Epaileak aspalditxoan ari dira euskara eskakizunen aurka ekinean, eta, horri langa jartzeko, Euskal Enplegu Publikoaren Legea aldatzeko bi proposamen daude mahai gainean: EAJrena eta EH Bildurena. Eztabaida zabalik dago Eusko Legebiltzarrean, eta, ekarpenak egite aldera, gizarte eragileak eta norbanakoak agerraldi saldo bat egiten ari dira Erakunde, Gobernantza Publiko eta Segurtasun Batzordean. Gaur, besteak beste, Euskalgintzaren Kontseiluaren txanda izan da, eta zera aldarrikatu du: lanpostu publikoetarako sarbidean euskarari «gutxienez gaztelerak duen estatusa» aitortu behar zaiola.
Idurre Eskisabel idazkari nagusiak eta Manex Mantxola koordinatzaileak hartu dute hitza. Egoeraren argazkia egin dute, hasteko. Oldarraldi judiziala izan dute hizpide. Haien esanetan, oldarraldia hasi zenetik 38 epaik «eragin zuzena» izan dute zortziehun lanpostutan. «Eta epaitegien mehatxuek eta ziurgabetasunak are eragin handiagoa dute». Eta, are, nabarmendu dute epaitegien jardunbideak baduela ondoriorik: «Euskararen desofizializazio prozesu bat da hau».
Horrenbestez, «alde positiboa» ikusten diote lege aldaketari, eta hori hiru ildoren bueltan egin behar dela uste dute: hizkuntza eskubideak giza eskubideak direla; ez dagoela atzerapausorik ematerik; eta euskarari gutxienez gaztelerak duen estatus juridiko bera aitortzea, euskaldunak diskriminatzeari uztea. «Gaztelaniak duen estatus bera euskararentzat; hori da eskatzea zilegi den gutxienekoa. Ez biktimismoz, justizia sen batez baizik. Horrek politika jakin batzuk eskatzen ditu. Kasuan-kasuan, euskara lehenestea eskatzen dutenak». Egin daitekeelakoan daude: «Administrazioa hamabost urtean euskalduntzeko baldintza sozial eta politikoak badaude».
Eztabaidaren emaitzak
Zehaztu dute Eusko Legebiltzarreko eztabaidaren emaitzak zeintzuk izan behar liratekeen ere. Bat: burujabetza berreskuratzea. Izan ere, orain epaitegiek dute erabakimena, Kontseiluaren irudiko: «Lehenik eta behin, erakunde publikoek hizkuntza politika erabakitzeko eta euskararen normalizazioan aurrera egiteko burujabetza berreskuratu behar dute. Burujabetza, azken finean, hori baita: eskubideak sortzeko boterea». Eta bi: «normalizazio erreala» martxan jartzeko bidea ematea: «Izan ere, erabat okerra da hizkuntza baten normalizazioa administrazioan hizkuntza horretan artatua izateko eskubidera mugatzen duen diskurtsoa».
Gainera, Kontseiluko ordezkariek nabarmendu dute euskararen normalizazioa eta biziberritzea ezin dela mugatu hautu indibidualetara eta eskariaren eta eskaintzaren logikara; harago joan behar dutela erakundeek: «Erakunde publikoak ez dira enpresa bat, errealitatea eraldatzeko tresna baizik. Hain zuzen, euskararen normalizazioa eta biziberritzea eraldaketa sozialeko prozesu bat da, kolektiboa eta justizia sozialean oinarritua, administrazioaren kasuan euskaraz artatzeaz gain euskaraz lan egitea bermatuko duena eta euskalduna izateaz gain euskaltzalea ere izango dena. Duten arduragatik, erakunde publikoek ez lukete izan beharko errealitatearen eta herritarren ispilu, baizik eta eredu».
Horregatik guztiagatik, Kontseiluak uste du eztabaidaren emaitza ezin dela mugatu oldarraldiari erantzutera eta atzeraldia gelditzera: «Ezinbestekoa da euskarari behar duen arkitektura juridiko berria eskaintzea, gaztelaniak duen estatusarekin parekatuko duena, egungo hizkuntza eskakizunen paradigma gainditu eta langile publiko guztiek euskararen ezagutza izan dezatela bermatuko duena». Horretarako «ausardia eta ardura» galdegin dituzte: «Euskararen etorkizuna dago jokoan. Baditugu baldintzak. Egin dezagun jauzia».
Beste agerraldi batzuk
Kontseiluarena ez da izan agerraldi bakarra. Iñigo Urrutia legelaria ere aritu da hizlari. Bi proposamenen azterketa xehea egin du. EAJrenarekin hasi da. Azaldu duenez, proposamenak derrigorrezko indizea «zokoratzen» du, eta haren ordez administrazio bakoitzak egindako «proportzionaltasun analisi bat» ezartzea proposatzen du. Analisi horren arabera, administrazio publiko bakoitzak zehaztu beharko du bi hizkuntzak jakitea nahitaezkoa izango den postuen kopurua. «Hizkuntza aldetik, autonomia zabaltzen du, eta hori positibotzat jo daiteke. Entitate bakoitza arduratuko litzateke bere proposamen propioaren proportzionaltasuna aztertzeaz. Askatasun horren arabera, derrigortasunak gora eraman daitezke zein behera». Baina arriskuak ere baditu, Urrutiaren irudiko: «Administrazio bakoitzak egiten duen proportzionaltasun judizio hori epaitegiek berrikus dezakete». Uste du gaurko egoeran «berme gehiago» eska dakizkiokeela legeari: «Zalantza dut proposamena jurisprudentzia iraultzeko nahikoa eraginkorra izango ote den».
EH Bildurenaz ere jardun du. «Bi hizkuntza ofizialak jakitea sarbiderako arau orokor bihurtzen da. Eta administrazioei ahalmena ematen zaie salbuespenak zehazteko. Justifikatu behar dena da zer lanpostutan ez den nahitaezkoa izango euskaraz jakitea». EH bildurena proposamen sendoagoa begitantzen zaio: «Segurtasun juridikoaren ikuspegitik, proposamen sendoa da. Abantaila nagusia da legeak berak ezartzen duela araua, bi hizkuntza ofizialak jakitea, eta justifikatu behar dena salbuespena da».