Iruñera buruz abiatu dira gazte euskaltzaleak Urepeletik, «mugari desobedientzia» eginez

Auritzera iristekoak dira gaur goizean Urepeletik oinez abiatutako 70 gazteak. 'Gazte euskaltzaleok bidea urratu' lelopean, Euskalgintzaren Kontseiluak deitutako manifestazio nazionalera iritsi arte ibiliko dira.

Gazte euskaltzaleak Urepeletik ateratzen, gaur goizean. PATXI BELTZAIZ
Gazte euskaltzaleak Urepeletik ateratzen, gaur goizean. PATXI BELTZAIZ
Leire Casamajou Elkegarai
UREPELE
2026ko ekainaren 11
16:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Beldur Auritzeko (Nafarroa) gauen hotzaz, eta eguneko beroaz, Urepelen (Nafarroa Beherea) elkartu dira gaur goizean Euskal Herri osoko 70 bat gazte euskaltzale. Gazte Euskaltzaleon Sareak deiturik, Iruñeraino ibiliko dira elkarrekin, hiru egun eta bi gauez, hots, Euskalgintzaren Kontseiluak antolatutako Euskaltzaleon Martxara arte, larunbatean, 17:00etan. Anartean, bideari ekin diote gazteek, Nafarroara buruz, oinez.

Euskaraz bizitzeko behar den dena lelopean eginen dute larunbatean Euskaltzaleon Martxa, Iruñean; hain zuzen ere, «behar den» horren parte dago euskal gazteria ere. Hori dela-eta antolatu dute gaur abiatu eta larunbateko manifestazio nazionalera iristekoa den gazte euskaltzaleen ibilaldia: Gazte euskaltzaleok bidea urratu, zioen goizean Urepelen agertutako banderolak. Urepeletik Auritzera joatekoak dira gaur, eta Auritzetik Larrasoañara bihar.

Gure Amentsa ezkerparetaren aitzinean bildu dira denak, 11:30ak aldera, keinu bat balitz bezala kontatzeko hiru egunez zeren gibeletik ibiliko diren: euskararen kontrako oldarraldirik gertatuko ez litzatekeen garai baten ametsa. Gorka Robles Maiz ibiltzera etorritako gazteen artean egon da, «erreakzio global bat ematen ari den egoeraz» oso kontziente: «Logika kapitalista, neoliberal, kolonialista eta patriarkal batetik dator... Euskal Herrian, zehazkiago, saiakera bat dago gure hizkuntza desagerrarazteko edo desitxuratzeko, frantses eta espainolismoaren forma hartuta». Hala, Euskalgintzaren Kontseilua aldarrikatzen ari den pizkunde berri baterako beharraren ildotik, Robles Maizek erran du delako pizkundeak «erreakzio horri aurre» egin beharko diola ezinbestez, eta Euskal Herriaren «nazio izaera berretsi».

Izan ere, ez da kasualitatea gazte euskaltzaleen ibilaldia Urepeletik abiatu bada. Izar Zubiaga Gazte Euskaltzaleen Sareko kideak erran duenez, «funtsezkoa» zen haientzat Urepeletik abiatzea, «muga horri desobedientzia ekintza moduko bat egiteko». Muga horiek «ezarritako mugak» dira, «ezarritako legeak dauden bezala, desobeditu behar direnak». Ipar Euskal Herriko ikasleei egin die erreferentzia, bihar bertan baxoko Matematikako azterketari euskaraz erantzunen baitiote desobedientziaz, zuzenduak ez izateko arriskua harturik. Hori dela eta, elkartasun argazkia atera dute gazteek Urepelen, Azterketak euskaraz banderola eskutan.

Logistika kontuak laster batean trenkatu dituzte gero: zakurik lodienak, tapizak eta lo zakuak gela aitzinean utzi dituzte, furgoiek ekarriko baitizkiete puntu batetik bestera. Antolatzaileek prestatutako gosaria hartu dute gero, sagarrak, goxokiak eta ura... Abiatze prest, mikroan mintzatu da Zubiaga, martxari hasiera emateko: «Gure artean saretuko gara, aliantzak egingo ditugu, eta gure aldarriak zabalduko ditugu. Euskal Herri osoan entzun gaitzatela: gazteok euskararen alde borrokatuko garela, ezartzen zaizkigun lege arrotzak desobedituko ditugula, eta hau dena antolakuntzaren bidez egingo dugula. Azkar edo geldo, baina beti aurrera eginez».

Hitzeman bezalaxe abiatu dira, azkenean, Urepeleko bide nagusitik Nafarroara buruz, euskaraz bizitzeko behar duten dena aldarrikatzera. «Pizkunderik bada, gazteok horren barruan egongo gara, eta ezinbestekoak izango gara», ondorioztatu du Zubiagak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE