kristau eskola

Kristau Eskolako lan gatazka gaur amaituko dute, akordioa sinatuta

Lan ituna indarrean ipiniko dute, eta kendutako soldata zatia itzuliko diete langileei. Lau urteko gatazka izan dute. 12.000 behargini eragin die.

Kristau Eskolen greba eguna eta manifestazioa. Irudian, 'Lan baldintzak borrokatu!! Murrizketarik ez!!' lelopean egindako manifestazioa, iaz. MARISOL RAMIREZ, ARGAZKI PRESS
Garikoitz Goikoetxea.
2014ko urriaren 10a
14:54
Entzun

Luze jo du gatazkak, lau urte, baina gaur izango du azken eguna: ituna adostu dute Kristau Eskolan. Gaur sinatuko dute akordioa sindikatuek eta zuzendaritzak. Lan hitzarmena osorik berreskuratzea da akordioaren puntu nagusia, sindikatuek aurreratu dutenez; horrekin batera, soldatak gaurkotuko dizkiete langileei, eskolek zor dieten dirua ordaintzeko modua adostu baitute. 12.000 beharginek berreskuratuko dute, beraz, lan itunaren aterkia. Gatazkak 100.000 sendiri eragin die.

Posizio gogortuen ostean iritsi da adostasuna. Joan den ikasturtean erabat gaiztotu zen gatazka: negoziazioak puskatu egin ziren, hitzarmena hautsi zuen Kristau Eskolak lan erreformaren bidez, eta langileek protestak gogortu zituzten. Udan aritu dira hizketan, eta asteon jarri dira ados. Herenegun egin zuten bilera sindikatuek eta zuzendaritzak, eta bideratuta utzi zuten gaia. Langileen lorpena izan dela nabarmendu du ELAk —ordezkaritza handiena hark du—.

Orain lau urte, 2010eko urrian piztu zen gatazka, Eusko Jaurlaritzaren erabaki baten eraginez. Murrizketa garaian, Espainiako Gobernuak erabaki zuen langile publikoen soldata %5 jaistea. Erabaki hori bere egin zuen Jaurlaritzak, eta, areago, beste urrats bat ere bai: irakasle publikoei soldata jaitsi zietenez, itunpekoei berdin egitea erabaki zuen Isabel Zelaa sailburuak. Diru gutxiago eman zien horregatik itunpeko eskolei.

Langileen aldeko epaiak

Erabaki horrek zurrunbilo batean sartu zuen itunpeko hezkuntza. Auzitegira jo zuten sindikatuek, esanez itunpeko langileak ez direla publikoak, eta ez zegokiela soldata jaistea. Arrazoi eman zien epaileak. Nolanahi ere, Jaurlaritzak eutsi egin zion diru jaitsierari.

Ordainketak ezin zituela egin ohartarazi zuen Kristau Eskolak. Finean, berak sortu ez zuen arazo baten gatibu bilakatu zen: langileen soldatak jaisteko, diru gutxiago eman zion Jaurlaritzak, baina, aldi berean, auzitegiak galarazi egin zion hori egitea. Hala, diru publiko gutxiagorekin soldatei eutsi beharrean gertatu zen.

Langileek hasieratik izan dute auzitegien babesa: osorik kobratu behar zutela soldata. Lau urte pasatu dira zor hori daukatela. Areago, haien lan baldintzak gehiago txartu zituen Kristau Eskolak, lan ituna hautsita. Lan erreforma baliatu zuen. Epaileek langileen alde egin zuten orduan ere: ituna ezin zen hautsi erreformarekin ere, sinatuta utzi baitzuten hitzarmen berria egin arte zaharrari eustea.

Eusko Jaurlaritzaren zain

Lan gatazka bideratzearekin batera, auzitegien bidea alboratuko dute gaur Kristau Eskolak eta sindikatuek. Hitzarmenaren babesa izango dute langileek berriro ere —2008-09koa EAEko itunarena; berriro negoziatzen hasiko dira—, eta soldatak eguneratuko dituzte. Urteotan Kristau Eskolak pilatutako zorra kitatzeko sistema ere arautu dute akordioaren bitartez. Gainera, kaleratze kasuetan nola jokatu zehaztu dute: ikastetxe batean lanik gabe geratu direnekin lan poltsa osatuko dute, beste eskola batean kokatzeko. Gardentasuna areagotzea ere adostu dute.

Ikastoletan aurretik lortutako akordioari batu zaio eskola erlijiosoetakoa. Zeharka, Eusko Jaurlaritzaren gain geratu da pilota orain. Bi itunetan, finantzaketa publikoari lotutako gaiak ageri dira. Kristau Eskoletako akordioan dei egin diote Hezkuntza Sailari, egonkortasun eske. Aldaketak egitea aztertzen ari da Jaurlaritza, orain bi aste Cristina Uriarte sailburuak BERRIAn emandako elkarrizketa batean aurreratu zuenez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.