Kataluniako egoera izan du aipagai editorialean Financial Times Erresuma Batuko kazeta ekonomikoak, Espainiak talkatik ihes egin beharko luke izenburu duen artikuluan. Bertan, egunkariak kritikatu du ez dagoela elkarrizketarik Kataluniako eta Espainiako gobernuen artean, eta nabarmendu du "erantzun politikoa behar duen arazo politikoa" dela Kataluniakoa.
Editorialean gogorarazi du Espainiako Konstituzioak ez duela kontsulta baimentzen, baina Eskoziako independentzia erreferendumaren ostean, mugitzea Rajoyri dagokiola uste du Financial Times-ek: "Eta azkar". Proposamena ere egiten dio: "Espainiako Konstituzioak zerbitzu ona egin dio herrialdeari, diktadura osteko gizarte zatitu bati jokaleku bat eskainiz. Baina horrek ez du esan nahi hobetu ezin daitekeenik". Konstituzioaren atzean "ez ezkutatzeko" eskatu dio egunkariak Rajoyri.