Euskal gatazkaren konponbiderako eta, bereziki, euskal presoen auziari irtenbide bat emateko aukerak zabaltzen ari direla uste du EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboak. BERRIAra igorritako ohar batean, EPPK-k dio euskal presoen eskubideen aldeko mobilizazioek, batetik, eta nazioarteko «erabaki eta aginduek», bestetik, «abagunea» eskaintzen dutela «salbuespen egoeratik aukera politiko berrien jokalekura igarotzeko».
EPPK-k adibide gisa jarri du Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Espainiako Auzitegi Gorenaren 197/2006 doktrina edo Parot doktrina deiturikoa errefusatu izana. «Europak espetxe politika kriminalaren denbora amaitu dela agindu du. Espetxe politika pitzatzen hasi da. Salbuespen neurrien garaia amaitu da». «Amaieraren hasieran gaude», nabarmendu du.
Nolanahi ere, EPPK-k salatu du orain arte bi estatuek gatazkaren gako politikoak «enoratzen» eta haren ondorioak «manipulatzen» aritu direla, «nazioarteko begien ulertezinaren aurrean». Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren iritziz, baina, jarreraz aldatu eta «zentzuzko bideari ekiteko garaiz» dabiltza oraindik ere bi estatuak.
Horren harira, EPPK-k bere prestasuna agertu du ezker abertzalearen estrategiari jarraiki urrats berriak egiteko. Baina bide horretan ezinbestekotzat jotzen du gatazkaren «gako politikoei» heltzea, «sufrimendu eta min gehiago ez egoteko».
Gai horrekin lotuta, EPPK-ko kideek jasandako eta eragindako sufrimenduari buruzko gogoeta jasotzen du oharrak. «ETAn aritu eta gure Kolektiboaren parte diren kideek seguruenik ongi asko ezagutzen dute atal hau, norberaren mina eta besteri sortutakoa. Zama pertsonal handia da daramaguna adierazpen anker, faltsu eta manipulatzaileei erreparatzeko. Sufrimendu eta min gehiago ez egoteko gako politikoari heltzea baino ez dago».
Gatazkaren ondorioei dagokienez, berriz, EPPK-k Espainiako eta Frantziako estatuei eskatzen die 197/2006 doktrinapean dauden presoak, behin-behinean daudenak eta gaixotasun larriak dituztenak aske uzteko. Halaber, presoen sakabanaketa amaitzea galdegin du. «Euskal Herrian elkartu behar gaituzte prozesuari gure ekarpena egiteko».
Uribetexebarria, eredu
Josu Uribetxebarriaren «muturreko egoerari» buruzko hausnarketa batekin hasi eta amaitu du bere oharra EPPK-k, eta haren borroka gainontzeko presoentzat eredugarria izaten ari dela dio. Halaber, Mikel Egibar presoaren senideek duela bi aste izandako auto istripua eta Iñaki Erro presoaren egoera gogoratu ditu presoen kolektiboak.
Euskal presoak
Konponbiderako aukerak zabaltzen ari direla dio EPPK-k
Uste du mobilizazioek eta nazioarteko «erabaki eta aginduek» jokaleku berri batera igarotzeko abagunea ematen dutelaGatazkaren gako politikoei heltzeko eskatu die estatuei, «min gehiago egon ez dadin»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu