«Euskal langileok Euskal Herrian euskaraz lan egiteko eta bizitzeko dugun eskubidearen aurkako oldarraldirik ez dugu onartuko, lanerako dugun eskubidea eta gure herrian euskaraz bizitzeko duguna ez baitira kontrajarriak, osagarriak baizik». Irmo mintzatu dira LAB eta ELA sindikatuak gaur goizean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren atarian egindako elkarretaratzean —bi sindikatu horiek dute gehiengoa langile batzordean—; Euskalgintzaren Kontseiluak ere babestu du deialdia. Hain zuzen, horrela salatu dute euskara eskakizunen aurkako azken epaia, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak berriki ebatzi baitu euskaraz jakitea ez dela ezinbesteko baldintza Gipuzkoako Foru Aldundiko hogei zaintzaile lanpostu egonkortzeko prozesuan. «Jakin badakigu pankarta ateratzea ez dela nahikoa, baina beharrezkoa dela azpimarratu nahi dugu, ezinbestekoa baita euskararen eta euskal komunitatearen aurkako eraso guztiak salatzea».
Bi sindikatuek ohar bidez gaitzetsi dute uda aurreko bide bera jorratzen ari direla epaitegiak: «Epaileek oporrak bukatu dituzte, eta euskararen aurkako oldarraldia abian da berriro». Ohartarazi dute euskararen normalizazioaren aurkako horrelako erabakiek badituztela ondorioak: euskaldunei «kalte» egiten dietela, «euskaraz normal bizitzeko aukerari» oztopoak jartzen dizkiotela, eta, horrela, Euskal Herria euskalduna izateko helburua betetzea «ezinezko» bihurtzen dutela. «Erabaki horiek, beraz, euskaldunon komunitatearen aurkako erabaki zuzenak dira, argi eta garbi». Are: «Herri gisa erabat kolonizatu nahi gaituzte. Euskararen eta euskal kulturaren ikuspegitik begiratuta, gertatzen ari dena desastre bat da. Larrialdi egoeran sartu gaituzte».
Hain zuzen ere, bi sindikatuek euskaraz lan egiteko eta bizitzeko eskubidea defendatu dute: «Euskararen normalizazioa euskal langile mugimenduaren lanabesa da. Euskaraz biziko den Euskal Herriko administrazio publikoak euskaraz funtzionatu behar du, euskaraz ez dakiten herritarren hizkuntza hautua errespetatuz beti eta nonahi».
«Euskaraz biziko den Euskal Herriko administrazio publikoak euskaraz funtzionatu behar du»
LAB eta ELA
Ardura hartzeko eskea
Horiek horrela, biek ala biek ordezkari politikoei eskatu diete har dezatela ardura: «Dei egiten diogu euskal klase politikoari horrelako oldarraldirik ez izateko bideak eta akordio politikoak jorra ditzan, horretarako legea egokituz, Euskara Legea aldatuz». Uste dute eginkizun horretan «funtsezko betekizuna» dutela indar eta sindikatu abertzaleek ere.
Eta gaurkoaren gisako protestak beharrezkotzat jo dituzte. Baina: «Euskaraz bizitzea erabaki duen euskal komunitatearen aurkako oldarraldia orokortzen ari den honetan, EAEko gehiengo politiko abertzalea ez da gai egoerari aurre egiteko. Eta hori oso larria da. Manifestaldietara joatea eta elkarretaratzeetan parte hartzea ondo dago, baina ez da nahikoa».
«Euskal jendarteari» ere mintzatu zaizkio; besteak beste, herritarrei eskatu diete euskaraz bizitzeko hautua egiteko eta euskara nonahi «harrotasunez» erabiltzeko. Eta beren-beregi langileei ere bai: «Dei egiten diegu euskal langileei euskararen aldeko borroka bere egin dezaten eta lan mundua euskalduntzeko prozesuan indar erabakitzailea bihur daitezen». Izan ere: «Guk Euskal Herrian euskaraz lan egin eta bizi nahi dugu, Euskal Herri euskalduna euskaraz eraikiz eta euskaratik abiatuz». Eta erantzutea nahi dute: «Justizia injustuaren aurka, desobedientzia da bidea».