Ikasturte berrirako planak bolo-bolo dabiltzala, euskarari buruzko «kezka» agertu du Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak: «Orain arte, tamalez, ezer gutxi entzuten ari da ikasturte berriko eskolaratzean euskararen gaiak izan beharreko arretaz». Kontseiluak ohartarazi du pandemia hasi aurretik ere bazutela ezinegona, eta are gehiago ondoren, «milaka eta milaka haurrek eta nerabek ez baitute inolako loturarik izan euskararekin ia urte erdiz». Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak erran du erreparatu egin behar zaiela itxialdiak eragin dituen «kalte eta ondorioei», eta horren arabera prestatu behar dela ikasturte berria, euskararen gaia «erdigunean» kokatzeko. Kontseiluak berak ekainean aurkezturiko Geroa Euskaratik adierazpenaren ildoari jarraitzen dio orain egindako ohartarazpenak.
Hezkuntzaren alorrean neurri zehatzak hartzeko eskatu diete instituzioei: bertzeak bertze, ikasturte hasieran hizkuntza gaitasunen ebaluazioa egitea, hizkuntza errefortzuak indartzea, baliabide pertsonal eta materialak gehitzea, ikasle ratioak egokitzea, ahozkotasuna jorratzeko errefortzuak ematea eta «ikasleen emozioak euskararen erabilerarekin lotzeko helburua duten programak» abian jartzea.
Nafarroa eta Jaurlaritza
Nafarroako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari mezu zuzena bidali die Kontseiluak. Carlos Gimeno Nafarroako Hezkuntza kontseilariak iragarria du jada ikasturte hasierarako plana, baina Kontseiluak salatu du horren barnean ez dagoela ikasleen euskara gaitasunak hobetzeko «aurreikuspenen inguruko neurririk». Eusko Jaurlaritzak datozen egunetan zehaztuko du ikasturte hasierarako plana, eta Kontseiluak eskatu dio ez diezaiola «bizkarra eman» hizkuntzaren auziari: «Erakundeok, eragileok eta herritarrok egunerokoan egiten ditugun hizkuntza hautuek bideratzen dute hizkuntza politika jakin bat. Horrexegatik, hezkuntzaren eremuan ere neurri zehatzez osatutako politika garatzeko ordua da».