Koronabirusaren krisia La Sante Parisko kartzelan ere ari dira bizitzen, preso batzuen eta espetxe arduradunen artean iskanbila sortzeraino, baina aferak ez dio eragin han dagoen euskal preso bakarrari: Josu Urrutikoetxeari. Gaur arratsaldean telefonoz bi aldiz deitu dio Egoitz semeari, eta adierazi ondo dagoela eta espetxeko beste modulu batean izan dela liskarra, Egoitz UrrutikoetxeK BERRIAri azaldu dionez.
Astearte arratsaldean, COVID-19aren egoeragatik kezka azalduta —zabaldu da La Santeko erizain batek eta preso batzuek gaitza dutela—, preso batzuek uko egin zioten kartzelako ataritik ziegara igotzeari. Espetxe arduradunek beste modulu batera eramatea agindu zuten, eta, han, presoen eta funtzionarioen arteko iskanbila gertatu zen.
Josu Urrutikoetxeak bere semeari esan dio aferagatik tentsio handia bizi dutela La Santen, eta, ondorioz, ziegatik atarira ateratzen baino ez dietela uzten, goizez eta arratsaldez. Bestelako jarduerak egitea eragotzi egin diete.
Iazko maiatzetik daukate Urrutikoetxea La Santen, Frantziako Poliziak Alpeetako herri batean atzeman ondoren. Irailean prostata ebakuntza bat egin zioten Parisko erietxe batean. 69 urte dauzka.
La Santeko zuzendaritzarekin bilera, gutunen blokeoaz
Parisko kartzela horrek euskal presoari duela bi astetik gutunak blokeatuak dizkio berriz ere —egunkariak soilik jasotzen ditu—, eta gaur bertako zuzendaritzarekin bildu da Urrutikoetxea. Presoaren arabera, agindu diote bihar konponduko dutela kontiua.
Koronabirusagatik Frantziako Estatuan dauden presoen bisitak kendu egin ditu Parisek. Neurri bera hartua du Madrilek.
Bestalde, atzo jakin zen Frantziako Auzitegi Korrekzionalak atzeratu egin duela Urrutikoetxearen aurkako epaiketa bat. 2011-2013an Osloko elkarrizketa mahaian ETAren ordezkaritzako kide izatea egotzi ziotela-eta, atzorako hitzordua zeukan euskal presoak, Parisen, auziko kontu tekniko batzuk eztabaidatzeko, baina epaimahaiak erabaki zuen epaiketa uztailaren 8ra gibelatzea. Defentsa abokatuei aurrez abisatu zieten.
Josu Urrutikoetxearen auziari buruzko bilduma.
Lannemezango euskal presoen eskaera
Ion Parot, Frederic Haranburu eta Jakes Esnal euskal presoek apirillaren 4an beteko dituzte 30 urte kartzelan Frantzian, eta Lannemezango (Okzitania) kartzelan dauden eiuskal presoek idatzi baten bidez Emmanuel Macron Frantziako presidenteari eta Nicole Belloubet Justizia ministroari eskatu diete onar dezatela hiru haien aldeko konmutazioa, aske gera daitezen.
Bake Bideak atzo iragarri zuen apirilaren 8ko mobilizazio eguna atzeratu egin duela koronabirusaren epidemiagatik. 30 mobilizazio zituen deituta, Esnal, Ion Parot, Haranburu eta Unai Paroten —hau Espainian dago preso— egoera salatzeko.