EAJko EBBko presidente Aitor Estebanek atzo Alderdi Egunean estatus politiko berriari buruz igorritako mezu nagusiari erantzun dio EH Bilduk, Nerea Kortajarena Programa idazkariaren bidez. Estebanek esan zuen EAJk «benetako jauzi bat» egin nahi duela estatus berriarekin, eta ez bada horretarako, jeltzaleek ez dutela bat egingo akordioarekin; edonola ere, atea zabaldu zion estatus politiko berria EH Bildurekin adosteari. Bada, EH Bilduk «pozik» hartu ditu Estebanen hitzak. «Jauzi hori soilik EH Bildurekin batera egin daiteke, eta horrek lan handia eskatzen du», esan du Kortajarenak Onda Vasca irratian.
Azken hilabeteetan diskrezio osoz negoziatzen ari diren akordio horrek zer eduki jaso beharko lituzkeen azaldu du koalizio abertzaleko legebiltzarkideak: «Nazio bat garela jaso beharko du, baita erabakitzeko eskubidea, erabaki ahalmen handiagoa eta [Espainiako] Estatuarekiko parez pareko harremana ere». Estebanek esandakoaren arabera, EAJk nahitaez exijituko ditu nazio aitortza, «arbitratzea» eta ahotsa edukitzea Europako erakundeetan. «Arbitratzea» aipatzean, berme sistema berri bati erreparatu zion EAJko buruak; hau da, Espainiako botere judizialari muga argi bat jartzeari, Euskal Herrian adosten dena baliogabetu edo higatu ez dezan.
Garai ilunen mehatxua
Izan ere, Kortajarenak berak ere gogoratu du Gernikako Estatutua «higatua» dagoela gaur egun, Eusko Jaurlaritzaren txosten batean —Higadura isila, 2021ean argitaratua— jaso duten moduan: «Asko hitz egitea dagokigu». Horrez gain, EH Bilduko legebiltzarkideak gogoratu du badela premia akordio bat egiteko: «Ez dakigu zabalik dagoen leiho horrek zenbat iraungo duen zabalik». Kortajarenak garbi esan du balitekeela «eskuin muturreko gobernu bat» iristea Espainiara. Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariarekin bat dator koalizioko parlamentaria: «Baliteke garai ilunak etortzea, eta aukera hau aprobetxatu behar dugu».
«Baliteke eskuin muturreko gobernu bat iristea eta garai ilunak etortzea, eta aukera hau aprobetxatu behar dugu»
NEREA KORTAJARENA EH Bilduko Programa idazkaria
Estebanek igandean zentralitateari buruz esandakoaz ere galdetu diote Kortajarenari. Jeltzaleen buruak zentroko alderdi gisa aurkeztu zuen EAJ, eta alderdiaren «moderazioa» goraipatu zuen, «polaritatea nagusi den honetan». Kortajarenak EAJren posizio hori kritikatu du, ironiaz: «Ez dakit zentralitate politiko hori ez ote den bide erdian geratu eta biribilgunean birak ematen jarraitzea. Feijoo ere PPren zentraltasunaz aritu da asteburuan».