1976ko martxoaren 3ko sarraskiak 50 urte beteko ditu aurten, eta asko dira gertakari horiek oroitzeko ekitaldiak antolatu dituzten talde eta erakundeak. Gaurkoan, Ernai gazte antolakundea izan da. Ekinez egina, memoria eta borroka izeneko dinamika plazaratu dute. Dinamika horren barnean, Martxoaren 3ko gertakariei buruzko hitzaldi sorta bat emango dute Euskal Herriko hainbat tokitan.
Horretaz gain, Gasteizen egindako prentsaurrekoan, Amaiur Egurrolak eta Ane Sautuak, erakundeko bozeramaileek, dei egin dute aurtengo Martxoaren 3an Ikama ikasleen sindikatuak Gasteizen antolatuko duen mobilizaziora batzeko. Mobilizazioaren ondoren, biktimen omenezko monolitoan lore eskaintza egingo dute, eta eguerdian, «ehunka gazte independentista» batzeko asmoa duen bazkaria. Eguneko programa urtero egun horretarako antolatzen duten mobilizazioarekin amaitzea aurreikusten dute.
Gaurko eta atzoko borroka, berbera
Egurrolak eta Sautuak azpimarratu dute duela 50 urteko Martxoaren 3ko langileen eta «gaur egungo gazte independentisten» borrokak «bat eta berbera» direla. Dinamika horren bidez, Ernaik erakutsi nahi du «Txiki eta Otaegi hil zituzten bala berdinek» erail zituztela Gasteizko langileak, eta Gasteizko gertakariak ez zirela «ekintza bakan bat» izan, «sistema eta erregimen zapaltzaile oso baten isla» baizik.
Gaur egungo eta duela mende erdiko borrokak lotzeaz gain, egungo Espainiako Estatua eta garai hartako erregimen frankista parekatu dituzte, eta adierazi dute borrokak ez duela etenik izango «Euskal Herri aske, sozialista eta feminista lortu arte». Antolakundeak «memoriaren eta langile borrokaren aldeko apustua» egiten duela ere nabarmendu dute, eta Egurrolak azaldu du ekitaldi sortaren helburua dela memoria historikoa Euskal Herriko gazteen artean zabaltzea, jendea «Martxoaren 3ko gertakariak bere sentitzera» animatzeko.