Kontseiluak salatu du Eibarko Udalaren aurkako sententziak hizkuntza eskubideen aurkako doktrinan sakontzen duela

Legegintzaldi berrian «oldarraldiari aurre egiteko konpromisoak» hartzeko eskatu diete euskararen aldeko indar politikoei Euskalgintzaren Kontseiluak eta Eibarko Eta Kitto elkarteak.

A-4 EUSKARAREN AURKAKO OLDARRALDIA
Joan den azaroaren 4ko euskalgintzaren manifestazioa, Bilbon. ARITZ LOIOLA
Iñaki Etxeleku.
2024ko apirilaren 25a
13:00
Entzun

Euskalgintzaren Kontseiluak eta Eibarko Eta Kitto elkarteak iharduki dute Donostiako Auzitegiak apirilaren 19an Eibarko Udalaren aurka hartutako erabakiari buruz. «Euskararen normalizazioaren eta herritarren hizkuntza eskubideen aurkako oldarraldi judizialean kokatu» dute sententzia. Izan ere, auzitegiak erabaki zuen Eibarren 30 urtez lan egin duen udaltzain batek ez duela euskara ikasi beharko finko izateko.

Kontseiluak eta euskara elkarteak auzitegiaren argudioak salatu dituzte agiri batean: «Juridikoki eztabaidagarria den 2023ko Laudioko beste sententzia batean oinarritzen da». Uste dute «azkenaldian herritarrok jasaten ari garen hizkuntza eskubideen aurkako doktrina indartzen» duela Donostiako Auzitegiaren erabaki horrek.

Bi egiturek «babesa» erakutsi diote Eibarko Udalari «sententziari helegitea jarri eta prozedura judiziala azkeneraino eraman dezan». Halaber, «herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatzearen alde dauden indar politikoei» dei egin diete «legegintzaldi berrian oldarraldiari aurre egiteko konpromisoak har ditzaten». Besteak beste, «administrazio publikoko hizkuntza irizpideen paradigma» aldatzera gomitatu dituzte, «gaztelera izan ez dadin enplegu publikorako obligaziozko hizkuntza bakarra».

Administrazioaren betekizunak

Administrazioko langile baten betebeharrak bestelakotzen ditu sententzia berriak, agiriaren egileen arabera: «Administrazio publikoak du herritar guztien eskubideak bermatzeko betebeharra, eta, horretarako, ezinbestekoa da langile publiko guztiek bi hizkuntza ofizialen ezagutza izatea». Horretarako bi molde badirela zehaztu zute: lanpostuetarako gutxieneko hizkuntza eskakizunak jartzea edo jada langile direnak euskalduntzeko ahalak ezartzea. Diotenez, langile publikoek baitezpadako betekizun gisa ikusi behar dute euskara jakitea, eta ikastaroak ez dira alferrikoak izan behar: «Administrazioak ordaindutako euskara ikastaroak aprobetxatzen ez direnean, herritarren zein langileen eskubideak urratu eta baliabide publikoak xahutzen dira».

Euskalgintzako ordezkariek beste arazo bat ere salatu dute, Donostiako Auzitegiaren erabakiak agerian eman duena: 2017tik Eibarko Udaltzaingoak gutxienez zazpi kexa jaso dituela herritarren hizkuntza eskubideen urraketen arloan, eta herritarren hainbat salaketa jaso direla Hizkuntz Eskubideen Behatokian ere. «Kontuan izan behar da kexa horiek errealitatean gertatzen diren urraketen lagin txiki bat besterik ez direla», gehitu dute.

LAB sindikatuak ere hizpide izan du epaia. Oldarraldi judizialarekin lotu du, bete-betean: «Euskara baztertzailetzat jo eta hizkuntzaren normalizazio prozesua kolpatzen duen enegarren epaia da». Ebazpen horien atzean muin bat bera dagoela uste du. «Euskara ezagutzea baztertzailea da, baina antza gaztelera ezagutzea ez». Hori aldatu behar dela argudiatu du, eta euskarari «gutxienez» gazteleraren «maila bera» eman behar zaiola.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.