EAJko presidente gisa hitza hartu duen lehen Alderdi Egunean, AItor Estebanek egurra eman dio EH Bilduri, baina ez du baztertu Euskal Autonomia Erkidegorako estatus politiko berria subiranistekin hitzartzea. Jeltzaleek Forondan (Araba) ospatu dute jaia beste urte batez; milaka lagun elkartu dira han, eta Estebanen eta Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren agerraldia izan da ekitaldi nagusia.
Estebanek zentroko alderdi gisa aurkeztu du EAJ, eta jeltzaleen «moderazioa» goraipatu du «polaritatea nagusi den honetan»: «Guk eraiki egiten dugu, ez erre». Harro esan du EH Bilduk eskuin muturretik gertu kokatzen dituela, eta PPk, berriz, ezkerrean, «horrek erakusten baitu erdirago ezin garela egon». Azpimarratu du EAJk egiturazko zerbait ordezkatzen duela, ez dela moda bat, «Podemos izan zen moduan, Ciudadanos izan zen moduan, eta gaur egun, dirudienez, Vox den moduan Espainiako Estatuan».
«[EH Bildurekin] Zerbaitetan ados jar gaitezkeen? Agian estatus politiko berrirako jauzian. Ikusiko dugu»
AITOR ESTEBAN EBBko presidentea
Nabaritu da hauteskunde aurreko giroa, eta Estebanek agerian utzi nahi izan ditu subiranistekin dituzten diferentziak; esaterako, fiskalitate, azpiegitura, osasun, segurtasun eta atzerri politiketan. «Madrilen hauteskundeetara deitzen dutenean, EH Bildu hasiko da Espainiako Kongresura zerrenda bateratuak aurkezteko matrakarekin. Zertarako? Zertan gaude ados?», galdetu du.

Dena den, ez du baztertu EAErako estatus politiko berria EH Bildurekin hitzartzea: «Zerbaitetan ados jar gaitezkeen? Agian estatus politiko berrirako jauzian. Ikusiko dugu». EAJk estatus horren alde ahalegin guztiak egingo dituela hitzeman du, nahiz eta aitortu duen Espainiako panorama politiko ezegonkorrak bidea zailduko diela.
Horri buruz, esan du Euskadiko klima politikoak «zorionez» ez duela zerikusirik Espainiakoarekin baina aspalditxotik badela «Madrilgo usain txarrak gure gizartera ekartzen dituen hego haize bat». PPko idazkari nagusi Miguel Telladori buruz ari zen: «PPk ez du Euskadin sinesten. Euren modeloa bandera bakarrekoa, hizkuntza bakarrekoa eta ahots bakarrekoa da, eta bat bera ere ez da gurea».

Gaza ere izan du hizpide Estebanek. Genozidioa gaitzetsi du, eta Israelen jokabidea kritikatu. «Francoren aurka egiteko guztiak balio ez zuen bezala, Hamas bezalako etsai gupidagabe eta hiltzaile bati aurre egiteko ere ez du denak balio», adierazi du.
Migrazioa kudeatzea
Estebanen aurretik hitz egin du Pradalesek. Hark ere aipatu ditu nazioarteko egoera «konplikatua» eta «Espainiako oilategia», eta esan du azken horrek «auzo lotsa ematen» duela. Horregatik, esan du hobe dela Euskadira begiratzea, lehenik eta behin, pertsonak zaintzeko osasunaren, suteen eta segurtasunaren arloetan. Kaletik lasai ibili ahal izatea aldarrikatu du, eta babesa helarazi dio Ertzaintzari, «udan zenbait herritan jasandako seinalamenduen harira».
Lehendakariak autogobernua indartzeko nahia agertu du. Gernikako Estatutuan jasotako eskuduntzak eskatu ditu, eta, horietaz gain, «gaitasun politiko berriak» ere bai: «Europaren parte gara, eta eragiten diguten erabakiak hartzen diren mahaietan eseri nahi dugu. Euskadik erronka globalei erantzun behar die; esaterako, migrazioari». Gogorarazi du 1979an atzerriko 10.000 lagun bizi zirela EAEn, eta orain 300.000 direla.
«Euskadik ateak irekiak izango ditu behar duenarentzat, betiere arauak zaindu eta errespetatzen dituzten bitartean»
IMANOL PRADALES Eusko Jaurlaritzako lehendakaria
Burgostik (Espainia) Euskal Herrira iritsitako migratzaileen seme izateaz harro agertu da Pradales, eta esan du Euskadik ateak irekiak izango dituela behar duenarentzat, «betiere arauak zaindu eta errespetatzen dituzten bitartean».
Autogobernuari buruz, gehitu du Madrildik oso diskurtso arriskutsuak iristen ari direla, hura zalantzan jartzen dutenak. Gogoan izan du Madrilgo erkidegoko presidente Isabel Diaz Ayusok zer jokabide izan zuen udan, autonomia erkidegoetako presidenteek Bartzelonan egin zuten bileran, Pradalesek euskaraz hitz egin zuenean. Lehendakariak esan du ez dituela horrelako jokabideak onartuko, eta horrela jokatzen dutenek parean izango dutela EAJ. «Ayuso, entzun, Euskadi euskaldun!», abestuz amaitu du agerraldia.