Toponimia

‘La Negresse’ izena, auzitan

Miarritzeko geltokiko auzoari euskal izena kendu eta izen arrazista atxiki izana G7 garaian salatzen saiatzeagatik, auzitan iraganen da esklabotzaz oroitzeko elkarte bateko kidea

Miarritzeko aireportuko biribilguneko bide seinalea, 'La Negresse' izenarekin. IñAKI ETXELEKU
Iñaki Etxeleku.
2019ko abenduaren 2a
14:28
Entzun

Urtarrilaren 23an, Baionako auzitegiko epaileen aitzinean iraganen da Bordeleko Memoires et Partages elkartearen sortzailea, G7koen goi bileraren bezperan Biarritzeko La Negresse auzo izen arrazistaren salatzeko elkarretaratze bat egiten saiatu zelakoan. XIX. mendean Napoleonen soldaduek auzo horretako ostatu batean ari zen emazte beltz bati jarri izena da La Negresse. Gehiago dena, lehenago, eta arras berriki arte oraino, euskal toponimoz izendatzen zen auzoa. Hector Iglesias ikerlariak, 2000. urtean aurkeztu zuen tesi lanean, Baiona, Angelu eta Biarritzeko leku izenak xehe-xehe ikertu zituen. Argiki erakutsi zuen nola Biarritzeko geltokiaren inguruko auzo hori Harausta, Harrausta, Heustarre edo Eguastarre deitzen zuten euskaldunek, baita dokumentuek ere. Heustarre izena, Arbona, Bidarte, hots tokiko euskaldunek, oraino baliatzen zuten komunzki XX. mendearen hondarrean.

Herri heziketa elkartea da Memoires et Partages (Oroimenak eta Partekatzeak). Beltzen trafikoaz eta esklabotzaz oroitzeko lana darama Bordelen, Arroxelan eta Naoneden. Badu zenbait urte Biarritzeko La Negresse auzoaren izenaren berri baduela, eta G7koen bilkura mentura gisa ikusi zuen informazio lan baten egiteko izen horrek duen zama arrazistari buruz. Goi bilkura baino bi egun lehenago, agorrilaren 22an, elkarretaratze xume eta baketsu baten egitea zuten ideia Biarritzeko geltoki aitzinean. Ez zen nahi zuten bezala joan, Polizia zalu jin baitzitzaien gainera, eta Karfa Sira Diallo, elkartearen sortzailea, bortizki arrastatu zuten. 24 orenez atxiki zuten galdeketa pean, eta auzitan iraganen da urtarrilean, “jazarraldiagatik”.

Atxiloketaren zuzengabekeria salatzeaz gain, Biarritzeko auzoaren izena auzitan ezartzeko parada horretaz baliatu nahi du Karfa Sira Diallok. Agorrilean gertatu zaiena kontatu du: «Bagenekien segurtasunaren inguruko tentsioa izanen zela Biarritz inguruan. Horregatik ginen gailurra baino lehen etorri, segurtasun histeria oro ekiditeko. Trenez heldu ginen elkarteko bost kide; oren bat eta erdiz egotekoak ginen gehienaz, gibelerateko txartela hartua baikenuen». Geltokia hautatu zuten toki sinboliko gisa, auzoan bertan delako eta Herriko Etxeak oraino La Negresseko geltokia deitzen duelako bere seinaleetan. SNCF konpainiak izen hori kendua diolarik. «Eskuorriak banatzen hasi ginen, eta hitza baliatzen gure soinu tresna ttipiarekin. Ez du laurden bat iraun, biziki-biziki fite etorri baita Frantziako Polizia, larderia bortitzean. Paperak eskatu zizkiguten, mikroa eskutik kendu, eta indarkeriaz hiru poliziak barnera eraman ninduten, geltoki kaira. Hara eta, lurrera bota ninduten, lau polizia nituen bizkar gainean eta eskuburdinaz eskuak estekatu zizkidaten. Erori aitzin kolpe bat eman zidaten”. 24 orenez atxiki zuten Baionako polizia etxean galdekatzeko, eta hor zuen jakin bi poliziak auzitan ezarri zutela, baizik eta atxilotzean “jazarri” zitzaiela.

Karfa Sira Diallok, alta, ez ditu baitezpada poliziak begitan. Dio haiek ere estatuak jarri presio baten meneko direla. Aitortu du, halere, arrastatzeko moldeak ondorio larriagorik izan zezakeela. “Bihotz ahula izan banu, anitzek jada pairatu bezala, atxiloketa momentuan han berean leher egiten ahal nuen”.

Auzia, bozgorailu

Baionan bere kontra egitekoa duten auziaz baliatuko da Karfa Sira Diallo La Negresse eta antzeko izenek gordetzen duten zapalkuntzaren esplikatzeko. “Jende anitzentzat zaila da onartzea auzo izen hori ezin onetsia, ahalkegarria dela; historia kriminala erakusten duela. Baina gure helburua ez da biarriztarrei leporatzea beren gain hartzerik ez duten iraganeko ardura bat”.

Biarriztarrek hobenik ez dutela, baina herriko etxeak, haatik, bere hautua egin zuen Bernard Marie auzapez zelarik. “Larria dena da herriko etxeak zuela erabaki 1986an Harrausta euskal izenaren kentzea, La Negresse izena atxikitzeko. Zuzengabea da euskal kultura eta hizkuntzaren aldera —hizkuntza krimen bat da kasik, mendeetako euskal izena kendu baitzaio hola—, eta hautatu dute beste izen bat, alimale edo basa mailara azpiratu nahi den komunitate baten izendatzeko erabiltzen zutena. Parekatu daitezke bi zuzengabekeriak”.

Auzian, tokiko herritarrei gaiari lotzeko deia egin nahi die, nolabait. “Galdeginen diegu horri ohartuak zaizkien Biarritzeko eta inguruko jendeei zerbait egin dezaten fermuki laido publiko hori geldi dadin”. Karfa Sira Diallok ez du baitezpada galdegiten La Negresse izena kendua izan dadin —horretarainoko nahikaririk ez bada— baina Harrausta-rekin batean erabilia izan dadin; eta funtsezko baldintza batekin: izenaren jatorria esplikatzea. Beraz, izengoiti arrazista jarri zioten emaztearen historia kontatzea, seinale handiak ezarriz hiri guzian, denek ikusteko gisan. “Emazte horrek bizi izan zuen oinazea ezagutzeko; ez baitzuen hautatu Biarritzen izatea, ez baitzuen hautatu prostituta izatea, ez baitzuen hautatu haitiarra izatea. Emazte horren historia kontatzeko, eta Biarritz arrazakeriaren kontra dela errateko”. Oroitarazi behar baita, Napoleonen soldaduek ziotela ezizen laidoztagarria eman auzo horretako ostatu batean ari zen emazteari.

Euskal izenarekin La Negresse atxikitzea, honela arrazoitu du: “Frantziak nazien eta kolaboratzaileen izenak kendu zituen karrika izenetarik. Ez du horrek ekidin eskuin muturrak %25 egitea. Ez da errautsa tapizpean gordez arazoa konpontzen. Eremu publikoa, pedagogia eremua da, denek zeharkatzen duguna”.

Arazoa da Biarritzeko Herriko Etxeak ez duela elkartearekin bildu nahi. “Agorrila baino lehenago, behin baino gehiagotan idatzi genion, eta ez dugu sekula erantzunik ukan. Duela zenbait aste etorri ginen hitzordu baten galdegiteko, baina ez digute ihardetsi. Idazkariak erran digu auzapezak ez zuela astirik. Herriko etxeak ez du gaiaz mintzatu nahi”.

Borotra, Abeberri, berdin

Erran bezala, hiriko bide seinaleetan La Negresse erabiltzen du oraino herriko etxeak. Gehiago dena, izan zen azken eztabaida saiakeran laster baztertu zuen. Galery Gourret Houssein alderdi sozialistako oposizioko hautetsi egon zen 2008tik 2014ra, Didier Borotra auzapez zelarik. Zuzenki galdegin zion zerbait egin zezan auzoaren izen arrazista aldatzeko. Borotrak erran zion auzoetako batzorde ordezkariak bilduko zituela gaiaz zer zioten jakiteko. Gourret Houssein: “Zenbait hilabete berantago, Jakes Abeberriri erranarazi zion kontseiluko bilkura batean, hain zuzen, auzo batzordeetako presidenteak bildu zituela eta aho batez erabaki zutela izena zen bezala uztea”. Baina hara, Gourret Housseinek inkesta eraman zuen, eta ohartu ez zela egia. Bere auzoko presidenteak aitortu zion sekula ez zirela bildu gaia aipatzeko.

Bizkitartean, 2013ko otsaileko hiri aldizkarian agertu zen hiri erdiko batzordean aipatu zutela gaia, eta batzorde buru zen Philippe Morelen erranak ekarriak dira hartara. Dio La Negresse izena “hiriaren historiaren herentzia” dela; erridikulua dela izen hori kentzea “arrazakeriaren kontrako lanaren desbideratzea” baita. Argumentu nahasiagoak ere erabili zituen: «Ikusiz broyer du noir, les dix petits negres, la negresse blonde, les negresses vertes izenak, edota tête de negre esapideak “kultura frantsesak berezkoak dituela, hiri erdiko batzordea izen aldatzearen kontra da». Philippe Morel jaunak farmazia bat badu geltoki ondoan La Negresse izenekoa.

Urtarrilaren 23ko bere kontrako auzi bezperan, Karfa Sira Diallo Biarritzeko Versant antzokian izanen da mintzatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.