Hiru urte bete ziren atzo etxebizitza turistikoen kontrako konpentsazio legea Ipar Euskal Herriko 24 herritan indarrean sartu zenetik. Horien artekoak dira Hendaia eta Donibane Lohizune (Lapurdi), eta, hain zuzen, herri bakoitzeko apartamentu bat okupatu dute gaur goizean Aldako ekintzaileek, jabeek konpentsazio legea ez errespetatzeagatik. Horrela, urteurrena gogoratu eta iruzur egileak salatu dituzte denbora berean.
Ez da kasualitatea okupazioak bi herri horietan eta herriko bozen kanpaina betean egin izana: hain zuzen ere, hala Hendaiako nola Donibane Lohizuneko auzapezek —Kotte Ezenarrok eta Jean Francois Irigoienek— konpentsazio legearen arintzea galdegina dute.
Baimenaren epeak gaindituta
Iruzur berbera salatzeko okupatu dituzte bi apartamentuak: jabeek ez dute errespetatu erabilpen aldaketarako baimenaren iraungitze data. Izan ere, batek zein besteak baimenak bazituzten legea indarrean sartu eta denbora batez beren etxebizitza turismorako erabiltzeko, baina baimen horrek muga bat zuen, eta muga hori gainditurik ere lehengo ber baldintzetan alokatzen segitu dute, hots, legea errespetatu gabe. Horren frogatzeko, Aldakoek erreserba bat egin dute Hendaiakoan, uztailerako; Donibane Lohizunekoaren kasuan, urrira arte erreserbatu daiteke webguneetan.
Aldako Xebax Christy bozeramaileak oroitarazi du epe guziak iraungi direla eta, beraz, jabe guziei dagokiela konpentsazio legea errespetatzea. «Oraindik ere jabe gehiegik iruzurra egiten dute, eta beren etxebizitzak etxe turistiko gisa alokatzen segitzen dute baimenik gabe: iruzurti horiek identifikatu eta zigortzea etxeak urte osoko alokairura itzultzearen alde ekitea da».
Eta konpentsazio legearen indartzeko deia egin dute Aldakoek: «Iruzurraren aurkako borroka handitu iruzurgileak auzitara eramanez; Echaniz Le Meur legeak ahalbidetzen duen bezala, etxejabeentzat alokatze egun kopurua 90era jaistea —egungo 120 egunen ordez—; konpentsazioa beste 11 herritara zabaltzea; eta, bereziki, egungo perimetroarekin muga egiten duten herrietara hedatzea».