"Injustizia egoeren aurrean neutral izateak sufrimendua sortzen ari dena baino ez du indartzen". Desmond Tutu abade hegoafrikarraren hitzak gogora ekarriz egin dute Sareko kideek larunbateko manifestaziorako deialdia. Korapiloak askatzeko unea da, denok batera presoak etxera lelopean egingo dute mobilizazioa, Gasteizko jaietan, larunbatean. 19:00etan jarri dute ordua, Andre Maria Zuriaren plazan. Aurten, bosgarren urteurrena bete du Sare herritarrak, eta tarte horretan "jendarte olatu anitz eta zabala aktibatzea" lortu dutela nabarmendu dute, eta instituzioetan ere adostasuna landu dutela. "Instituzio hauetan jasotako babesak, euskal jendartearen %85 baino gehiago ordezkatzen du".
Babes horrek, ETAren amaierak, EPPK-k hartutako erabakiek nahiz Frantziako Gobernuarekin hasitako elkarrizketek "egoera berri bati ateak zabaltzeko aukera ezin hobea" sortu dutela azaldu dute Sareko kideek: "Urte luzeetan sortu diren min eta korapiloak askatu, eta elkarbizitzarantz eta bakerantz bidea egiteko aukera dugu esku artean. Ekin diezaiogun bide honi guztiok batera".
Espainiako Gobernuari ere bidali diote mezu bat: "Gobernua eratzeko arazoak ez daitezela aitzakia bihurtu egungo espetxe politika mantendu eta sufrimendua baino eragiten ez duen egoera hau luzatzeko". Horretarako, urruntze politika amaitzeko, larri gaixo dituzten presoak etxeratzeko eta "egoera horiek ahalbidetzen dituen salbuespen legedia" bertan behera uzteko eskatu dute.