Kukutzakoen abokatuek diote ez dela «benetako frogarik» egon

Epaiaren zain geratu da auzia.Fiskaltzak frogatutzat jo du auzipetuak taldean aritu zirela, eta desordenak egozteko baliatu du hori

Atzoko saioan, defentsaren eta fiskaltzaren 38 lekukoek deklaratu zuten. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Ibai Maruri Bilbao - Pello A. Zuazo
Bilbo
2015eko irailaren 17a
00:00
Entzun
Bilboko Errekalde auzoko Kukutza gaztetxea eraitsi zuten eguneko istiluetan atxiloturiko hemeretzi lagunen aurkako auzia epaiaren zain geratu da. Atzo bukatu zen epaiketa, Bilboko Zigor arloko hirugarren epaitegian. Fiskaltzak eta defentsako bederatzi abokatuek eskatutako lekukoek deklaratu zuten, zortzi ordu pasatxo iraun zuen saioan. Orotara, 40 lagun zeuden deituta; tartean, polizia operazio hartan parte hartu zuten ertzainek deklaratu zuten, hau da, auzipetuak atxilotu zituztenek. Amaierako ondorioetan, zigor eskaerak berretsi zituen fiskalak, akusatuei istiluak sortu izana egotzita. Defentsako abokatuek, ordea, frogarik aurkeztu ez izana salatu zuten.

2011ko irailaren 23ko istiluetan parte hartze aktiboa izatea leporatu diete auzipetuei. Lekukotza eman zuten ertzain guztiek azpimarratu zuten aktibotasun hori. «Taldean aktiboena izan zelako» esanez argudiatu zuten akusatuen atzetik jo izana atxilotzeko. Eta defentsari susmagarri egin zitzaion denek berba berberak errepikatu izana. Hala esateko ikasi zituztela iradoki zuen.

Hemeretzi auzipetuei desordena publikoa egotzi diete. Fiskaltzak hemezortzi eta 30 hilabete arteko espetxe zigorra eskatu du bakoitzarentzat. Biri beste delitu bat ere leporatu diete: erresistentzia. Erruduntzat joz gero, bi horientzat beste zortzi hilabeteko zigorra ekarriko luke.

Bukaerako ondorioetan, fiskaltzak frogatutzat jo ditu auzipetuei egotzitako delituak. «Erabateko sinesgarritasuna» aitortu die ertzainen adierazpenei, nahiz eta «kontraesan batzuk» egon direla onartu. Batzuek eta besteek emandako datuek zenbaitetan ez dute bat egin, eta, tarteka, instrukzio fasean deklaratutakoaren kontrakoa esan dute. Fiskalaren ustetan, «normala da, denbora asko igaro delako». Defentsako abokatuek ekarritakoei, ostera, zilegitasuna kendu zien, auzipetuen lagun eta ezagunak direlako.

Fiskalaren arabera, ez dago zalantzarik: «Lekukoek eta istiluen berri eman zuten komunikabideek frogatu dute desordena publikoa izan zela». Espainiako Zigor Kodearen arabera, delitu hori egozteko, baldintza batzuk bete behar ditu epaituko den ekintzak. Nagusia taldean jokatu izana da. Fiskalak hala izan zela uste du: hemeretzi auzipetuak antolatutako talde bateko partaide direla, nahiz eta elkar ezagutu ez. Haren arabera, talde horren helburua Kukutza botatzea eragoztea zatekeen. Eta ertzainek ere iritzi berbera plazaratu zuten. «Epaitzen ari garen ekintzen egiletza modu zabalean ulertu behar dugu. Taldeko kideetako bakoitza taldeak egindakoaren erantzule da», azaldu zuen fiskalak.

Erori zirenak, atxilotuta

Defentsako abokatuek erabat ukatu dute akusatuak talde antolatu bateko kide direnik. «Kargetatik ihesi erori zirenak eta lokaletan babestu zirenak atxilotu zituen Ertzaintzak». Haien esanetan, halako ekintzetan modu aktiboan parte hartzen dutenak ez dira erortzen, «tentsioaren ondorioz erne egoten direlako». Begira edo modu pasiboan babesa agertzen egoten direnak, berriz, «zailtasun handiagoak izaten dituzte ihes egiteko, erreakzionatzeko denbora gehiago behar dutelako». Iruditzen zaie auzipetuak bigarren talde horretakoak direla. Fiskala, ostera, ez da bat etorri: «Erori zirenean atxilotu zituzten, baina ez horregatik. Atxiloketaren motiboa ekintza izan zen. Eta erori izanak edo beste irteerarik ez duten lokal eta atarietan sartu izanak atxilotzea erraztu zuen».

Defentsako abokatu guztiek salatu zutenez, akusazioak ez du «benetako frogarik» aurkeztu; ertzainen deklarazioak soilik. «Ez da sinestekoa Bilbon egundo egondako protesta handienen irudi edo bideorik aurkeztu ez izana froga modura». Eurek eroan nahi zituztenak ez dizkietela onartu ere salatu zuten. Istiluek sortutako kalteak ordaintzeko erantzukizun zibila ere bidegabetzat jo zuten, Bilboko Udalak berak ez duelako eskatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.