Soziolinguistikaren arloko ikertzailea

Beñat Garaio Mendizabal: «Komeni zaigu ikustea zer den euskalduna izatea hizkuntzaz harago»

Maoriak hizkuntzaren biziberritzean egiten ari diren lana aztertu du Garaiok, eta Euskal Herrian atzenduta dauden hainbat aldagai —komunitate trinkoak, kolonialismoaren gaineko kontzientzia, baikortasuna...— lehen lerrora ekartzeko deia egin du.

Beñat Garaio lehengo astean, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Beñat Garaio lehengo astean, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
arantxa iraola
Gasteiz
2026ko otsailaren 5a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal Herritik begiratuta, toki aski urruna da Zeelanda Berria, itsasoz inguratutako eremu apartekoa. Aotearoa esaten diote maoriek beren lurrari, eta elkarrizketa osoan halaxe esango dio Beñat Garaio soziolinguistikaren arloko ikertzaileak ere (Gasteiz, 1990). Izan ere, propio ibili da urrutiko lurralde horretan maorieraz mintzo den hiztun komunitatea ezagutzen, eta haiek hizkuntzaren biziberritzean egiten ari diren aurrerabideetatik euskararen mundurako zer ikasbide atera daitezkeen aztertzen. Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Gaztea saria irabazi zuen 2023an, eta hari atxikita egin ahal izan du ikerlana. Bi hilabeteko egonaldia egin zuen maoriekin; 50 elkarrizketatik gora egin zituen. Hizkuntza ofiziala da maoriera, baina bide luzea du oraindik egiteko, ingelesaren ondoan «bazterrean» geratzen baita usu, erabilera «sinbolikoan». Baina indartsu ari da aurrera. Lehengo astean aurkeztu zituen lanaren emaitzak, Gasteizen. Aurkezpenaren harira, propio gogoratu nahi izan ditu bide urratzaileak, aurrez ludiaren parte hartan erantzun bila ibilitako euskaldunak: «Imanol Miner aipatu nahiko nuke bereziki».

Aurren-aurrena, elkarrizketan murgiltze aldera, garrantzitsua da maori hiztunek zer hizkuntza komunitate osatzen duten jakitea. Zer da jakin beharrekoa?

Aotearoak bost milioi biztanle ditu, eta 900.000 inguru dira maoriak: %17,5.

Maoriei buruz ari zarenean, haien etniaz ari zara, ezta?

Hori da, etniari buruz ari gara. 210.000 hiztun ditu egun maorierak: herrialde osoko biztanleen %4,3k dakite. Kontuan hartu behar da maoriek kolonizazio prozesu oso indartsu bat bizi izan zutela, 1900. urtearen hasieran Aotearoako biztanleen %5,7 bakarrik zirela eta galtzeko zorian egon zirela. Geroztik, maoriek lan handia egin dute beren kolonizazio prozesuaren erreparazioa eskatzen, eta, horri esker, gaur egun gizarte osoaren babes handia dauka maori hizkuntzak, baina, batik bat, maori komunitate etnikoaren ahalduntze eta aktibazio prozesu oso garrantzitsu batek eman du hizkuntza biziberritzeko modua. 

Zure ikerlanean, behin baino gehiagotan nabarmendu duzu maorien baikortasuna. Globalizazioaren eta digitalizazioaren aro honetan, hizkuntza gutxitu gehienetako hiztunak atzentze zantzuak ikusten ari dira. Nondik datorkie baikortasuna?

Haiek egindako lanari esker, aldagai soziolinguistiko askotan hobekuntzak izan dituzte, eta sinetsi egiten dute. Gero, ez dakit zenbateraino den kulturala, nortasunaren barruan duten zerbait... Zer pentsatua eman zidan baikortasun horrek. Uste dut askok txertatu beharko genukeela gure eguneroko lanean, gauzak beste era batean bizi direlako.

Maoriera biziberritzeko ahalegin horietan zer-nolako tokia dute maori etniakoak ez diren herritarrek?

Zorionez, maoriek egin duten lanak bere fruituak eman ditu Aotearoako gizarte osoan, eta, askotan, kolono zurien ondorengoek ere beren gain hartu dute ardura historikoa. 

Zer aukera dituzte maoriera ikasteko?

Eskola publikoan ikas daiteke, gehienez ere ikasgai gisa; oso ordu gutxi izaten dituzte, eta gehienetan irakaslea ez da maoria. 

Aukera hori herrialde osoan dute?

Eskolaren arabera, eta testuinguru soziolinguistikoaren arabera. Irakasle horiek ez dira maoriak, eta ikastaroak egiten dituzte maorierazko oinarrizko ezagutza izateko, baina zenbakiak, hilabeteak eta hitzak izaten dira gehienez ere. Maoriek, ordea, garrantzi handia ematen diote hizkuntzaz gainera izaera, ondare eta sinesmen maoriak ere irakasteari. Maoriek martxan jarri dituzten eskoletan, murgiltze sistema dute maoriera ikasteko, edo eredu elebidunak, eta ikasgelan bertan txertatzen dituzte ezagutza tradizionalak barneratzeko unitate didaktikoak, komunitatearekin batera. Kontua da maoriek eskainitako lekuetan baliabide falta handia dagoela. 

«Maoriek garrantzi handia ematen diote hizkuntzaz gainera izaera, ondare eta sinesmen maoriak ere irakasteari»

Maoriek garrantzi handia ematen diote etniako kide izateari.

Bai, eta maoria izan zaitezke kolonizazio garaian maoria zen arbasoren bat aurki badezakezu. Zure izen-abizen guztiak maoriak izan ez arren identifikatua baduzu arbaso maori bat, zu ere maoria zara. Gero, adibidez, unibertsitate giroan-eta badira motibazioak eta konpromisoak bultzatuta maoriera ikasi duten pertsonak, baina, maori komunitatera joatean, ez dute lotura bera; onarpena bai, miresmena ere bai, baina, esaterako, ez dute modurik zeremonia jakin batzuetan parte hartzeko. Eta ez da gauza bera Ingalaterrako jatorria duen norbait izatea, edo euskalduna izatea: adibidez, jakin zutenean euskalduna nintzela, beren zeremonietan-eta sartu ninduten, bazekitelako antzeko egoerak bizi izan ditudala.

Euskararen mundutik joanda, aldea nabari da, besteak beste, etniarekin duten loturan eta tradizioekin duten harreman hain estuan. Lanean aipatu duzunez, Garabideren bidez hainbat hiztun komunitatetatik euskarara hurbiltzen direnek sarri galdetzen dute hizkuntzaz gainera zerk egiten duen euskaldunen komunitatea berezi. Hemen, euskalduna euskaraz dakiena da. Halako komunitateetako jardunbideetatik ondorioak ateratzeko orduan, hori ez al da ezberdintasun handia?

Niri ere askotan gertatu zitzaidan. Esaten zidaten: «Ikaragarria da han egin duzuena, baina zer biziberritzen duzue? Zer irakasten duzue zuen eskoletan?». Hasieran blokeatu egiten nintzen, zeren eta ezin da konparatu han egiten dutena hemen egiten dugunarekin. Baina ondo dago ikustea zer gauza har ditzakegun kontuan: zeintzuk izan daitezkeen baliagarriak guretzat. Nik uste dut azkenaldian Euskal Herrian bueltak ematen ari gatzaizkiola nortasunaren eta euskalduntasunaren gai horri, eta komeni zaigula pixka bat hausnartzea zer den euskalduna izatea hizkuntzaz harago. Hango esperientziak erakusten du zure erroekin hain konektatuta zaudenean indar hori, kohesio hori, oso indartsua dela. 

«Hango esperientziak erakusten du zure erroekin hain konektatuta zaudenean indar hori, kohesio hori, oso indartsua dela»

Baina Euskal Herriaren moduko gizarte askotariko eta aldakor batean, identitateari oraindik ezaugarri gehiago jartzeak ez al du are gehiago zailduko euskararen biziberritzea? 

Bai, gai zaila da, eta egia da gu orain arte hizkuntzaren transmisioan oinarritu garela, eta beharrezkoa zen, eta lan ikaragarria egin dugu. Baina aurrean daukagun egoera ikusita, nik uste dut orain biziberritze prozesu horri elementu gehiago jarri behar dizkiogula. Baina horretarako guk ere lanketa egin behar dugu: gure historia ezagutu, gure ondarea.

Kulturaren bidez egiteko bidea da?

Hori da. Guri, esaterako, haka dantzarena iristen zaigu Aotearoako kulturatik. Baina, berez, haka dantza kapa haka izeneko adierazpide batean txertatzen da. Hor uztartzen dira dantza, antzerkia, umorea, kantak... Ikusgarria da. Artikuluan, aipatzen dut maskaradaren edo pastoralaren antzeko zerbait dela. Emanaldi asko dituzte, eta haien lehiaketa nagusia, adibidez, lau eguneko bertsolaritza final baten moduko zerbait da. Jendetza joaten da, eta dena geratzen da egun horietan. Benetan ikusgarria da. 

Oso mundu tradizionalaz ari zarela ematen du. Berritzeko joera duen herria ere bada?

Oso lotura sakona dute iraganarekin, baina aldi berean oso indar handiz bizi dute gaur egungo garaia, eta gaurkotu egin dira.

Beraz, zer ondorio atera dituzu? Zein dira atera beharreko ikasbide nagusiak?

Haien indargune garrantzitsuen artean aipatu ditut baikortasuna, komunitateko trinkotzeko eta aktibatzeko daukaten gaitasuna, eta aliantzak sortzeko duten abilezia. 

Kolonizazioaren ondorioen gaineko kontzientzia oso zuztartuta daukatela ere esan duzu, eta motor ere badela. Hemen, aldiz, lausotuta dago hori.

Bai, hori da haien beste indarguneetako bat. Agian lur labainkorra da hemen kolonizazioaz hitz egitea; beste fase batean gaude. Baina Euskal Herria gaur egun ezin da ulertu aurreko urteetan izan ditugun gatazka eta azpiratzeak ezagutu gabe, eta garrantzitsua da hori ez ahaztea. Aotearoan gertatu den moduan, denok horren gaineko ardura hartzen badugu, errazagoa da ulertzea zergatik ari den euskal hiztun komunitatea aurrera egiten saiatzen eta zergatik den hain garrantzitsua, adibidez, egungo oldarraldi giro honi irtenbide bat ematea.

«Familia askotan, gero eta gehiagotan, maoriera da hizkuntza nagusia. Orduan, hizkuntzaren babesguneak sortzen ari dira alde horretatik»

Zein dira maorieraren arnasguneak?

Arnasgune geografikoak baino gehiago, babesguneak dituzte. Hain komunitate trinkoak dituztenez, hain lotura estua dutenez beren familia nukleo zabalekin, eta beren iwi edo tribuekin, haiek dituzte babesleku: familiak, leinuak, komunitateak, eta hor babesgune asko dituzte. Kontuan hartu haien jaiotze tasa oso handia dela, eta familia oso modu zabalean ulertzen dutela; beraz, erraz pasa dezakete egunerokoa 30 kideko familia batez inguratuta, eta familia askotan, gero eta gehiagotan, maoriera da hizkuntza nagusia. Orduan, hizkuntzaren babesguneak sortzen ari dira alde horretatik. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA