Egunak emanak, iruditan
23. Korrikaren bostgarren egunak utzitako irudietako batzuk, bilduma honetan.
22:00, Gasteizko Alde Zaharra
Gasteizko Alde Zaharra igaro du Korrikak: bai Kutxi eta baita Andra Maria Zuriaren plaza ere. Izugarrizko harrera egin diote gasteiztarrek Korrikari!
Korrika Judimendi auzoan murgildu da, eta bertako auzo mugimenduak egin du 1087. kilometroa. AEKkoek zoriondu egin dituzte Judimendiko eskolak D eredurako saltoa egin duelako.
Jimmy Jazzekoek ere egin dute bat Korrikarekin:
Erdialdea igarotzerakoan, irudi ikusgarriak utzi dituzte korrikalari guztiek.
21:00, Mendizorrotza, Gasteiz
Pilotatik futbolera eta saskibaloira egin du salto lekukoak: Baskoniako Akerrek eta Alaveseko Babazorrok egin dute kilometroa Mendizorrotzan. Gasteizko harmailan euskaraz dioen kartel bat izan dute atzean, momentu oro.
Jada ilundu du eta, gainontzeko gauetan bezala, bengala gorriak piztu dituzte batzuek; bereziki, Iraultza 1921ek eta Indar Baskoniak lekukoa eraman dutenean, Ariznabarran.
Gasteiz Kantuzeko kideek Euskal Herrian euskaraz abestu dute 1072. kilometroan, korrika ari ziren bitartean.
Hainbat erakunde publikoko ordezkariek hartu dute lekukoa: Eusko Legebiltzarreko ordezkariek parte hartu dute Aranbizkarran, esaterako; Bakartxo Tejeria presidenteak eraman du lekukoa. Ondoren, Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeako zuzendariak ere egin du korrika, baita Gasteizko Udaleko langileek ere. AEKtik eskatu diete euskaraz aditzen duen udala, «Korrika denean, eta ez denean ere».
19:45, Arriaga-Lakua, Gasteiz
Arabako hiriburuan barna dabil Korrika, eta bertan jarraituko du gaua arte, Harro herri oihu artean. Abetxukuko zubia jendez lepo zen Korrikaren zain, eta Arriaga-Lakuatik sartu dira hirira. Auzoz auzo ibiliko da hurrengo lau orduetan, 23:30ak aldera arte —Arkautitik aterako da—.
Lekukoak jendetza du atzetik. Gasteizko Suhiltzaileek egin dute kilometro bat; Sahararen aldeko elkarteak egin du beste bat; eta migrazio eta asilo zuzendaritzak sorpresa bat batu du Korrikara, Gora aniztasuna zioen kartel batekin batera.
Emakumeak eta gorputz disidenteak deitu dituzte pankartari eusteko, eta furgonetatik aldarrikatu dute Gasteiz anitza dela eta hala behar dutela pankarta eusten dutenek ere.
Kontuz piboteekin Gasteizen!
18:30, Gopegi
Korrikak mila kilometro egin ditu Maurgan zen bitartean, eta belardi artean jarraitzen du gelditu gabe.
Adi, Gasteiz, badoa-eta Korrika! Ondo bidean, 19:30 aldera sartuko da, Abetxukutik.
Zuek ere ikusten duzue zuzenekoa halako grinaz?
17:45, Zarate
Heldu da Korrika Zaratera, eta aurretik Murgian izan da. Zuiako Mugimendu Feministak hartu du lekukoa Korrikaren lehen mila kilometroak egiteko zortzi baino falta ez zirenean. Ordu laurdeneko atzerapena darama.
Korrika egitea ez da erraza izango, baina furgonetako abestien aukeraketak korrikaldia errazten du, behintzat.
17:00, Belauntza
22 gradu daude Korrika Gorbeialdea zeharkatzean ari den bitartean, eta antolatzaileak, morez jantzita, aurrera eta atzera ari dira, ura eskaintzen. Langraiz, Abornikano eta Izarra zeharkatu berri dituzte korrikalariek.
Kirolean ere euskaraz egiten dela azpimarratzeko egin dute korrika Izarra Gorri kirol taldekoek Abornikanon. Ezagun da entrenatu direla, gainontzekoak atzean utzi dituzte eta.
EHGAMekoek hartu dute lekukoa ondoren, eta Euskal Herria askotarikoa eta euskalduna dela erakutsi dute. Aniztasunaren aldeko banderak kilometro askotan egon dira ikusgai.
15:15, Argantzon
Hogei minutuko atzerapenarekin iritsi da Korrika Argantzonera. Ordurako, leporaino zegoen herria. Han, udaleko ordezkariek eraman dute lekukoa, eta Argantzongo Ikastolako haurrei eman diete gero. Trebiñu uztera doaz korrikalariak. «Trebiñu Araba da» eta «Trebiñun ere euskararen alde», horiexek gehien entzun diren oihuak.
Argantzonen da Korrika, eta ikastolako ikasleek dute lekukoa. @berria pic.twitter.com/9b8WnsNCgy
— Irati Urdalleta (@UrdalletaIrati) March 18, 2024
Langraizerako bidean dira orain, eta, tarte horretan, UAGA sindikatuko nekazariek bere aldarria egin dute: 971. kilometroan, hain zuzen ere, traktore eta guzti.
🔴 Nekazarien aldarriak ere #Korrika|ra eraman dituzte. 971. kilometroan #UAGA sinidkatuak hartu du lekukoa, traktore eta guzti.
— Hamaika Telebista (@HamaikaTb) March 18, 2024
👉 https://t.co/oKwRnpSqxh#HarroHerri #KorrikaHamaikan #23Korrika @AEK_eus pic.twitter.com/8N3SVChJOd
12:23, Trebiñu
Trebiñuko konderri edo enklabean barna ibili ondoren, Trebiñu herrira iritsi da Korrika. Jende ugari zeukan zain, eta udaleko ordezkariek eraman dute lekukoa Kale Nagusian. Handik, Argantzonerako bidea hartu dute korrikalariek, bero sapa gorabehera.
Treniñun da Korrika. Ongi etorri beroa egin diote plazan. @berria pic.twitter.com/c8CPhUXcbu
— Irati Urdalleta (@UrdalletaIrati) March 18, 2024
10:40, Urizaharra
Arabako Mendialdean dabil Korrika, eta gazteenek daramate lekukoa. Urizaharrera atzerapen txiki batekin iritsi dira. Herriko kale estuetatik ozta-ozta pasatu dira, eta antolakuntzako furgonetetako bat ezin aurrera egin geratu da, baina berehala konpondu dute arazoa.
Urizaharretik Trebiñurako bidea hartu du Korrikak, hura ere euskararen lurraldea dela aldarrikatzera.
Urizaharrako atetik ere pasa gara, zuek zaretelako giltza! Adi, #Trebiñu bagatoz #23KORRIKA #HARROHERRI ! pic.twitter.com/S73ChcPaM0
— AEK (@AEK_eus) March 18, 2024
08:15, Guardia
Erribera igaro du Korrikak, eta iparralderantz ari da. Muga lausoen adierazle izango da astelehena: Nafarroan hasiko du eguna, ondoren Arabara igaroko da, Nafarroara joango da berriro, eta, azkenik, berriz ere Arabara.
Goizaldean Acedo, Kanpezu, Meano eta Elvillar zeharkatu ditu Korrikak, besteak beste, eta Guardiarako bidea egingo du orain: 08:15ean heldu asmo dute.
Ohi bezala, indartsu ekin diote goizeko lehen orduetan, eta korrikalariek irudi ederrak bildu dituzte egunsentian.
Izugarrrizko egunsentia izan dugu gaurkoan Arabako mendialdean!
— AEK (@AEK_eus) March 18, 2024
Zoragarriak zarete🫶🏾🫶🏾🫶🏾
Gora Araba harroa!#23KORRIKA #HARROHERRI pic.twitter.com/3plcWlfBG9
Gasteizera iritsi baino lehen, batek baino gehiagok eskertuko du lautada, eta aise egingo ditu Urizaharra (10:30ean), Trebiñu (12:00etan), Langraiz (13:45ean) eta Murgia (17:00etan). Horiek guztiak eginda Gasteiza heltzen denak jakinarazi dezala, ur botila batzuk eramateko edo. Hiriburura Arriaga-Lakuatik sartuko da Korrika, 19:30ak baino geroxeago.
Gaurko ibilbidea

01:09 Jendetza Lizarran
Goizeko ordu txikietan igaro arren, Lizarrak harrera beroa egin dio Korrikari. Handik Arabarako bidea hartu du martxak.
Aste berriari hasiera eman diogu Lizarran, eta herriak argi adierazi du Lizarran euskaraz bizi nahi dutela #HARROHERRI #23KORRIKA pic.twitter.com/4oYqRKVFdJ
— AEK (@AEK_eus) March 18, 2024
Istripua Mendigorrian
Larunbat gauean hiru lagun zauritu ziren Korrikako furgonetak harrapatuta, Mendigorrian (Nafarroa). 61 urteko bi gizonezko eta 20 urteko beste bat. Larrialdi zerbitzuak 00:18an jaso zuen abisua. Zaurituak Nafarroako Ospitale Unibertsitariora eraman zituzten. Batek traumatismoa du bularraldean, beste batek bizkarrean, eta hirugarrenak sorbaldan. Horietako batek bakarrik segitzen du ospitaleratuta, hainbat saihets hezur apurtuta baitauzka.
Korrikaren antolatzaileak harremanetan jarri dira zaurituen senideekin, eta gauez Korrikara batzen direnei eskatu die arduraz jokatzeko eta segurtasun neurriak hartzeko: besteak beste, txaleko islatzailea janzteko edo argiren bat eramateko.