Euskalgintzako eta euskal kulturgintzako 144 norbanakok eta taldek manifestu bat sinatu dute, burujabetzaren bideari bultzada eman diezaiotela eskatzeko eta Gure Esku-k ekainaren 7an Bilbon egingo duen manifestazioari atxikimendua adierazteko. Herri libre bat. Euskal Herriak erabaki lelopean egingo dute mobilizazioa.
Manifestuan diotenez, ez dute Euskal Herria irudikatzen euskararik eta euskal kulturarik gabe; «baina, gaur-gaurkoz, ez daude mehatxuetatik libre. Euskaldunok ez ditugu hizkuntza eskubideak bermaturik. Euskararen normalizazioaren bideari oztopoak jartzen ari zaizkio, hizkuntza eskubideak bermatzeko neurriak baliogabetzeko: euskararen erabilera, garapena eta unibertsalizazioa trabatzen ari dira».
Beraz, uste dute «premiazko urratsa» dela euskara eta euskal kultura biziberritzea: «Bada garaia euskara Euskal Herri osoan aitortua izateko, hizkuntza ofizial gisa, eta dagozkion eskubide guztiekin». Erabakimen osoa nahi dute euskararen erabilera indartu eta zabaltzeko, eta hizkuntza eskubideak bermatuko diruen «hizkuntza politika eraginkorrak egiteko». Halaber, idatzian azpimarratu dute «tresna eta politika berriak» behar direla sormena, sortzaileak eta euskal kulturaren aberastasuna eta transmisioa sustatzeko eta babesteko.
Hori dela eta, nabarmendu dute beharrezkoa dela «erabakitzeko ahalmenean eta burujabetzaren bidean jauzi bat» egitea. Eta, alde horretatik, bat egin dute Gure Esku-k ekainaren 7an Bilbon egingo duen mobilizazioarekin. Sinatzaileen zerrendan azaltzen dira, besteak beste, Ander Lipus, Anje Duhalde, Joxe Mari Agirretxe Porrotx, Itziar Ituño, Castillo Suarez, Edorta Jimenez, Kike Amonarriz, Mikel Irizar, Idurre Eskisabel, Sagrario Aleman, Xabier Mendiguren Elizegi, Iñaki Soto, Amagoia Mujika Tolaretxipi, Gatibu eta Zetak taldeak...