Konpartsero Eguna egingo dute gaur, baimenik gabe ere

Iñaki Azkuna Bilboko alkatearen haserreari egotzi diote konpartsek festa Areatzan egiteko debekua eman izana

Azkunaren lanari buruz ironiaz mintzatu ziren astelehenean. BERRIA.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2012ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Bilboko Aste Nagusia hasteko hilabete baino gutxiago falta denean, aurten ere erabat ozpintzen ari dira konpartsen eta udalaren arteko harremanak. Iñaki Azkunaren gobernuak ez du baimendu aurtengo Konpartsero Eguna azken hogei urteetako kokalekuan egitea: Areatzan. Gaur ziren festa hori ospatzekoak, eta planarekin aurrera jarraituko dute, Areatzan bertan, Bilboko Konpartsek eurek ohar bidez alkateari jakinarazi diotenez: «Badakizu zergatik ez dugun men egingo? Ezin dugulako».

Mendeku gisa ulertu dute konpartsek udalaren debekua. Itziar Villafañez bozeramaileak azaldu duenez, hilabete baino gehiago zen baimena eskatua zutela, festa «betiko lekuan» egiteko. «Eta udalak esan zigun ez zegoela inolako arazorik». Asteartean, ordea, kontrakoa jakinarazi zieten, «inolako argudiorik eman gabe»; hau da, ezingo zutela Konpartsero Eguna Areatzan egin. Aldaketarako arrazoia astelehenean aurkitu dute konpartsek: Azkuna munduko alkaterik onena izendatzeko kanpainarekin bat egin, eta ikur bat eskatu zuten haren omenez, ironiaz betetako prentsaurreko batean.

«Berorren Udal Gorentasunari beti arrazoia ematen diote, eta horretara ohituta dago; horregatik ezin ditu desadostasunak jasan,eta are gutxiago kritikak», ondorioztatu dute konpartsek. Ildo horretan kokatu dute asteleheneko agerraldiaren emaitza: «Munduko alkaterik onena izateko bere hautagaitzari buruz barre egiteak eta Bilboren izena aldatu eta Azkunopolis izendatzeko eskatzeak bere onetik atera du».

Alkatearen haserreari egotzi diote, beraz, baimena ukatu izana, baina konpartsek erabaki dute Konpartsero Eguna bere horretan mantentzea. «Ez dugu konfrontazioaren ikuspegitik egingo, baizik eta gozatzeko eta Aste Nagusirako prestatzeko», zehaztu du Villafañezek. Izan ere, konpartsek ez dituzte ulertzen udalak euren kontra egindako «eraso eta mespretxu etengabeak». Hogei urtez Konpartsero Eguna leku berean ospatu dela ekarri dute gogora: «Inoiz inolako arazorik eragin gabe, eta guztientzako jaia sortzen. Hoberen egiten dakiguna da, eta horrela jarraituko dugu».

Era berean, konpartsek salatu dute herritarren parte hartzearekin eta autogestioarekin lotutako edozein ekitaldi baztertzen duela alkateak, eta deitoratu dute asmo horrekin espazio publikoaren erabilerari buruzko ordenantza «asmatu» izana: «Herritarroi kalearen erabilpena lapurtzen digun araua».

Bildu eta Aralar, konpartsekin

Antzera mintzatu da Bilduko zinegotzi Aitziber Ibaibarriaga. Kalea Guztiona Da taldeak joan den astean egindako salaketa gogoratu du: «Udala behin eta berriro ari da Ez da interes publikokoa leloa erabiltzen, herritarrei inolako eragozpenik sortuko ez dieten jarduerak debekatzeko». Konpartsero Eguna baimentzeko eskatu dio Azkunari, azken urteetako Aste Nagusietan gertatu diren ika-mikak errepika ez daitezen: «Iraganeko gatazkak gainditzeko esfortzua egiten ari dira Batzorde Mistoan, eta mespretxuzko adierazpenek eta jazarpenek ez dute horretan laguntzen». Aralarrek erantsi du debekua «bilbotar gehienen sentimenduen aurkakoa» dela, «jaiak duen parte hartzeak agerian uzten duenez».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.