Larunbatean milaka euskaltzale batu ziren Iruñean, Euskalgintzaren Kontseiluak deitutako Euskaltzaleon Martxan, Euskaraz bizitzeko behar den dena lelopean. Hiru eskari nagusi atera zituzten kalera: euskara Euskal Herri osoan ofiziala izatea, hizkuntza politiketan jauzi bat egitea eta euskaltzaletasuna indartzea. Kontseiluak ontzat jo du mobilizazioa gaur: «Euskaltzaleon Martxa urrats garrantzitsua izan da pizkunde berri bat eragiteko bidean».
«Euskalgintzaren Kontseilua osatzen dugun eragileok gustura gaude Euskaltzaleon Martxaren emaitzarekin, berriro ere ikusi baitugu euskarari etorkizuna emateko herri gogoa bizirik eta indartsu dagoela», nabarmendu dute ohar batean. Hori horrela, lehendabizi, eskerrak eman dizkiete euskaraz bizitzeko behar den dena eskatzeko Iruñean bildutako milaka euskaltzaleei: «Larunbatean Iruñea elkargune garrantzitsu bat izan zen euskaltzaletasuna elikatzen jarraitzeko, euskararen eta euskal hiztun komunitatearen larritasun egoeraz jabetzeko, elkarrekin ahalduntzeko eta antolatzeko. Finean, euskarak behar duen pizkundearen beste txinparta bat pizteko».
Bereziki goratu dute gazteek martxan izan zuten presentzia. Ostegunean hasi ziren horiek mobilizatzen, Gazte Euskaltzaleen Sareak antolatuta martxa bat egin baitzuten Urepeletik (Nafarroa Beherea) Iruñera. Gainera, Kontseiluak goraipatu egin du Euskaltzaleon Martxaren amaieran, Gazteluko plazan, gazte horiek esan izana prest daudela euskararen aldeko borrokaren lekukoa hartzeko. Euskaltzaleon Martxa hiru zutabetan banatu zuten, eta Kontseiluak nabarmendu du zutabe horietako bitako pregoiak gazteek irakurri zituztela: Azterketak Euskaraz mugimenduak eta sareetan euskaraz aritzen diren eduki sortzaileek. Halaber goretsi dute Euskal Herriaren luze-zabaletik joan izana euskaltzaleak Iruñera: «Balioetsi nahi dugu kalean nabari eta arnasten zela Euskal Herri osotik etorritako euskaltzaleak batu zirela Iruñean, Araba, Bizkai, Gipuzkoa, Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa osokoak».
Milaka euskaltzaleren «presentzia nabarmenaz» gain, nabarmendu dute «gizartearen ordezkaritza zabal bat» izan zela han, «euskaltzaletasunera oso leku desberdinetatik iritsitako jendea, bizipen eta arrazoi desberdinek bultzatutakoa, genealogia eta ikuspuntu desberdinetakoa». «Euskal gizartean euskararen alde» dagoen jarreraren lagin bat, hain zuzen ere. Izan ere, EAJk, EH Bilduk, Geroa Baik, EH Baik, EAk, Sortuk, Alternatibak, EHKSk, ELAk, LABek, Steilasek eta ESKk adierazi zioten babesa martxari. Eta: «Hainbat arlotako ehunka gizarte eragilek bat egin zuten deialdiarekin: kultura mundukoek, kirol arlokoek, eskubide sozialen aldekoek, euskalgintzakoek... Pozez eta esker onez hartu dugu jasotako babes guztia».
Aurrera begira
Orain, aurrera begira jarrita dago Euskalgintzaren Kontseilua. «Euskarak premiazkoa duen pizkunderako txinparta bat piztu dugu, baina hau ez da hemen bukatuko. Euskararen normalizazioan eta biziberritzean aurrera egiteak indar handia eskatzen du oraindik ere». Kontseiluak jarrita dauka erronka: euskalduntze erritmoa orain halako bikoa bihurtu eta hamar urtean beste 300.000 euskaldun sortzea. Baita erabilera hauspotzea ere: bost puntu igo eta %20ko langa gainditzea. «Erronka anbiziotsua, baina, aldi berean, egingarria da. Prest gaude lan horretan jarraitzeko, eta ziur gaude milaka euskaltzale ere prest daudela bide hori indartsu egiteko».
«Euskarak premiazkoa duen pizkunderako txinparta bat piztu dugu, baina hau ez da hemen bukatuko. Euskararen normalizazioan eta biziberritzean aurrera egiteak indar handia eskatzen du oraindik ere»
EUSKALGINTZAREN KONTSEILUA
Bide horretan, zenbait mobilizazio izango dira: azaroaren 21ean, manifestazioa Baionan, «Ipar Euskal Herrian euskararen ofizialtasunari bultzada bat emateko», Euskal Konfederazioan batzen diren eragile euskaltzale guztiek deituta. Eta, abenduaren 19an, mobilizazioa berriz ere Iruñean, Nafarroan zonifikazioa ezarri zuen legeak berrogei urte beteko dituela eta, «desberdinkeria hori amaitu eta euskara Nafarroa osoan ofiziala izan dadila eskatzeko».