«Kudeaketa onarekin» eta «zuhurtziaz», erronka berrietarako prest da BERRIA Taldea

BERRIA Taldeak akziodunen batzarra egin du. Komunitatearen eta hura handitzearen garrantzia nabarmendu dute, «proiektua hedatzen eta lantaldea egonkortzen eta zaintzen jarraitu ahal izateko». Beste hiru kide sartu dira administrazio kontseiluan.

BERRIA Taldearen administrazio kontseilua, gaur goizean, Andoainen. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
BERRIA Taldearen administrazio kontseilua, gaur goizean, Andoainen. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
Andoain
2026ko ekainaren 6a
13:53
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Ekimen hau ez da soilik egunkari bat egitea egunero. Kolektibo oso bat, komunitate edo herri oso bat hauspotzen dugu, zirimolan jartzen dugu. Bizi dadin. Bizi gaitezen». Horixe da Berria Taldea, taldearen lehendakari Jose Luis Aizpuruaren hitzetan. Eta gaur goizean BERRIA Taldearen jardunaz, 2025eko balantze ekonomikoaz eta etorkizuneko erronkez aritu dira akziodunen urteroko batzarrean, Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean (Gipuzkoa). Hauxe laburpena, hitz gutxitan: BERRIA Taldeak «kudeaketa ona» egin du, eta erronka berrietarako prest da, baina egoera ekonomikoak eta sozialak «zuhur» jokatzea eskatzen dute.

Lehenengoz Aizpuruak berak eta Elene Barandiaranek gidatu dute batzarra, iaz izendatu baitzituzten BERRIA Taldearen lehendakari eta kontseilari ordezkari, hurrenez hurren. Barandiaranek BERRIAren 2025eko argazkia egin du, datuetan. «Komunitatea da gure indargune nagusia». Azaldu duenez, 15.355 lagunek osatzen dute BERRIAren komunitatea, aurreko urtean baino %2 gutxiagok. Dena den, 2025ean «pixka bat igo da» papereko irakurleen kopurua, eta, webgunean ere, 2025eko datuak 2024koak baino «pixka bat hobeak» izan dira. Esaterako, erabiltzaileak %2,9 ugaritu ziren, eta BERRIAren webguneak 173.078 erabiltzaile izan zituen hilero batez beste; podcastek, berriz, 2024an baino entzunaldi gutxiago izan zituzten. Halere, garrantzitsua iruditzen zaie podcasten lerroa «egonkortzen eta berritzen» jarraitzea, atxikimendua duten entzule fidelak ere erakartzen dituztelako.

Amagoia Mujika BERRIAren zuzendariak datuak edukietara eta BERRIAren eguneroko jardunera ekarri ditu. Adierazi du Donald Trump AEBetako presidenteak eta Palestinak markatutako urtea izan dela, eta bata bestearen atzetik zerrendatu ditu BERRIAk 2025ean ondutako lan bereziak: kazetari bat Alemaniako hauteskundeetara bidali izana, Francoren heriotzaren 50. urteurrenaren harira egindako seriea, Txiki eta Otaegiren fusilamenduagatik egindako ikus-entzunezkoa...

Aizpurua eta Barandiaran azalpenak ematen, gaur goizean, Andoainen. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Aizpurua eta Barandiaran azalpenak ematen, gaur goizean, Andoainen. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Manex Txopeitia finantza arduradunak urteko kontuen berri eman du, eta Barandiaranek egin du horien laburpena. Haren esanetan, BERRIA Taldeak 2025a ondo amaitu du, baina «urte zaila» izan da, besteak beste, publizitatean: aurreikusitakoaren «oso azpitik» ibili ziren irailera arte, nahiz eta urtea amaitzerako horri buelta ematea lortu; salmentetan eta zerbitzuetan, berriz, aurreikusitakoaren paretsu ibili dira. Laguntzei dagokienez, Eusko Jaurlaritzarekin sinatutako hitzarmen berriak «lasaitasuna» ekarri duela aitortu du Barandiaranek, baina, igoerarik gabeko diru laguntza izaki, ohartarazi du balitekeela bi urte barru egoera ekonomikoa «zailtzea». Komunitatea ere goretsi du: «Garai zailak badira ere, komunikabideen funtzioa eta BERRIAren eginkizuna behar-beharrezkoak direla uste dugu. Gure lanarekin zorrotzak izan behar dugu; proiektua hedatzen eta lantaldea egonkortzen eta zaintzen jarraitu nahi dugu; horretarako, komunitatea handitu behar dugu, eta laguntza jaso, negozioa bideragarria egiteko eta inbertsioak egiteko».

Bide bertsutik mintzatu da Aizpurua ere. Goretsi du «kudeaketa ona» egin dela, eta tauletan kolore berdea dela nagusi. Alta: «Zuhurtzia da gure leloa. Zuhurtzia, prentsaren eta orokorrean hedabide tradizionalen krisia berebizikoa delako». Eta Eusko Jaurlaritzarekin sinatutako itunak «lasaitasuna» emanagatik ere, berretsi du bi urte barru egoera ekonomikoa «zaildu» egingo dela beharbada. Halere, erronka berrietarako prest ikusten du BERRIA Taldea: «Erronkarako prestatuak gaude; zailduak gaude, belar motzean haziak gara. Desafioak maite ditugu. Euskalgintzaren Kontseiluak beste 300.000 euskaldun oso nahi baditu ondoko hamar urteetarako, guk gure komunitatea loditu nahi eta behar dugu. Hori da gakoa proiektu hau, amets hau, bideragarria izan dadin».

Hiru kide berri

Administrazio Kontseiluan aldaketak egiteko ere probestu dute batzarra. Haizpea Abrisketak, Iñaki Lazkanok eta Karmele Artetxeak postua utzi dute, eta Aizpuruak eskerrak eman dizkie egindako lanagatik. Andere Arriolabengoak, Unai Atutxak eta Ibai Agirrebarrenak hartu dute kardua. Horientzat ere esker oneko hitzak izan ditu, «musu truk» arituko baitira.

ADMINISTRAZIO KONTSEILUKO KIDEAK

  • Jose Luis Aizpurua. Lehendakaria. 
  • Elene Barandiaran. Kontseilari idazkaria.
  • Andere Arriolabengoa.
  • Irati Azkue.
  • Unai Atutxa.
  • Nagore Ipiña.
  • Jon Olano.
  • Ibai Agirrebarrena.
  • Izaskun Etxeberria.
  • Martxelo Otamendi.
  • Eider del Canto
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE