Korrikari buruzko unitate didaktikoak ondu dituzte euskaltegietarako

Unitateen zati nagusiak Korrikak historian zehar izan duen bilakaera lantzeko balio du. Unitateak 'www.korrika.eus' webgunean jarri dituzte euskaltegien eskura.

Korrika
23. Korrikaren aurkezpena, azaroan, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2024ko otsailaren 9a
16:01
Entzun

Ikastetxeetarako unitate didaktikoak aurkeztu zituzten lehenengo, eta euskaltegietarako ondu dituzte orain; hain zuzen, AEK-ko eta Korrikako ordezkariek gaur aurkeztu dituzte euskara ikasten ari direnentzako 23. Korrikari buruzko unitate didaktikoak. Lan guztia www.korrika.euswebgunean dago eskuragarri.

Amaia Lopez de Luzuriaga eta Joseba Irazabal arduratu dira materiala prestatzeaz, eta prentsa ohar baten bidez eman dituzte AEK-ko eta Korrikako ordezkariek unitate didaktikoei buruzko xehetasunak. Azaldu dutenez, hasteko, unitate laburrak jarri dituzte webgunean: «Albiste motzak dira, aldi honetako kanta aitzakiatzat hartuta, Korrika badatorrela iragartzekoak». Horietaz gainera, beheko mailetarako Ane Elordi Korrikaren arduradunari egindako elkarrizketa ere jarri dute, maila bakoitzera egokituta. Gainera, unitate horiei lotutako hamabi galderako Kahoot jolasa ere ondu dute, beheko mailetako zenbait eduki errepasatzeko. Ibilbidearen jolasa ere prestatu dute. Urtero argitaratzen dute, baina aurtengoak badu berrikuntzarik: online galdetegia egin dute.

Unitateen zati nagusiak, berriz, Korrika historian izena du. «Bertan, ikasleari ibilbide birtual bat proposatzen zaio: Korrikatik Korrikara bidaiatzeko aukera izango du, zenbait hamarkadatan», azaldu dute. Lehenik, unitate osoko lanen azalpena dago. Ondoren, bideo batek Korrikaren historia azaltzen du, eta, hori ikusitakoan, ikasleek garai bat aukeratu beharko dute: 80ko hamarkadako Korrika, 90ekoa edo XXI. mendekoa. Eta ariketak izango dituzte eskura: «Beste bideo batzuk zabalduko zaizkigu, zeinek hamarkada bakoitzean Korrika nola garatu zen erakutsiko diguten, garai horretan euskarak eta munduak nolako egoera bizi zuten informatzeaz gain. Horrekin guztiarekin batera, hizkuntza eta ulermen jarduerak ere aurkituko ditugu bertan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.