EUSKO LEGEBILTZARREKO POLITIKA OROKORREKO EZTABAIDA

Kudeaketa ekonomikoa kritikatu du oposizio guztiak

Egitura fiskalari buruzko eztabaida udal hauteskundeak igaro arte atzeratzea erabaki du Jaurlaritzak

Ivan Santamaria.
Gasteiz
2010eko irailaren 24a
00:00
Entzun
Abiapuntu ezberdinak, baina ondorio bera. Patxi Lopez lehendakariak irudikatu zuen egoera ekonomikoa baikorregia izan zela epaitzerakoan bat etorri ziren oposizioko alderdi guztiak. Krisi ekonomikoaren aurkako kudeaketa ere kritikatu zuten taldeetako eledunek.

Hazkunde ekonomikoari buruzko datua eskuan, krisia gainditutzat jo zuen orain dela pare bat aste Carlos Agirre Ogasun sailburuak. Iritzi hori zehazten saiatu zen atzo Lopez bera. «Krisia gainditzen hasi garela esan dut, ez krisia gainditu dugunik».

Goizeko hitzaldian azken datu makroekonomikoak baliatu zituen lehendakariak, ekonomiaren egoera hobetu dela argudiatzeko. Azken hilabeteotan, gainera, enplegu garbia sortzen ari dela ziurtatu zuen. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan dauden langabeen kopurua -130.000 lagun- ez zuen aipatu, eta datua gogoraraziko zioten taldeek euren txandan. Besteak beste, PPko presidenteak, Antonio Basagoitik.

Etorkizunera begirako ekimen gutxi aurreratu zituen Lopezek. Egitura fiskalari buruzko eztabaida bat abiatzeko ideia plazaratu zuen berriro, baina udal eta foru hauteskundeak igaro arte atzeratzea erabaki du.

Aurrekontuei dagokienez, enpresa publikoen gastu korrontea %20 jaitsiko dela agindu zuen. Horrekin batera, 2011n gobernuaren gastu korrontea orekatzeko zorra ez dela beharko aurreratu zuen, baina aurrekontuko beste atalak finantzatzeko zorpetzea erabiliko duen ez zuen argitu.

Ezta PP ere alde

PSE-EEko gobernuaren jarduera ekonomikoak ez zuen egun duen aliatu nagusiaren -PPren- babesa ere jaso. «Oker zabiltzate krisia igaro dela eta lana eginda dagoela diozuenean», Basagoitiren irudiko. Sozialistek zergak igotzearen alde egindako adierazpenak ere kritikatu zituen.

EAJk, berriz, zorpetzearen hazkundea kezkagarritzat jo zuen. Aralarrek ere Jaurlaritza arlo ekonomikoan «nora ezean» dagoela salatu zuen. Antzeko argudioak erabili zituen EAk, eta bilkurara neurri zehatz eta eraginkorrak ez eramatea leporatu zion.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.