Herritarrak estatus politikoari buruz elkarrizketan jartzea du xede Gure Esku-k. Horretarako, konferentzia subiranista antolatu du hilaren 31rako, Ficoban, Irunen, Gipuzkoan. Nazioarteko egoerari, euskal lurraldeetako erabakitze ahalmenari eta ahalmen horiek zabaltzeko aukerei buruzko gogoeta egingo dute, hainbat adituren laguntzarekin.
Estatusaren eta lurralde antolaketaren inguruko eztabaidak irekita daude Ipar Euskal Herrian, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan eta Nafarroako Parlamentuan, Foru Hobekuntza berritzeko lantaldean. Alderdiak ari dira hizketan, eta eztabaida hori herritarrengana eraman nahi du Gure Esku-k. «Euskal herritarrok eskubidea dugu gure erakunde politikoak, gure estatusa zein autogobernu maila eta gure lurraldeen arteko harremanak zuzenean, mugarik gabe eta libre erabakitzeko», adierazi dute gaur konferentzia aurkezteko agerraldian, Donostian.
«Herria eztabaiden eta erabakien partaide egiteak, demokratikoa izateaz gainera, erantzukidetasunaren balioa sustatzen du, eta ezinbestekoa da balio hori. Herritarrok ez dugu ikusle hutsak izan nahi», gaineratu dutenez. Uste du aztertu egin behar dela herritarrak egunerokoan kezkatzen dituzten gai horiek zer-nolako lotura duten burujabetzarekin; hain justu, gai horiek garatuko dituzte konferentzian.
Gure Esku erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimendua denez, ezinbestekotzat jotzen du espazioak eskaintzea «burujabetza jauziekin» lotura duten korapiloak ulertzeko. Horretarako antolatu dute konferentzia subiranista, gai horiei buruz hitz egiteko. «Eztabaida politikoa herritarrei hurbiltzea eta askotariko eragile soziopolitikoak elkarrizketan jartzea gure herriak behar duen ahalmen eta gaitasun politikoaz, hots, estatus politikoaz».
Konferentzia politikoa ekainaren 7ko ekinaldiaren aurretik egingo dute. Izan ere, dozenaka herri batzorde lanean ari dira ekainaren 7an Bilbon ekinaldi nazionala egiteko. Euskalgintza eta kultur eremuko dozenaka lagunek bat egin dute mobilizazioarekin. Bestetik, Irungo konferentzia subiranistan parte hartzeko, Gure Esku-ko webgunean bertan eman daiteke izena.
egitaraua
- 10:00. Harrera.
- 10:15.
Ahalmen politiko gehiago Euskal Herriarentzat, testuinguru globalean herri gisa aritu ahal izateko
Aurkezlea: Naroa Iturri Lizarribar. Parte hartzaileak: Urtzi Urrutikoetxea Vacas (kazetari eta idazlea), Antton Rouget (kazetaria) eta Maite Ubiria Beamount (kazetaria).- 10:45. Ahalmen politiko gehiago Euskal Herriarentzat, euskal lurraldeen erabaki eta eragiteko ahalmena handitzeko
. Dinamizatzailea: Zelai Nikolas Ezkurdia. Isabel Elizalde Arretxea (Eusko Ikaskuntzako kidea eta Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko sailburu ohia), Txomin Poveda (Soziologiako doktorea eta Ipar Euskal Herriko gizarte mugimenduen eta abertzaletasunaren ikertzailea). Ander Errasti Lopez (Etika eta Filosofia Politikako doktorea eta Kataluniako Autogobernuaren Ikerketa Institutuko ikertzaile ohia) eta Susana Serrano Gaztelurrutia (EHUko Finantza eta Tributu Zuzenbideko irakaslea eta EAEko Kontzertu Ekonomikoaren ikertzailea).
- 12:15.Ahalmen politiko gehiago Euskal Herriarentzat, bertan eskubideak zabaltzeko. Dinamizatzailea: Pili Kaltzada Gonzalez. Xabi Anza Olarra (ELAko prestakuntza arduraduna), Jule Goikoetxea Mentxaka (Filosofoa, EHUko irakaslea eta ekintzaile feminista), Idurre Eskisabel Larrañaga (kazetari eta antropologoa, EHUko irakaslea eta Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia), Jaume Lopez Hernandez (Politika eta Administrazio Zientzietako doktorea, ikertzaile soziala eta Kataluniako Generalitateko Gobernu On, Berrikuntza eta Kalitate Demokratikoko zuzendari nagusi ohia)
13:30 Itxiera. Josu Etxaburu Osa. Gure Eskuko bozeramailea.