Kubara bidaltzeko oinarrizko produktuak bilduko dituzte EHKSk eta IASk

EHKSk 93 herritan egingo du bilketa, apirilaren 25ean, eta IASek, berriz, ehun hezkuntza zentrotan, apirilaren 13tik 24ra bitartean.

EHKSko, IASko eta Euskadi-Kuba elkarteko kideak Kubarako produktuak batzeko kanpaina aurkezten Bilbon. EHKS
EHKSko, IASko eta Euskadi-Kuba elkarteko kideak Kubarako produktuak batzeko kanpaina aurkezten Bilbon. EHKS
14789412 kepa
2026ko apirilaren 7a
13:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

AEBen blokeoa dela-eta kubatarrak «muturreko egoera» daudela salatu dute EHKS Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak, IAS Ikasle Antolakunde Sozialistak eta Euskadi-Kuba elkarteak. Egoera hori arintzen laguntzeko, oinarrizko produktuak bilduko dituzte, eta Karibeko herrialde hartara bidali: EHKSk Euskal Herriko 93 herritan egingo du bilketa, apirilaren 25ean; eta IASk, berriz, ehun hezkuntza zentrotan, apirilaren 13tik 24ra bitartean.

Kubara bidaltzeko oinarrizko produktuak bilduko dituzte EHKSk eta IASk, Euskadi-Kuba elkartearekin elkarlanean. Hiru eragileek nabarmendu dute «oso larria» dela Karibeko herrialde horren egoera: «Itzalaldiak eta erregai eskasia eguneroko ogi bilakatu dira, eta kalteak eragiten ari dira arlo guztietan; besteak beste, garraioan, elikagaiak eta ura eskuratzeko aukeran, osasungintzan eta hezkuntzan».

Hari berari tiraka, adierazi dute egoera hori AEBek «iraultzaz geroztik» Kubaren aurka izan duten «politika isolazionista eta kriminalen ondorioa» dela. Gainera, azken urteetan blokeoa «biziagotu» egin du Donald Trump AEBetako presidenteak, eta esku hartze militar bat egiteko arriskua ere handitu egin da, nabarmendu dutenez.

Oinarrizko produktuak

Egoera larri horri aurre egiteko, produktu jakin batzuk bilduko dituzte: material sanitarioa, higiene produktuak, garbiketarako tresnak, elikadura osagarriak eta elikagai ez-galkorrak, kirol materiala, eta ikasteko materiala.

Elikagai ez-galkorrei dagokienez, jaki ontziratuak eta bestelakoak behar dituztela esan dute: pasta, lekaleak, esne hautsa, fruitu lehorrak, olioa eta tomate brikak; betiere, 2027ko urtarriletik aurrera iraungiko badira. Osagarrien artean, berriz, bitaminak, mineralak (magnesioa, burdina eta kaltzioa), gantz azidoak (omega 3) eta probiotikoak behar dituzte.

«Itzalaldiak eta erregai eskasia eguneroko ogi bilakatu dira, eta arlo guztietan kalte egiten ari dira; besteak beste, garraioan, elikagaiak eta ura eskuratzeko aukeran, osasungintzan eta hezkuntzan»

EHKS, IAS eta Euskadi-Kuba

Material sanitarioari dagokionez, 2027ko ekainetik aurrera iraungiko diren medikamentuak, eta mota guztietako osasun produktu eta tresnak jasoko dituzte: besteak beste, tresna eta baliabide kirurgikoak (pintzak, guraizeak, bisturiak, papera eta hariak), eskularruak, eta preserbatiboak. Horrekin batera, higienerako konpresak, tanpoiak, toallatxoak eta pixoihalak —haurrentzat eta helduentzat— eskatu dituzte, eta garbiketa orokorrerako materiala ere bai. Horien artean, erratzak, zoru garbigailuak, oihalak, trapuak, espartzuak, biberoiak garbitzekoak eta abar.

Bestalde, kirola egiteko materiala ere bilduko dute: hain zuzen, baloiak, pilotak, erraketak, bizikletak eta ekipamendua (kamisetak, galtzamotzak, futboleko botak...). Eskolarako materiala ere jasoko dute: arkatzak, boligrafoak, koloretako margoak eta errotuladoreak, zorrozkailuak, guraizeak, koadernoak... Ez, ordea, testu libururik eta entziklopediarik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA