LAB sindikatuak ekitaldi nazionala eta mobilizazioa egingo ditu Martxoaren 3aren urteurrenean

Sindikatuak iragarri du zenbait ekitaldi prestatu dituela sarraskiaren 50. urteurrena oroitzeko, tartean solasaldi ziklo bat eta erakusketa bat. Langile borrokaren memoria gorde eta hedatzeko Zabaltzen dokumentazio zentroa ere sortu du.

LABeko ordezkariak, Martxoaren 3ko biktimekin eta haien ondorengoekin, 50. urteurreneko ekitaldiak aurkezteko agerraldian. RAUL BOGAJO / FOKU
LABeko ordezkariak, Martxoaren 3ko biktimekin eta haien ondorengoekin, 50. urteurreneko ekitaldiak aurkezteko agerraldian. RAUL BOGAJO / FOKU
Peru Amorrortu Barrenetxea
Gasteiz
2026ko urtarrilaren 22a
12:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Atzo Ernai gazte erakundeak aurkeztu zuen 1976ko martxoaren 3ko sarraskia oroitzeko dinamika, eta gaur, berriz, LAB sindikatuak eman du egun hori gogoratzeko ekitaldi sorta baten berri. Ekitaldiak otsailaren 5ean hasiko dira, egun horretan hitzaldi sail bat egingo baitute. Gainera, otsailetik apirilera bitarte, sindikatuak orduko gertakariei buruzko erakusketa bat jarriko du ikusgai Gasteizen duen egoitzan. Horretaz gain, aurtengo martxoaren 3rako ekitaldi nazionala eta mobilizazioa antolatu dituzte.

Dena aldatu nahi genuen, dena aldatu nahi dugu lelopean, LAB sindikatuko Miriam Diaz de Tuestak eta Igor Arroyok nabarmendu dute 1976ko martxoaren 3ko langileen borroka eta gaur egungo euskal langileena «zuzenean lotuta» daudela. Haien hitzetan, 1976an Zaramagako elizan bildu ziren langileak «lan eta bizi baldintza duinen alde» ari ziren borrokan, egungo langileak bezala. Lotura hori azpimarratzeko, Martxoaren 3ko biktimez eta lekukoez eta haien ondorengoez inguraturik egin dute agerraldia.

Arroyok nabarmendu du urte luzez LABeko militanteak izan direla «egiaren, justiziaren eta erreparazioaren aldeko aldarriari eutsi diotenak», eta, aitortza instituzionala iritsi baino lehen, haiek iraunarazi dutela bizirik sarraskiaren inguruko memoria. Halaber, haien lana eta langile borrokaren nondik norakoak oroitzeko, Zabaltzen dokumentazio zentroa abiarazi du LABek.

«Egitarau oparoa»

Diaz de Tuestak azaldu du sindikatuak «egitarau oparoa» prestatu duela. Hasteko, otsailaren 5etik maiatzaren 14ra bitarte, hitzaldi sorta bat izango da. Orotara lau egingo dituzte, eta etxebizitza, industria, egoera soziopolitikoa eta sindikalismo feminista hartuko dituzte hizpide. Horrez gain, Gasteizko egoitza berriro irekitakoan —eraberritzen ari baitira—, erakusketa bat jarriko dute han. Diaz de Tuestaren esanetan, erakusketak «Martxoaren 3ko gertakariak eta haien ondorengoak» erakutsiko ditu «LABen begirada grafikotik», eta otsailetik apirilera bitarte egongo da ikusgai.

Azkenik, urtemugaren egunean «ekitaldi nazionala eta mobilizazioa» egingo dituztela ere iragarri du Diaz de Tuestak. Aurtengo Martxoaren 3a «memoria eta etorkizuneko erronkak lotzeko mugarria» izango da, haien aburuz. Ekitaldi nazional hori Gasteizko Europa jauregian egingo dute, eta adierazi borroka sindikala duela 50 urte bezain beharrezkoa dela gaur egun ere.

Zabaltzen dokumentazio zentroa

Arroyok egungo eta lehengo borroken arteko loturak nabarmendu ditu. Gainera, azpimarratu du sindikatua konprometituta dagoela memoria historikoarekin eta langile borroka intersekzionalarekin, eta gogorarazi euskal langileriak «zanpaketa nazionala, soziala eta patriarkala gainditzeko anbizioari eutsi» diola, aldaketak aldaketa. Aldi berean, gaineratu du «oso garrantzizkoa» dela langile mugimenduaren memoria historikoa bizirik iraunaraztea: «Gure oroimena galtzea bestelako etorkizun bat irudikatzeko aukera galtzea da».

Hortaz, memoria hori gordetzen eta zabaltzen laguntzeko, Zabaltzen izeneko dokumentazio zentroa sortu dute. Arroyok azaldu duenez, duela bi urte hasi zituzten zentroa sortzeko lanak, sindikatuaren 50. urteurrenaren harira. Kontatu du azken urte hauetan hala Martxoaren 3ko gertakariei nola LABen eta langile mugimenduaren historiari buruzko testigantzak, dokumentuak eta bestelakoak bildu eta katalogatu dituztela. Zentroaren bitartez, LABen artxiboetan eta bestelako gordailuetan dauden dokumentu historikoak katalogatu dituzte. Arroyok jakinarazi du zentroa jada erabilgarri dagoela ikerlarientzat, eta zenbait egitasmo dituztela esku artean, aurrerago zentroa ezagutarazteko; besteak beste, webgune bat sortzekotan dira.

jaurlaritzak MARTXOAREN 3KO GERTAKARIAK azaltzen dITuen liburu bat eman die Espainiako errege-erreginei

Erakundeak eta sindikatuak ez dira izan, ordea, Martxoaren 3ari keinu bat egin nahi izan dioten eragile bakarrak. Aitzitik, Espainiako errege-erreginei Gasteizko gertakari hura oroitarazteko bide bat aurkitu dute Javier Hurtado Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak, Maria Jesus San Jose Justiziako eta Giza Eskubideetako sailburuak, eta Maider Etxebarria Gasteizko alkateak: Fitur turismo azoka. Errege-erreginak han zirela aprobetxatuta, La ciudad donde nunca pasa nada. Vitoria, 3 de marzo de 1976 (Inoiz ezer gertatzen ez den hiria. Gasteiz, 1976ko martxoaren 3a) liburuaren ale bat eman diete. 

Liburu horretan kontatzen da Poliziak zer egin zuen 1976ko martxoaren 3an Gasteizen: bost langile hil eta beste ehun grebalari baino gehiago zauritu zituela. Eusko Jaurlaritzaren eta Gasteizko Udalaren irudiko, «demokraziarekiko, giza eskubideekiko, eta memoria historikoarekiko duten konpromisoaren» erakusgarri da liburu hori eman izana, «orain arte inor kondenatu ez duten gertakari baten 50. urteurrenean egina, gainera». 

Hurtadok, bestalde, ekinaldi kulturalen garrantzia azpimarratzeko tartea hartu du, eta adierazi, hain justu, ekitaldi horiek «ikuspegi zorrotz bat» ematen dutela historiaren gaineko hausnarketak egin ahal izateko. Eta ez hori bakarrik, sinistuta dago halako liburuek «Euskadiren irudia aldatzen» laguntzen dutela. Alegia, «erakusten dute helmuga hauek erakargarri turistikoak baino zerbait gehiago eskaintzen dutela». Carlos Carnicerok ondutakoa da liburua, eta, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez, biktimen eta senideen elkarteak egindako adierazpenak ditu hizpide.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.