Natxo Arnaiz. Boluntako zuzendaria

«Krisian jende gehiago dago laguntzeko prest, diotenez; ez dugu hori ikusten, ordea»

Bizkaian boluntario lana sustatzeko elkarte bat da Bolunta, eta hamar urte bete ditu. Ospakizuna egin zuten atzo. Arnaiz zuzendariak dio krisi garaian beharrak areagotu egin direla. «Eta erantzuna mugatua da».

MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Garikoitz Goikoetxea.
2012ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Hamargarren urteurreneko jaia ospatu zuen atzo arratsean Bolunta elkarteak. Bizkaian boluntariotza sustatzeko helburuarekin sortu zuten, 2002an. Elkarteei laguntza ematen diete Boluntan, eta herritarrei, parte hartzeko bideak jarri. Hamar urteotan eginiko lanarekin pozik mintzo da Natxo Arnaiz zuzendaria, baina onartu du hutsuneak badaudela oraindik. Besteak beste, gazteak nola erakarri boluntario lanera.

Hamar urte Bolunta ireki zenutela. Zertan da boluntariotzaren egoera?

Boluntariotzaren egoerak ez du egiten ez onera, ez txarrera. Egoera soziala nolakoa, herritarren parte hartzea halakoa izaten da. Boluntariotza ezin da inposatu; pertsonek edo taldeek beren ekimenez sortzen dute, behar bati erantzuteko. Parte hartzea ezin da neurtu gehiago-gutxiago edo hobea-kaskarragoa gisako adierazleen arabera. Gizartearen zati esanguratsu batek aurre egiten die gizarte beharrei, jardutea erabakitzen du. Parte hartze mailak bere horretan segitzen du, baina egia da intentsitatea jaisten ari dela: boluntariotzari denbora gutxiago eskaintzen zaio.

Erantzukizuna eta konpromisoa hartzea kostatu egiten zaio jendeari?

Bai. Gizarte honetan, bultzatzen dira boluntariotzaren esentziaren aurkako balio batzuk. Jendeari kostatu egiten zaio bizimodua konplikatzea; beti begira gaude gure lanari, familiari, zaletasunei... Guztien onerako aritzea eta arazo orokorrei buruzko kezka gure agendan sartzea kostatzen zaigu. Trantsizio garaian indartu zen hori: uste genuen batuta indarra egingo genuela eta guztiek parte hartzea ezinbestekoa zela. Geroko garapen ekonomiko eta sozialean, ahuldu egin da hori. Pentsatu dugu beharrizan guztiek administraziotik edo bide profesionaletatik dutela erantzuna. Mareak behera egin du orain, eta hasiko gara ikusten erantzukizun partekatu horren beharra.

Konpromiso falta hori arazoa da elkarteek aurrera segitu ahal izateko?

Elkarteen zauri nagusietako bat hori da. Gero eta jende gutxiago dago elkarteak bultzatzeko prest. Zailena hori da: jende konprometitua aurkitzea. Liderrak falta zaizkigu. Urtero desagertzen dira elkarteak, ez dagoelako belaunaldi berririk, erantzukizuna ez duelako inork hartu nahi. Espiritu hori berreskuratzea falta zaigu.

Krisiarekin aldatu da zerbait? Jendeak gehiago jo du boluntariotzara?

Ez. Esaten dute krisi garaian sentsibilitate handiagoa duela, jendea laguntzeko prest egoten dela arazo gehiago dagoelako. Teoria da hori. Praktikan, ez gara hori ikusten ari. Jendeak boluntariotzara arrazoi batengatik baino gehiagorengatik jotzen du; inoiz ez da bat izaten. Krisi garaia izatea edo lanik gabe egotea inoiz ez da aski arrazoi. Krisiak, berez, ez du eragin jende gehiago prest egotea.

Boluntario gehiago ez, beraz, baina boluntarioen behar handiagoa bai.

Elkarte asko itota daude. Beharrak gehitu egin dira, eta kasu egin beharreko pertsonak ere bai. Alarma jo dute, behar handia dutelako. Krisiaren aurretik ere baziren gaizki zeuden herritarrak; orain, izugarri handitzen ari da egoera horretan daudenen kopurua. Beharra bada gero eta gehiago, baina erantzuna mugatua da.

Herritarren %10 inguru dira boluntario Euskal Herrian. Europa iparraldeko herrialdeetan, %25etik gora.

Larritzekoak dira alderaketak. Gogoeta egin dugu, eta ondorio bat atera: datuek irizpide ezberdinak dituzte. Hemen ikuspegi murriztaileagoa dugu; herrialde horietan, irabazi asmorik gabeko elkarteren batean dagoen edonor hartzen dute boluntariotzat. Jende asko dago hemen boluntario aritu arren bere burua boluntariotzat hartzen ez duena. Egia da, nolanahi ere, Europa iparraldeko herrialde horietan kultura demokratiko handiagoa dutela, parte hartzeko kultura handiagoa.

Elkarte batzuek azaldua dute kezka, boluntario gazterik ez daukatelako.

Pertsonak falta dira, oro har. Baina egia da azken urteetan gero eta zaharragoak direla boluntarioak. Jende heldua dator gehiago elkarteetara, erretiroa osasunez ondo hartu duen jendea. Elkarteetako boluntario gehienak horiek dira. Gazteek hurbil jarraitzen dute, probatzen dute, baina parte hartze hori laburra izan ohi da. Proba egin bai, baina ikasketengatik, lanagatik edo beste afizio batzuk dauzkatelako, ez dute hartzen konpromiso gehiago. Erronka da parte hartzeko beste bide batzuk bilatzea, konpromiso gutxiagokoak. Ezin dugu joan eskakizun handiekin eta ordutegi zorrotzekin, gazteak atzerarazi egiten baititu horrek. Malgutasuna behar dugu gazteak erakartzeko.

Emakumezkoak dira boluntario gehienak oraindik ere?

Azken ikerketek ere hori berretsi dute, bai. Pertsonei kasu egiteko alorretan daude andrazkoak batez ere. Boluntarioen ia %70 dira gaur egun. Gizonak, berriz, kulturarekin eta kirolarekin lotutako jardunetan aritzen dira gehiago.

Gaur egun boluntarioek beren gain hartzen dituzten zenbait zerbitzu erakundeek eman behar lituzkete?

Gu sinetsita gaude boluntarioen lana ezinbestekoa eta ordezkaezina dela. Boluntario batek egiten duena ezin du egin erakunde batek edo enpresa batek; barrutik ateratzen baita boluntario izate hori. Argi daukagu, nolanahi ere, boluntarioek inoiz ezin dituztela beren gain hartu erakunde publikoen zereginak. Boluntarioek beti izango dute zer egin gizarte honetan, baina beti mugak errespetatuta. Zentzurik ez luke herritarren parte hartzerik ez egoteak baliabide asko edo erakunde onak daudelako. Itzalitako gizarte bat litzateke, hildako gizarte bat. Parte hartzea behar dugu, eta, hor, protagonista dira boluntarioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei. Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.