Kontrolpean dute larunbatean Urraulgoitin piztutako sutea

Amparo Lopez Nafarroako Barne kontseilariak adierazi du suteak 60 hektarea erre dituela eta ez dela inor zauritu. Sutearen jatorria zein izan zen ikertzen ari dira oraindik, baina baieztatu dute «giza ekintza batengatik» piztu zela.

Helikoptero bat Zarrakazteluko sutea itzaltzeko lanetan, abuztuaren 12an. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Helikoptero bat Zarrakazteluko sutea itzaltzeko lanetan, abuztuaren 12an. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Ane Etxandi.
Iruñea
2025eko irailaren 8a
13:44
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urraulgoitin (Nafarroa) piztutako sutea egonkortzea lortu dute. Larunbat arratsaldean piztu zen, 14:19an, Santa Fe inguruan. Tenperatura beroek eta hego-haize bolada indartsuek egoera zaildu zuten. Ez da inor zauritu. Nafarroako Gobernuko Barne kontseilari Amparo Lopezek gaur goizean zehaztu duenez, suteak 60 hektarea erre ditu. Oraingoz ez dakite zerk piztu zuen, eta Guardia Zibila, Foruzaingoaren laguntzarekin, lanean ari da jatorria argitzeko. Baieztatu dute «giza ekintza batengatik» piztu zela.

Abisua jaso zutenean, eta larritasuna ikusita, suteen aurkako planaren bigarren maila aktibatu zuen Nafarroako Gobernuak. Espainiako Gobernuaren Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioari laguntza eskatu zion. Lurrez sartzeko eremu konplikatua zenez, airetik ahalegindu ziren sua itzaltzen. «Ordu zailak» izan zirela adierazi du Lopezek: SOS Nafarroak etengabeko jarraipena egin zuen, eta alkateekin harremanetan jarri ziren. Errepide bat itxi behar izan zuten, eta inguruko herrietako biztanleei leihoak ixteko aholkatu zieten, ke bolada handiak iristen ari zirelako.

«Sutea arriskutsua zen, batez ere Pirinioaurreko eremua delako, eta oso erraz heda zitekeelako», azaldu du Lopezek. «Zuhaiztia hartuz gero, oso azkar sakabanatu zitekeen sua. Horrek kezkatzen gintuen gehien. Oso azkar bidali genituen baliabideak, eta azkartasun hori izan zen gakoa soilik 60 hektarea kaltetzeko».

Eguraldia alde

Gau osoa lanean eman ostean, sutea egonkortzea eta hari perimetroa jartzea lortu zuten. Ondorioz, suteen aurkako planaren lehenengo maila aktibatu zuten atzo arratsaldean. Bart, sua itzaltzeko lanekin jarraitu dute; eguraldia alde izan dute oraingoan, eta horrek lagundu die sua kontrolpean izaten. Kontseilariak jakinarazi du suteen aurkako planaren zero maila aktibatu dutela gaur goizean, baina suhiltzaileek lanean jarraitzen dutela sua guztiz itzaltzeko.

Datozen asteei begira, Lopez kontseilariak ohartarazi du oraindik ez dela amaitu suteak pizteko arriskua. Azaldu du klima aldaketak berekin dakarrela «urtaroak aurreratzea, tenperaturak beroagoak izatea eta lurra lehorrago egotea», eta horregatik «edozein giza ekintzak» egoera arriskutsuak eragin ditzakeela. Halakorik gerta ez dadin, kontuz ibiltzeko eta arduraz jarduteko eskatu die herritarrei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.