Kontsumitzaileen defentsarako elkarte izaera ukatu dio prefetak Aldari

Izaera horrek ematen dio bide Aldari kontsumitzaileen interes kolektiboak justiziaren aitzinean defendatzeko, auzi bateko parte zibil izanez, adibidez. Aldaren «ekintza moldeak» gaitzetsi ditu prefetak, eta Aldak haren erabakia salatu du.

Aldaren ekintza bat, aurtengo martxoan, konpentsazio legearen hirugarren urteurrena markatzeko. GUILLAUME FAUVEAU
Aldaren ekintza bat, aurtengo martxoan, konpentsazio legearen hirugarren urteurrena markatzeko. GUILLAUME FAUVEAU
Leire Casamajou Elkegarai
2026ko ekainaren 15a
20:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urrats bat aitzina eta beste bat gibelera Alda auzoetako elkartearen ibilbidean. Joan den astean turismorako etxeen konpentsazio legearen alde egin zuen Frantziako Estatu Kontseiluak, hots, Aldak aspaldidanik defendatzen duen sistema baten alde. Gaur jakinarazi dutenez, ordea, Jean Marie Girier Pirinio Atlantikoetako Departamenduko prefetak kontsumitzaileen defentsarako elkarte izaera ukatu dio Aldari: izaera horrek eman dio bide orain arte kontsumitzaileen interes kolektiboak justiziaren aitzinean defendatzeko.

«Erabaki politiko injustua» dela salatu du auzoetako mugimenduak, «Ipar Euskal Herriko biztanleei ezinbesteko tresna kenduko diena». Hain zuzen ere, 2020tik, Alda sortu zenetik, hainbat auzibidetako parte zibil izan da zenbait alokatzailek jabeen kontra abiatutako prozedura judizialetan. Elkarteak adierazi duenez, «aste oro, 450 bat dosier iristen zaizkie». Izan daiteke jabe pribatu batek legea eta alokatzaileen eskubideak ez errespetatzea, baina ez hori baizik, gauza bera gertatu izan baita zenbait higiezin agentziarekin.

Zenbaitetan, legearen urraketa salatzeko, Aldak apartamentuak okupatu ditu —higiezin agentziak, bestela—. Hori bera leporatu die Girier prefetak, galdetutako elkarte izaerari ukoa emateko gutunean: «Erabilitako ekintza moldeek ez dute bat egiten engaiamendu errepublikanoaren printzipioekin: agentziak edo jabeak publikoki salatu leku pribatuak bortxaz okupatu dituzte, eta manifestazioak edo okupazioak eremu publikoan baimenik gabe antolatu».

Aldak, berriz, prefetari oroitarazi nahi izan dio bide horiei esker lortu direla aitzinamenduak legedian, hala nola alokairuen mugatzea ezarri duen legean. Ez dute baztertu Administrazio Auzitegira jotzea prefetaren erabakiaren kontra egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE