Espainiako Kopa behar bezala iritsi da Zubietara. Aurreko egunetako jende pilaketen irudiek kezka sortu zuten, eta ikusteko zegoen zaletuek Reala nola jasoko zuten gaur. Eta bai, gaur ere ehunka lagun atera dira kalera bufanda eta elastiko txuri-urdinekin, baina ez da taldea Zubietatik Sevillarantz abiatu zeneko irudirik ikusi.
Ertzaintzak emana zuen abisua: kontrolatuta zeuden Loiu eta Hondarribiako aireportuetako sartu-irtenak, baita Lezama eta Zubietakoak ere. Hori dela eta, zaletuek ez dute nahi adina gerturatzerik izan leku horietara, eta bidean itxaron diete jokalariei. Hondarribian, gertuen zeuden zaletuek aireportutik 500 metro ingurura zeuden.
Kopa arratsaldeko laurak aldera iritsi da Realaren instalazioetara, eta jarraian hasi dira jokalariak handik alde egiten. Gaur, berez, entrenamendua zuen taldeak, baina jai eman die Imanol Alguacil entrenatzaileak. Donostiako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak iragarri dutenez, berriz, gaur ez dute txapeldunentzako harrera ekitaldirik antolatuko.
Lezaman, lasaiago
Bizkaian, berriz, izan dira Athletic jasotzera gerturatutako zaletu batzuk, baina ez gehiegi. Loiun ez zegoen zaleturik, bai, ordea, Lezaman.