Kontziliaziorako hiru baimen ezarriko dituzte Hegoaldean

Urtean bederatzi eguneko baimena hartu ahal izango da senideak eta bizikideak zaintzeko, Espainiako familia legean jaso dutenez

Guraso batzuk haurrak eskolara eramaten. GORKA RUBIO / FOKU.
Edurne Begiristain.
2022ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Familia eta lana uztartzea, kontziliazioa erraztea etazaintzari lotutako eskubideak zabaltzea. Helburu horiek ditu Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak onartu duen Familia Aniztasunaren eta Familiei Laguntzeko Legearen aurreproiektuak. Ione Belarrak zuzentzen duen Gizarte Eskubideen eta Agenda 2030 Ministerioak ondu du testua, hainbat ministeriorekin lankidetzan, eta uda aurretik indarrean egotea aurreikusi dute. Lege egitasmoak indartu egiten ditu familien babeserako eta hazkuntzarako laguntzak, eta zabaldu familia eredu desberdinen eskubideak.

ZAINTZARAKO BAIMENAK

Berrikuntza nagusia zaintzarako baimenak izango dira: ordaindutako bi baimen berri izango dira.Batetik, urtean bost egun izango dira familia edo bizikidea zaintzeko, «istripuren bat, gaixotasun larriren bat, ospitaleratzeren bat edo kirurgiaren bat dela eta».Talde horretan sartuko lirateke, besteak beste, bikotekidea, seme-alabak, aitona-amonak, neba-arrebak eta bilobak. Bestetik, lau eguneko beste baimen bat indarrean jarriko dute «larrialdi egoerei» aurre egiteko, hau da, eritasun edo istripuren bat gertatzen denean «berehalako presentzia» ezinbestekoa den kasuetarako. Bi baimen horiek ordaindu egingo dira.

Horiez gain, zortzi asteko baimena emango zaie 8 urte baino gutxiagoko haurren gurasoei zaintza lanak errazteko. Baimen horiez da ordainduko. Espainiako Gobernuak jakinarazi du modu progresiboan ezarri nahi dutela neurri hori: 2023an sei asteko baimena onartuko dute, eta 2024an, berriz, zortzi astekoa. Baimen hori bi gurasoek baliatu dezakete, eta haien esku dago erabakitzea noiz eta nola hartu—egunka edo asteka—, baina besterenezina izango da.

100 EUROKO LAGUNTZA

0 eta 3 urte arteko haurrak dituzten amentzat 100 euroko diru laguntza «unibertsala» emateko bidean urratsa egingo du gobernuak. Lege proiektuak jasotzen duenez, laguntza hori jaso ahalko dute langabezia saria jasotzen ari diren ama guztiek, eta baita erditze egunetik bertatik 30 egun kotizatzen dutenek ere. Lanaldi partzialeko edo aldi baterako enplegua duten emakumeek ere laguntza hori jasoko dute.

FAMILIA UGARIAK

Familia ugariaren multzoa zabalduko du legeak, eta haien eskubide berberak izango dituzte aurrerantzean hauek ere: bi seme-alaba dituzten guraso bakarreko familiek; indarkeria matxistaren biktima izanik bi seme-alaba dituzten gurasoek;mantenu pentsiorako eskubiderik gabe zaintza esklusiboa lortu duten familiek; bi seme-alaba dituzten familiek, baldin eta horietako batek desgaitasunen bat badu; eta bi seme-alaba dituzten familiek, baldin eta guraso bat urtebetez ospitalean edo espetxean egon bada. Familia ugarien zerga hobariak eta laguntza berberak jasoko dituzte horiek.

GURASOEN PIN-A

Legeak debekatu egingo du adingabeen gurasoek edo tutoreek ikastetxeei aginduak ematea seme-alabak edozein ikasgai, informazio edo eskolako jardueratatik baztertzeko, baldin eta familia aniztasunari buruzko edukiak biltzen baditu. Gurasoen PINa deritzona ezartzea saihestu nahi dute neurri horrekin.

Bestalde, haurren eskubideei lotuta, administrazio guztiak behartuta egongo dira garapen arazoak dituzten haur guztien arreta goiztiarra bermatzera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.