Demagun jatetxe baten jabeak edo bertako langileek oso modu zakarrean tratatzen dituztela bezeroak: erantzun txarrak ematen dituzte, oihuka; aurpegian nazka keinua dutela zerbitzatzen dute; kargu hartzen diete edozer dela eta. Edo hango komuna txerri-korta da. Horretaz jabetu eta bertara gehiagotan ez joatea proposatu dio norbaitek kuadrillari: «Morroi horrek ez du gure dirua merezi. Ez gara itzuliko». Taldeko gehienak ados egongo lirateke, hango janaria denik onena balitz ere.
Demagun jatetxe baten jabeak menua bi edo hiru hizkuntzatan idatzia duela. Euskaraz ez, ordea. Gainera, euskaraz galdetuz gero, zerbitzariek aurpegi txarra jartzen dizute, ia erasota sentituko balira bezala. Goiko adibideko lagunak jatetxean ez sartzeko esan die taldekideei, euskaldunekiko errespetu eskasa dela eta. Esango nuke kuadrillak ez lukeela hain zorrotz jokatuko, aurreko kasuan ez bezala: «Bai, baina zer egingo diogu, gizona»; «primeran jaten da hor». Eta abar, eta abar.
Hori guztia etorri zait burura Agurne Gaubekak herenegun hedabide honetako elkarrizketan esandakoa irakurrita. Euskaraz egiteagatik zenbait tokitan jasotako erantzun txarrak aipatu ditu Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendariak. Tabernetan, adibidez: «Badirudi euskaraz ez dakiten horiek beren kontrakotzat hartzen dutela norbaitek euskara erabiltzea. Uste dut gizarteko sektore batzuek zabaldutako gorroto diskurtsoen eta beldurren ondorioa dela».
Edonongo tabernetan ikusten ditugu halako portaerak. Sarri. Hala ere, bada salbuespenik: jatetxe bat ezagutu dut, karta euskara hutsez zuena. Bikain idatzita. Euskaraz ez zekien bezeroari erdaraz kantatzen zioten menua. Bat baino gehiago asaldatu egingo zen testua euskara hutsez zegoela ikusita. Eta karta soilik erdaraz egotea biztanleen erdiak baino gehiago euskaldunak dituen herri batean? Hori ez da lotsagarri bezain salagarria? Ez da bertako euskaldunei aurpegira barre egitea?
Inoiz izango dugu eskura ‘non-Euskara-friendly’ jatetxe horien zerrenda?Â
Ez al dira kolektibo linguistiko bat eta hemengo hizkuntza gutxiesten ari?
Zer egin salbuespen txalogarriak ez diren toki eta egoerekin? Ez da erraza. Legea eta arauak ez ditugu alde. Hala ere, jokaera batzuek bidean lagun diezagukete. Esaterako: nork behartzen gaitu menua espainieraz eta ingelesez bai, baina euskaraz eskaintzen ez duen jatetxearen jabeari dirua ematera? Nik neuk aspaldi erabaki nuen: ez naiz haren bezeroa izango, ez aktiboa —nire poltsikotik zuzenean dirua emanez—, ez pasiboa — inork nire platera ordainduta—. Noski, hori protesta testimonial hutsa izatetik harago joango balitz, askoz hobeto. Esan egiten zaigu, ba, toki batean kolektibo baten aurka egiten dutenean. Zergatik ez egin halakorik elebitasun ez euskaldunean ari diren negozioekin ere? Inoiz izango dugu eskura non-Euskara-friendly jatetxe horien zerrenda? Ez al dira kolektibo linguistiko bat eta hemengo hizkuntza gutxiesten ari?
Muturrekoa? Ez dut uste. Espainiera edo frantses hutsez daudenak ez ditut, printzipioz, boikotatzen. Pragmatismoa, errealismoa edo epelkeria izan daiteke, baina badu oinarririk: hala eginez gero, behin baino gehiagotan etxetik kanpo bazkaldu gabe gera ninteke. Non nagoen. Baina bi hizkuntza edo gehiagotan eta euskararen arrastorik ez? Akaso Donostian edo Bilbon lagun gehiago bizi dira ingelesez euskaraz baino? Ez, inondik ere. Poltsikoa beteko diozu Euskal Herrian inon ere berezko hizkuntza ez denari eta mintzaira horretaz ari direnei euskarari eta euskaldunoi baino errespetu handiagoa dien merkatari bati? Nik ez, behintzat. Kantalojas zubira joan dadila kondoi indonesiarrak saltzera.
Karta euskara hutsez zuen jatetxea beste pertsona batzuen eskuetan dago orain. Menua espainieraz eta euskaraz dute. Euskarazko bertsioan mahi bat erreserbatzeko aukeraren berri ematen dizute. Erdarazko testuan, berriz, zuzen idatzi dute: reservar una mesa. Hobe horrela, meza idatziz gero, euskaldun fededun despistaturen batek apaiz bat eska bailezake mahia bedeinkatzeko. Eta elizgizona pozez lehertzen bertaratu, gainera. Besterik ez genuen behar.