Aspalditik ari da Mugarik Gabe elkartea hausnarketa prozesu bat egiten «generoagatik eragindako indarkeria politikoaren» inguruan, beste zenbait erakunde eta gobernuz kanpoko elkarterekin batera. Antolatu dituzten jardunaldi eta gogoeta saioetan, protestaren kriminalizazioa izan da jorratutako gakoetako bat, Joana Etxano Gandariasbeitiak azaldu duenez (Bilbo, 1980).
Protesten kriminalizazioaren areagotzeak ba al du zerikusirik joera autoritario eta erreakzionarioen gorakadarekin?
Bai. Autoritarismoak eta eskuinak indar handia hartu dute mundu osoan, eta eskuin horrek iruditeria bat sortu du: horren arabera, etsaitzat hartzen ditu migratzaileak, haien ustez eskubide gehiegi eskatzen ari garen emakumeak eta sexu eta genero disidentziak. Subjektu horiek, eta horiek defendatzen dituzten mugimenduak, etsaitzat hartzen dituzte, eta, beraz, haien kontra jotzen dute. Kriminalizazio hori bortitzagoa da Erdialdeko Amerikan, han estatuak, agente paraestatalak, enpresak, elkarte ultrakontserbadoreak eta beste aritzen direlako, baina joera orokorra da.
Horren inguruko daturik ba al duzue?
Defender A Quien Defiende plataformak txosten batean bildu ditu Espainiako Estatuan protesten kontrako auzibide, isun, atxiloketa eta bestelako erasoak, eta emaitza da 2022. eta 2023. urteak batera hartuta adina kasu ia egon zirela 2024an [314 eskubide urraketa 2022an, 870 2023an, eta 1.140 2024an]. Haiek ematen dituzten azalpenetako bat da orduan hasi zirela Palestinaren aldeko mobilizazioak, eta testuinguru horretan ugaritu egin zirela erasoak. Laster argitaratuko dute 2025eko txostena, eta ikusiko dugu zein den emaitza, baina pentsatzekoa da askoz kasu gehiago egongo direla, 2024an Palestinaren aldeko protestak hasi berriak baitziren.
Eta zeintzuk dira kriminalizazio modu arruntenak?
Estrategiak aldatzen ari dira, eta komeni da horri erreparatzea. Arlo juridiko eta administratiboan, asko ugaritzen ari dira isunak, erregistroak eta antzekoak. Horrek higadura eta desmobilizazioa sortzen du. Beste estrategia bat da elkarte ultrakatolikoek salaketa jartzea, eta horren bidez adierazpen askatasuna ohorearen kontrako ustezko delituen esparrura eramaten saiatzea. Indarkeria digitala ere oso gogorra izaten ari da, askotan pertsona jakin batzuen kontra bideratzen delako, nahiz eta helburua izan inguruko mugimendu guztia zapuztea. Euskal Herrian dugun kasurik esanguratsuenetako bat da Bernedoko udalekuen inguruan abiarazitako kanpaina.
Zuek «generoagatik eragindako indarkeria politikoaz» hitz egiten duzue. Zer esan nahi duzue kontzeptu horrekin?
Eragile horiek ez gaituzte ikusten emakumeak subjektu politiko gisa. Haien ustez, hori ez da gure rola. Emakumeek eta sexu eta genero disidenteek, ekologia, giza eskubideak eta abar defendatzen dituztenean, patriarkatuak ezarritako rol hori apurtzen dute, eta, orduan, etsaitasuna bikoitza da: haien kontra jotzen dute defendatzen dutena defendatzeagatik, eta rol hori apurtzeagatik. Eta haien kontrako indarkeria eta kriminalizazioa desberdinak izango dira.
«Arlo juridiko eta administratiboan, asko ugaritzen ari dira isunak, erregistroak eta antzekoak. Horrek higadura eta desmobilizazioa sortzen du»
Zertan desberdina?
Adibidez, Bilbon antolatu genituen jardunaldietan, Serlinda Vigarak aipagai izan zuen etxegabetzeetan eta etxebizitza eskubidearen aldeko mobilizazioetan egoten den ahozko jazarpena; poliziek emakumea ama izatearekin identifikatzen dute, eta askotan leporatzen diete emakumeei ama txarrak direla, hura ez dela euren tokia, eta umeak zaintzera joateko esaten diete. Vigarak zioen oso garrantzitsua zela aurreikustea eragile horiek nola irudikatuko gaituzten emakumeok, hortik ikasteko eta horren kontrako estrategiak garatu ahal izateko.
Zein da protestaren garrantzia? Tresna eraginkorra da eraldatze politiko eta sozialerako?
Badaude beste tresna eraginkor batzuk, baina, gure ustez, bai, protesta tresna eraginkorra da, aldaketak eragiteko, eta bidegabekeriak jendarteari ikusarazteko. Batzuetan, lege bidegabe bat aldatzea urteetako lana izan daiteke, baina herritarrak mobilizatzeak eta jendarteak mobilizazio horiek ikusteak badute eragina: horren adibidea izan daiteke nolako bilakaera izan den jendartean Palestinaren auzia edo etxegabetzeen arazoa ikusteko moduan.
Formalki, desadostasuna adierazteko eskubidea aitortua egoten da, eta diskurtso hegemonikoak ere adierazi ohi du protesta beharrezkoa dela demokraziaren osasunerako. Diskurtso horiek bat datoz boterearen praktikarekin?
Erdialdeko Amerikako zenbait herrialdetan eskubide hori zuzenean debekatuta dago; ez dugu ahaztu behar El Salvadorrek hiru urte daramala salbuespen egoeran. Ustez demokratikoagoak diren beste zenbait herrialdetan, berriz, gauza bat da diskurtsoa, eta beste bat errealitatea. Hemen bertan mozal legea eta Atzerritarren Legea ditugu; azken hori mehatxu zuzena da pertsona askorentzat, kalean egote hutsagatik.
«Eskuineko eragile horiek ez gaituzte ikusten emakumeak subjektu politiko gisa. Haien ustez, hori ez da gure rola»
Sare sozialetako mezuak, protesta egiten dutenak barregarri uzteko ahaleginak, indarkeria sinbolikoa... garrantzitsuak dira protestak kriminalizatzeko?
Sareen bidez, eztabaidarik gabe eta argudio gutxi emanda, iruditeria bat sor daiteke gizartean, oso mingarri eta arriskutsua izan daitekeena. Ez dago eztabaida bat, aldeko eta kontrako argudioekin: gorroto hutsa hedatzea da xedea. Eta diskurtso horiek normalizatzen direnean, kriminalizazio digitaletik indarkeria fiskora urrats bat baino ez dago.
Zein izan daiteke horri aurre egiteko modua?
Argi dago jazarpen digital horren atzean estrategia zehatzak, enpresa asko eta dirutza handia daudela. Hor badago eztabaida bat: horri erantzutea izan behar dugu lehentasun? Horretarako gaitasunik ba al dugu?
Guk elkarte eta kolektibo askorekin hitz egin dugu, eta iritzi nagusia da zenbait gauzari erantzun egin behar zaiela, baina, estrategia bezala, askoz garrantzitsuagoak direla sareak eta kolektibitatea. Borroka indibidualak epe laburrekoak izan daitezke, eta ahultasun handiagoa dute; aldiz, sarean egindako borrokek babes handiagoa izango dute, eta eraginkorragoak izango dira. Guretzat, Erdialdeko Amerikako IM-Defensoras izeneko elkartea erreferentzia da, eta haiek babes integral feminista kontzeptua darabilte: elkartasuna eta zaintza kolektiboa dira haien estrategiaren oinarria.