Altsasuko Gurasoak plataformako kideak Estrasburgon daude, Europako Parlamentuak han duen egoitzan, eta bilerak izan dituzte zenbait talde parlamentariorekin, Altsasuko auziko gazteen egoera zertan den azaldu eta eskaera zehatza egiteko: parlamentariek Europako Batzordeari eska diezaioten auzibidea «gertutik» jarraitzeko.
GUE/ENL ezkerreko talde parlamentarioarekin eta Greens- EFA Europako Aliantza Librea taldearekin batzartu dira gaur Bel Pozueta eta Edurne Goikoetxea, eta bihar ere aurrez aurreko bilera izango dute zenbait parlamentarirekin. Gaurko bi bileren arteko atsedenaldian mintzatu da Pozueta BERRIArekin: «Ez genuen hainbeste jende espero; aretoa parlamentariz beterik egon da. Bilera laburra izan da, baina oso zehatza: egoera azaldu diegu, salatu dugu behin-behineko espetxealdian hiru urte daramatzatela, epaia irmoa ez den arren, gogoratu dugu bere garaian Frans Timmermansek [erakundeen arteko arloko komisarioak] hartu zuela afera gerturik jarraitzeko konpromiso pertsonala, eta eskatu dugu konpromiso hori berresteko».
Parlamentari batzuek esan dute zuzenean eramango dutela gaia Timmermansengana. Hori dela eta, «pozik» daude espetxeratutako gazteen gurasoak: «Gure auzia haien agendetan egotea nahi dugu, eta haien eskuetan dagoen guztia egin dezaten injustizia hau bukatzeko».
Gorenaren ebazpena
Espainiako Auzitegi Gorenak bihar aztertuko du Altsasuko jaietan izandako liskarrarengatik espetxeraturik dauden gazteen auzia. Pozuetak dio «kontu handiz» ikusten dutela Gorenak egin beharreko saioa: «Ibilbide honetan jaso ditugun epaiak hain gogorrak eta hain bidegabeak izan direnez, Gorenarena ere kontu handiz ikusten dugu».
Dena dela, gurasoek badakite oraingoan Gorenaren eskuetan dagoela auzia amaitzeko aukera: «Hiru urte daramatzagu kontu honekin, gazteek hiru urte daramatzate kartzelan, hau neurri guztietatik kanpo dago, eta bukatzeko aukera badugu».
Espainiako Auzitegi Nazionalak, emandako bi epaietan, ebatzi zuen Altsasun 2016ko urrian gertatutakoa ez zela terrorismo delitua izan, eta fiskaltzak eta akusazio partikularrek ez zuten helegiterik jarri erabaki horren kontra. Beraz, Auzitegi Gorenak ez du afera horren inguruan eztabaidatuko. Beste kontu batzuk izango dituzte aztergai: akusatuak absolbitu behar ote diren, edo jarri dizkieten zigorrak murriztu daitezkeen.