Kutxabankek etxea uztea beste aukerarik ez duela ematen salatu dute

Finantza erakundeek Eusko Jaurlaritzaren bitartekaritza zerbitzua oztopatzen dutela esan du Stop Desahuciosek

Stop Desahucios taldeetako kideak, atzo, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / ARP.
Erredakzioa
Donostia
2012ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak duela bi hilabete martxan jarritako bitartekaritza zerbitzua baloratu dute Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Stop Desahucios taldeek. Guztiaren gainetik, Kutxabank erakunde finantzarioak zerbitzuaren funtzionamendua oztopatu duela salatu dute: «Kutxabankek etxea uztea beste aukerarik ez du ematen».

Eusko Jaurlaritzak zerbitzua abian jarri du, mailegu betearazpena beteta edo betetzear duten pertsonei laguntzeko; pertsona horien eta finantza erakundeen artean zubi lana egitea du xede. Martxan jarri eta bi hilabetera, elkarteek zerbitzua baloratu dute.

Lehenik, «eskerrak» eman dizkiete zerbitzu horretan lan egiten duten langileei; haien «profesionaltasuna» eta «jarrera ona» nabarmendu dituzte. Kaltetuekin zubi lanak egin behar dituzten finantza erakundeen inguruan, berriz, hasierako kezkak egi bihurtu direla adierazi dute. Bitartekariek erakunde horietara igortzen dituzten proposamenek ez dutela ezertarako balio salatu dute.

Kutxabank nabarmendu dute Stop Desahucios taldeek, gainontzeko finantza erakundeen gainetik. Erakunde horren jarduera kritikatu du: «EAEko maileguen %50 baino gehiago dituen erakundearen jarrera ozen salatu nahi dugu, bitartekaritza zerbitzua eskuratzeko orduan kaltetuei informazioa eskuratzen utzi ez dietelako». Elkartearen hitzetan, Kutxabankek ez du bere hitza bete: «Kaltetua bere etxetik botatzeko prozedura judizialak eteteko edo ez hasteko hitza eman zuen, baldin eta etxearen jabeak bitartekaritza zerbitzua lortzen bazuen, baina ez du agindutakoa bete».

Legebiltzarrera, iritzi eske

Kutxabanken jardueraren inguruan, Eusko Legebiltzarrari iritzia eskatuko diola adierazi dute Stop Desahucios taldeek. Horrez gain, legebiltzarrari proposatuko diote dekretu bat «egungo egoera sozioekonomikora» doitzeko. Dekretuak alokairu soziala eta etxea ordainetan ematea bezalako soluzioak onartzen ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.