Konfiantza mozioa jartzeko eskatu dio EAJk Garitanori

Egibarrek ohartarazi du «abisua» dela Alduntzin botatzea; aldatzeko edo konfiantza mozio bat jartzeko esan dio Bilduri

Erredakzioa
Donostia
2012ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Bi aukera jarri dizkio EAJk Gipuzkoako Diputazioari: edo orain arteko jarrera aldatu, edo konfiantza mozio bat eman Batzar Nagusietara. «Martin Garitano ahaldun nagusiak uste badu horrela jarrai dezakeela, neurtu beza bere itzala Batzar Nagusietan; konfiantza ekimen bat aurkeztu behar du, eta badaki gehiengorik ezean dimisioa eman beharko duela». Joseba Egibar GBBko presidenteak egin dio ohar hori Garitanori. Alduntzin botatzea «abisu bat» izan dela esan dio. EAJk, hala ere, baztertu egin du zentsura mozioa jartzea ahaldun nagusiaren aurka, «fronterik» ez baitu osatu nahi.

Hondakinak kudeatzeko plana dela-eta bota dute Juan Carlos Alduntzin Ingurumen diputatua EAJk, PSE-EEk eta PPk, elkar hartuta; mozioaren eztabaidan bertan, ordea, herenegun, PSEk eta PPk argi utzi zuten lehen pauso gisa ikusten dutela diputatuaren aurkako zentsura mozioa; askotan errepikatu zuten prest daudela berriro ere elkar hartzeko EAJrekin, Garitanoren beraren aurkako mozio bat aurkezteko. Ezezkoan daude oraingoz jeltzaleak; adierazi dute ekinaldi jakin bat dela Alduntzinen kontrakoa.

Egibarrek berak aitortu du, nolanahi ere, hondakinen plana baino zerbait gehiago dagoela mozioaren oinarrian: «Inflexio puntu bat izatea nahi dugu, eta diputazioa zuzentzea». Gutxiengoan dagoela ohartarazi dio Bilduri. «Ezin du gobernatu nahierara, Batzar Nagusiak hor ez baleude bezala».

«Gehiengo egonkor bat»

EAJren jarrera ez da koherentea, PSEren eta PPren arabera. «Ikusi dugu nola jarduten duen Bilduk, eta koherenteena litzateke diputaziotik kanporatzea. EAJk gainditu behar du beldur eszeniko hori». Laura Garrido PPko legebiltzarkideak errepikatu du lehen urratsa dela herenegungoa, eta adierazi du EAJk, PSEk eta PPk eratutako «gehiengo egonkor bat» nahitaezkoa dela Gipuzkoan.

PSE ere bat dator eskaintza horrekin. «EAJri bozetan kostatuko zaio, baina horren gainetik daude gipuzkoarren interesak», esan du Jose Antonio Pastor eledunak. Salatu du «EAJren konplizitateagatik edo utzikeriagatik» dagoela diputazioa Bilduren eskuetan.

Nahi horiek kritikatu ditu Bilduk; Alduntzinek berak herenegungo hitzaldian ohartarazi zuen mozioaren atzean joko politikoa soilik dagoela. Halatsu esan du Juanjo Agirrezabala Eusko Alkartasuneko parlamentariak ere: «Bilduren kontra egiteko, aldi baterako enpresa elkargoak bezala, batu egin dira EAJ, PSE eta PP».

Egibarrek erantzun du horrelakorik ez dagoela, soilik Alduntzinen aurka egiteko batu direla oposizioko hiru taldeak. Herenegungo bilkuran Xabier Ezeizabarrena batzarkideak erabilitako argudioa errepikatu du GBBko buruak: «Bilduren aurkako frontean bageunde, Garitano ez zen ahaldun nagusi izango orain».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.