Kontrolak azkartuko dituzte Ipar Euskal Herrian

Hego Euskal Herritik Ipar Euskal Herrira sartzeko baldintzak indartu ditu Frantziako Estatuak. 500 jendarme eta polizia arituko dira lanean pazko asteburuan.

Frantziako Polziaren kontrola Biriatuko mugan, artxiboko irudia. GUILLAUME FAUVEAU
Oihana Teyseyre Koskarat.
2020ko apirilaren 10a
10:46
Entzun

Eric Spitz Pirinio Atlantikoetako prefetak iragarri du Hego Euskal Herritik Ipar Euskal Herrirako muga zeharkatzeko agiri berezi bat erakutsi beharko dela. «Baliozko arrazoi bat beharko du Ipar Euskal Herrira sartu nahi duen pertsona orok», esan du Spitzek. Hala, ziurtagiri bat erakutsi beharko zaio Frantziako Poliziari. Laneko arrazoia bada, enpresaren agiria ere beharko da. Frantziako Gobernuaren webgunean eskura daiteke agiria.

Pazko asteburua dela eta, kontrolak azkartu egingo dituzte Ipar Euskal Herrian. Guztira 500 polizia eta jendarme arituko dira kontrolak egiten, turisten etorrera oztopatzeko eta herritarrek konfinamendua errespetatzen dutela egiaztatzeko. Bigarren etxebizitzak diren lekuetan «begirantza handia» izanen dutela esan du.

Iragan asteburuan Miarritzeko ordainlekutik 63 auto «soilik» pasatu eta «guztiak kontrolatuak» izan zirela gehitu du Spitzek.

Bestalde, egoera ekonomikoa ere aipatu du Spitzek. Langabezia partziala 9.450 enpresa baino gehiagotan eskatu dute; orotara 70.000 langilek egin dute galdea merkataritzaren sektorean.

Turismoaren sektorean «eragin handia» izango duela esan du Spitzek, baina uste du «goizegi dela» kaltea neurtzeko. «Aurrekaririk gabeko egoera ekonomikoan gaude, baina oraindik ezin dugu neurtu zer heinetarainoko ondorioak izanen dituen», deitoratu du. Frantziako Estatuaren zorrak mila milioi euroko heina gainditu du atzotik, Spitzek esan duenez.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.