Etxe agentzia eta bitartekaritza plataforma handi bakar batek ere ez ditu betetzen legeak ezarritako baldintza guztiak tentsio handiko eremuetan. Kontsumitzaileari ez diote legeak ezarritako informazio guztia ematen webguneetan. Kontsumobidek 40 etxe agentziaren eta hiru bitartekaritza plataforma handiren webguneak aztertu ditu, ea informazio betebeharrak betetzen dituzten ikusteko. 43 horietatik bakar batek ere ez ditu betetzen guztiz legeak ezarritako informazio baldintzak. Kontsumitzaileen eskubideak babesteko organismo autonomo bat da Kontsumobide, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailari atxikia.
Betetzen ez dituzten neurri «larrienen» artean bi nabarmendu ditu Kontsumobidek. Alde batetik, «ezkutatu» egiten dutela etxea tentsio handiko eremu batean dagoela eta, beraz, ez dutela adierazten higiezina araubide juridiko horren mende dagoela. Hori «funtsezko» datua da Kontsumobiderentzat, «maizterraren portaera ekonomikoari eragiten» baitio. Bestetik, ez dutela jakinarazten azken bost urteetako azken errentaren zenbatekoa, eta ezta aplikatu beharreko prezioen erreferentzia indizea ere.
Bilerak eta ikuskatzeak
Emaitza hain argia izanda, zer egingo du Kontsumobidek? Aurrena bilerak egingo ditu etxe agentziekin eta atariekin, emaitzak aztertzeko eta «azpimarratzeko» egiten duten publizitateak «egiazkoa, eraginkorra eta nahikoa» izan behar duela. Etxe agentziei gogoraraziko die beren gain hartu behar dituztela zenbait gastu: higiezinen kudeaketa gastuak eta kontratua egitekoak. Bilera horiek egin eta gero, beste ikuskatze kanpaina bat abiatuko du, «irregulartasun guztiak konpondu direla egiaztatzeko». Berriro ere irregulartasunak atzemanez gero, zigortu egingo ditu. Oraingoz, jakinarazpenak bidali dizkie higiezinen jabetzako agenteen elkargoei eta higiezinen atari nagusiei, «informazio kanpainaren emaitzak helaraz diezazkieten eta konpon ditzaten». Legeak ezarritako betebeharrak gogoraraziko dizkiete, eta ohartaraziko diete zeintzuk diren jaso ditzaketen zigorrak.
Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak errekerimendu bat bidali dio Idealista etxe atariari, iragarki batzuk kentzeko. Zergatik? Dagokien prezioa baino garestiago saltzen diren babes ofizialeko etxeak direlako —babes ofizialeko etxe izaera dutenen kasuan—. Etxe horien prezioa garestitzeko eta garestitzea zuritzeko, esaterako, erosleak etxeko altzariak erostera behartzen dituzte. Saltzaileak ezartzen du altzarien prezioa, eta prezio hori balia dezake babes ofizialeko etxeen prezioaren muga nahi adina gainditzeko. Hala salatu izan du Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak. «Ezkutuko ordainketa gehigarriak» deitu die. Idealistari eskatu dio gainbegira ditzala bere webgunean dituen babes ofizialeko etxeen iragarkiak, batez ere saltzaileak etxea erosteko baldintza gisa altzariak erostea edo beste gastu gehigarri batzuk egitera behartzen badu. Haiek kentzeko eskatu dio, eta ikuskatzeak egingo dituela ohartarazi.