gehiago hil zituzten epaiketarik gabe. Eta Araban, 200 baino gehiago. Gerra luzatu ahala, epaitegi militarrak hasi ziren zeregin hori beren gain hartzen, eta Bizkaian, gerra bukatzen ari zela, 60 bat fusilatu zituzten epaitu gabe, eta 500 bat epaitegietatik pasatu ostean. Guztira 3.700 lagun fusilatu zituzten epaiketarik gabe, eta beste 700 bat epaituta.

2.500

Bonbardaketetan hildako zibilak. Xabier Irujo ikerlariak argitaratu zuen 36ko gerran Euskal Herrian izan ziren aireko bonbardaketa eta erasoen atlasa, eta, horren arabera, 1.000 operatibo baino gehiago izan ziren, eta 2.000 bonbardaketa baino gehiago egin zituzten, batez ere indar faxistek (%90 baino gehiago). Eraso horien laurden bat terrore ekintzak izan ziren, zibilen kontrakoak, eta 2.500 herritar inguru hil ziren horietan, gerrako fronteetatik urrun. Ez da erraza bonbardaketetan hildakoen kopuruak kalkulatzea, baina segurtzat jotzen da Gipuzkoan 100 herritar baino gehiago hil zirela halakoetan, eta Bizkaian, 800 gutxienez; eta horri gehitu behar zaio Gernikako erasoa, 1937ko apirilaren 26an: 500 eta 2.000 hildako artean eragin zituen; garaiko Eusko Jaurlaritzak 1.654 hildako zenbatu zituen. Hipotesi hori ontzat jota kalkulatu dira 2.500 hildako guztira. Faxistek eragin zituzten heriotza horietatik 2.400 inguru (guztiz gehienak Bizkaian), eta errepublikazaleek 40 pasatxo (gerraren bukaera aldera Nafarroan egindako zenbait erasotan).

Horiek kontrolatzeko bereziki garrantzitsua izan zen nazioarteko parte hartzea. Izan ere, 1936ko abuztuaren hondarrean, Italiako hegazkinek Irungo (Gipuzkoa) bonbardaketan parte hartu zuten, eta Durangokoan (Bizkaia) ere bai gero; alemaniarrek, berriz, Gernika (Bizkaia) bonbardatu zuen. Errepublikanoek, baina, ez zuten hegazkinik jaso erasoei aurre egiteko. 

Zertaz desoreka hori, baina? 1936ko abuztuan, Erresuma Batuak sustatuta eta Frantziak babestuta, Parte Ez Hartzeko Batzordea sortu zuten; eta horrek bereziki eragin zien errepublikanoei. Izan ere, hitzarmena errespetatzea erabaki ez zutenek —Alemaniak eta Italiak— kolpistei lagundu zieten. Herrialde horietan nazismoak eta faxismoak bultzatutako diktadura militarrak zeuden agintean, I. Mundu Gerraren osteko krisi politikoan sortuak.

Zifrak

150.000

Desplazatuak eta erbesteratuak. Gerrak 16.000 pertsona baino gehiago bultzatu zituen Gipuzkoatik Lapurdira, hasieran. 1936ko udazkenean, 100.000 lagun inguruk Gipuzkoatik Bizkaira ihes egin zuten. Azkenerako, 1936 eta 1945 artean 150.000 lagun inguru erbesteratu ziren (orduko biztanleen %10 baino gehiago, alegia).

37.000
Ebakuatutako haurrak.

 Erbesteratuen artean, asko haurrak izan ziren, 37.000 inguru, bere gurasoek etorkizun seguruago baten esperantzaz atzerrira igorriak. Horietako batzuk bueltatu ziren gerora Euskal Herrira, baina gehien-gehienak, ez.

23.500

Preso esklaboak. 1940an,gerra fronte guztietan bukatu eta gero, 20.000 errepublikazale inguru zeuden kartzeletan preso, baina, horiez aparte, 23.500 preso ingurun esklabo gisa jarraitzen zuten lanean, errepideak, defentsa militarreko lerroak, herri lanak... egiten, eta baita enpresa pribatu batzuentzat lanean ere (Navral, Babcock Wilcox...). Hurrengo urteetako errepresioak beste forma asko ere hartu zituen: genero errepresioa, errepresio sozial, kultura eta linguistikoa, familia errepublikazale eta abertzaleei egindako lapurretak eta errepresio laborala... Gerra garaiko hilketen ostean heriotza soziala iritsi zen.

Errepublika

Hain zuzen, diktadura berriak eta geldialdi ekonomikoa nagusi ziren testuinguruan sortu zen Espainiako kolpistek irauli zuten errepublikaren lehenbiziko gobernua. Demokrazia ezarri behar zuten, herritar guztiei eskubideak aitortu, eta, beraz, konstituzioa aldatu. Bi erronka zituzten, nagusiki: armada erreformatzea eta Elizari aurre egitea. Erreforma horiei indartsu ekin zieten, baina 1935erako erreforma guztiak geldirik zeuden. Eraginik izan zuten, bertzeak bertze, hasierako gobernu krisiek, 1933ko hauteskundeetan eskuineko alderdiak gobernuan sartu izanak eta urtebete geroago langileek egin zituzten protestek. 

1936ko hauteskundeetan bi eredu aurkeztu ziren: errepublika erreformista, batetik, eta erreforma autoritarioa, bertzetik. Ezkerreko alderdien koalizioak irabazi zuen —errepublikanoak, sozialistak, komunistak…—, eta horrek errepublikaren hasmentako erreformak berpiztea ekarri zuen. Euskal Herriari dagokionez, EAJk irabazi zituen bozak Bizkaian eta Gipuzkoan, eta Espainiako eskuinak Nafarroan eta Araban.

Erreformen berpizteak, baina, oligarkien interesak kolokan jartzea eragin zuen, eta horrek estatu kolpearen itzala ekarri zuen. 1936ko uztailaren 17an Afrikan hasi, eta, gaurko egunez, penintsulara egin zuen salto. Erdibidean gelditu ziren, baina, amore eman beharrean, gerrarako deia egin zuten. Hiru urte iraun zuen gatazka armatuak, eta bertze 36 urte diktadurak.

Faxisten Bonbardaketa larrienak

  • Otxandio (1936-7-22). 61 hildako.
  • Bilbo (1936-9-25 eta 26). 96 hildako.
  • Durango (1937-3-31 eta hurrengo egunetan). 213 hildako.
  • Bilbo (1937ko apirileko bonbardaketak). 253 hildako.
  • Gernika (1937-4-26). 1.654 hildako, Eusko Jaurlaritzaren arabera.
  • Galdakao (1937-5-19). 14 hildako.
  • Sestao (1937-5-23). 22 hildako.
  • Alonsotegi eta Barakaldo (1937-6-13). 28 eta 26 hildako, hurrenz hurren.

Jazarpena

Bitarte hartan errepresio bortitza jasan zuten herritarrek. Eusko Jaurlaritzaren 1938ko martxoko txosten baten arabera, ia 100.000 preso egon ziren: 9.150 Araban, 29.350 Bizkaian, 14.500 Gipuzkoan, 16.000 Nafarroan, eta 30.000 kontzentrazio eremuetan eta langile batailoietan. Santoñan, berriz, 6.300 preso egon ziren txosten horren arabera. Preso haietako anitz bortxazko lanak egitera behartu zituzten: 1937 eta 1957 artean 36.700 langile baino gehiago izan ziren Hego Euskal Herriko lan batailoietan, helburu militarreko azpiegiturak egitera behartuak.

Emakumeei gizonei ez bezalako zigorrak ezartzen zizkieten: bortxaketak, ile mozketak eta kanporaketak. Gasteizen, Korazonistak eskolako emakume espetxetik ateratzen zituzten presoak, ilea moztuta, eta Dato kaletik paseatzera behartzen zituzten, jendea haietaz burla zedin

Bortxazko lanak eginaraztea ez zen herritarrak zigortzeko bide bakarra. Emakumeei gizonei ez bezalako zigorrak ezartzen zizkieten: bortxaketak, ile mozketak eta deserriratzeak. Nafarroan, erraterako, 545 emakumeri egindako ile mozketen berri jaso dute. Gasteizen, berriz, Korazonistak eskolako emakume espetxetik ateratzen zituzten presoak, ilea moztuta, eta Dato kaletik paseatzera behartzen zituzten, jendea haietaz burla zedin. Gipuzkoan, berriz, ehunka emakume bota zituzten hainbat herritatik: Azkoititik bota zituzten lehenbizikoak, 1937ko otsailaren 8an, sei emakume eta bederatzi haur.

Pertsonen aurka ez ezik, kontrakotzat zituzten pentsamolde, jarrera eta hizkuntzen aurka ere egin zuten. Euskara eskola eta leku publiko guztietan debekatu zuten, baita Eusko Ikaskuntza eta Euskaltzaindia ere. Areago: euskal izenak obsesio bihurtu ziren. 1938ko maiatzaren 18an, Justizia Ministerioak euskal izenak ez onartzeko agindua eman zuen. Diktadura osoan nagusitu zen jarrera euskarafoboen lehenbiziko pausoak ziren. Eta nabarmenak dira oraindik haren ondorioak.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA