Korrikaren abestiaren atzekoaren lekuko

24. Korrikaren 'Xiberutikan mendebaldera' abestiaren bideokliparen grabaketan izan da BERRIA. Jose Ramon Anda eskultorearen tailerrean grabatu dute, Bakaikun.

Korrikaren bideokliparen grabaketa, Bakaikun, urriaren 28an. BERRIA
Korrikaren bideokliparen grabaketa, Bakaikun, urriaren 28an. BERRIA
Irati Urdalleta Lete.
Bakaiku
2025eko abenduaren 18a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bai, jakina da jada: Pello Reparazek egin ditu 24. Korrikako abestia eta bideoklipa: Xiberutikan mendebaldera. Eta ko-rri-ka jarri du dantzan eta kantuan Euskal Herria, Zuberoatik Mendebaldera.

Ez da, baina, egun batetik besterako kontua izan. Korrika osoak bezala, abestiak eta bideoklipak ere sukalde lan handia dute atzean. BERRIA horren lekuko izan da.

Irakurle, egin ariketa: urriaren 28a da, asteartea. Jose Ramon Anda eskultorearen Bakaikuko tailerrean (Nafarroa) ez da ohiko lan eguna. Hango kamerak eta hemengo argiak. Hango argazkilariak eta hemengo dantzariak. Mailuen, zizelen eta bestelako lan tresnen lekuan, kea egiteko makina bat eta fokuak. Bertan dira protagonista nagusiak ere: Pello Reparaz, Maixux Zugarramurdi eta Erramun Martikorena, baita AEK-ko eta Korrikako ordezkariak ere, tartean Ane Elordi Korrikaren koordinatzailea.

Reparaz Martikorenari eta Zugarramurdiri azalpenak ematen, Korrikaren bideokliparen grabaketan. BERRIA
Reparaz Martikorenari eta Zugarramurdiri azalpenak ematen, Korrikaren bideokliparen grabaketan. BERRIA

Atrezzo dena prest dute 15:00etarako. «Zer ordu da?», galdetu du Reparazek. Ordubete dute entseatzeko. Baina non da lekukoa? Elordik atera du poltsatik. Reparazek hartu du eskuan. Kantaren amaiera grabatuko dute lehenengo, tailerrean bertan. Eta hasi dira entseguak. Kantuaren hitzak entseatzen ari dira Zugarramurdi eta Martikorena. Eskuan du papera Zugarramurdik. «'Maitasun eskutitz baten bide luzea' diozun horretan, azkar hasi behar duzu», esan diote. 

Grabatzen!

Denak kanpora. Bideoklipean agertuko direnak bakarrik geratu dira barnean. 30 bat lagun dabiltza han bueltan. Jarri dute musika bozgorailuetatik. Hiru, bi, bat, grabatzen! Lehenengoa ez da ondo atera. Ezta bigarrena ere: «Baten bat sartu da planoan», esan dute. Bat, bi, hiru, lau... Azken aldiz egin nahi dute. «Oraingoan bai! Egurra!». Pozik da Reparaz.

Grabaketaren bigarren zatiari ekin diote: kantuaren lehenengo partea. Tailerraren beste parte batera doaz. Hantxe dira Zugarramurdi eta Martikorena ere, eskultura baten bueltan. «Modelo profesionalak ematen duzue», esan die publikoko baten batek. Plano sekuentzia bat izango da, dena elkarren segidan grabatuko dute. Hasi dituzte probak. «Erramun, zuk Maixuxi begiratu denbora guztian. Erramun, gogoratzen duzu nola grabatu genuen Itzulera? Alde batera eta bestera. Bada, hau ere bai».

Grabaketa Andaren tailerrean. BERRIA
Grabaketa, Andaren tailerrean. BERRIA

Zugarramurdi eta Martikorena ez ezik, bertan dira lau dantzari ere, eskuekin itzalak egiten eta. Lanpara batekin jolas egin nahi dute. Kameran Reparaz azalduko da lehenengo, eta, aurrera eta atzera mugimendu bat egin ostean, dantzarietako bat azalduko da lanparari eutsita. Hizketan ari dira, nola egin erabakitzen: «Ideia da nik,  abesten ari naizela, fokuari heltzea [fokua igotzeko keinua egin du]. Eta bueltan datorrenean, zu jarri nire tokian, eta ni desagertuko naiz. Ikusiko dugu nondik».

Egin dituzte probak. Aldatu dira arropaz. Grabaketan parte hartuko dutenak bakarrik geratu dira berriro. Atarian pantaila txiki bat eta guzti jarri dute, zuzenean ikusteko barruan zer gertatzen den. Bertan daude, adi-adi, dozena bat lagun. Harrigarria da ikustea lehen jarraibide eta ideia ziren horiek nola hartzen duten forma. Eta proba bat, beste bat... Ona izan da azkena.

Aspaldi ilundu du. 20:05 dira. Bost orduko grabaketa —prestaketa guztia kontuan hartu gabe— bideoklip bat egiteko. Bost ordu, lau minutu eta 31 segundoko emaitza lortzeko. Baina Korrikaren abestiak merezi du. Korrikak merezi du.

'Xiberutikan mendebaldera' 24. korrikaren making off-aIkus-entzunezkoen lantaldea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.