Korrikak gorazarre egin dio Errigorak herria eta euskara lantzeko egindako lanari

24. Korrikako omendua da Errigora, eta hura goresteko ekitaldia egin du AEK-k. Nafarroa erdialdean eta hegoaldean bertako ekoizleen bidez euskaratik, euskararentzat eta euskaraz egindako lana aintzatetsi dute.

AEK-ko, Korrikako eta Errigorako ordezkariak, topa egiten, Orburutxo eta Zainzuriñe ondoan dituztela, gaur eguerdian, Durangon. ANDONI CANELLADA / FOKU
AEK-ko, Korrikako eta Errigorako ordezkariak, topa egiten, Orburutxo eta Zainzuriñe ondoan dituztela, gaur eguerdian, Durangon. ANDONI CANELLADA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
Durango
2026ko urtarrilaren 31
16:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Eta Errigoraren auzolan eredua, eskutik eskura; hori ere bagara». Hala dio Pello Reparazek Korrikarako ondutako abestiak; Errigora da, hain zuzen, 24. Korrikako omendua, eta gaur, omenaldi batean, gorazarre egin diote Errigoraren auzolan eredu horri, euskararen lurra lantzeko urteetako ekinaldiari. Durangon (Bizkaia) bildu dira bai AEK-ko eta Korrikako ordezkariak, baita Errigorakoak ere, eta beste zenbait taldetako eta erakundetako kideen babesa izan dute.

Euskara, auzolana eta elikadura burujabetza. Hiru ardatz horiek ditu Errigorak, AEK-ko Nazio Kontseiluko kide Xabi Gartziak nabarmendu duenez. Eta horien bueltan ontzen dute lurra, euskaratik, euskaraz eta euskararentzat. Euskarari puzka kanpaina egin ohi dute udazkenero, 2013tik: hiru saski jartzen dituzte herritar ororen eskura, Nafarroa hegoaldeko ekoizleen produktuekin osatuta, eta saskien balioaren %25 Nafarroako erdialdeko eta hegoaldeko euskalgintzara bideratzen dute. Gartziak zehaztu du, halaber, badutela zerikusirik Korrikarekin: «Errigora eskuz esku, fisikoki eta natural zabaltzen da, Korrikaren lekukoa bezalaxe».

Bide bertsutik mintzatu da Ane Elordi Korrikaren koordinatzailea. Azaldu du egiteko moduetan ez ezik helburuetan ere bat egiten dutela: «Helduen euskalduntzea dugu erronka eta helburu, eta alor horretan ere bidelagun dugu Errigora». Ahalegin hori eskertu nahi izan diote: «Nafarroan, euskara ofiziala ez den eremuan, 24. Korrikaren bitartez, Errigorak euskalduntzean egiten duen ahalegina aintzatesteko era izango da, baita etorkizunerako bultzada emateko hauspoa ere».

Pozik hartu du gorazarrea Errigorak, «izugarrizko ilusioarekin». Adriana Urmeneta eta Irati Abio mintzatu dira taldearen izenean: «Eskerrak eman nahi dizkiogu Korrikari, Errigoraren lana omentzeagatik. Ekimen gutxik daukate urtetik urtera herri honen grinari bizirik eusteko gaitasun magiko hori, eta, dudarik gabe, Korrika da horietako bat. Eta, nola ez, Errigorako kideongan ere eragiten ditu bizipoz eta harrotasun horiek edizio orotan». Eskerrak eman dizkiote AEKri, eta eskerrak ekoizleei, euskaltzaleei, sareko eta batzordeko kideei, baita kontsumitzaileei ere. Lanean jarraituko dutela ziurtatu dute: «Erronka berriek indar eta grina handia beharko dutelako, zain ditzagun geure burua eta ingurua». Korrikaren, Errigoraren eta AEKren alde topa eginda amaitu dute ekitaldia.

Orburutxo eta Zainzuriñe

Errigorari gorazarrea egitearekin batera, Orburutxo eta Zainzuriñe panpinak aurkeztu dituzte. Aurreratu dute Korrikak iraun bitartean bi panpina horiek non dauden identifikatzen dutenek «sorpresaren bat» izango dutela.

Lekuko hartzeak guztien esku jarriko dituzte bihartik aurrera

Kirol taldeek, enpresek, eskolek, lagun kuadrillek... Askotariko taldeek eta norbanakoek eraman ohi dute Korrikaren lekukoa, eta, horretarako, ezinbestekoa da lekuko hartze bat eskuratzea; bihar zabalduko dute horretarako aukera aurrez Korrikan parte hartu izan ez dutenentzat —gainerakoek aurretik ere izan dute aukera—.

 

Martxoaren 19an abiatuko da Korrika, Atharratzen (Zuberoa): parez pare izango ditu 460 herri, 2.175 kilometro eta 3.436 lekuko hartze. Bada, lekuko hartze horietako baten bat eskuratu nahi duenak Korrikaren herrialdeetako bulegoetara jo behar du, edo haiekin harremanetan jarri. Bost bulego dituzte: Baionan, Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean. Korrikak ematen dion babes ekonomikoa beharrezkoa duela gogorarazi du AEK-k, eta herritarrei dei egin die lekuko hartzeak eskuratzera. Horretarako, 475 euroko ekarpena egin behar da gutxienez. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.